Zazpi dira gaur Iruñean atxilotu dituzten lagunak iazko sanferminetako txupinazoan istiluak egitea leporatuta. Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, Arrotxapea auzokoak dira gazte horietako bi, Medillorrikoa beste bat, eta Alde Zaharreko bat ere badago atxilotuen artean. Mikel Iribarren ere atxilotuen artean dagoela zabaldu du agerkariak —Espainiako Poliziak 1991n lesio larriak eragin zizkion, eta Madril zigortu zuen Estrasburgok haren kasuagatik—. Espainiako Poliziaren Txintxilla kaleko komisaldegian eduki dituzte goizean zehar. Beren abokatuen aurrean deklaratu ostean, zortziak kalean dira dagoeneko.
Txupinazoaren aurretik izan ziren gertakariak, uztailaren 6an. Gazte talde bat plazan sartzen saiatu zen, ikurrinak, euskal presoen aldeko ikurrak eta Altsasuko gazteen askatasuna eskatzekoak gainean zituztela. Plazan zeuden batzuen eta gazte horien artean sortu zen iskanbila.
Sortu: "Zeini egiten die mesede?"
Atxiloketen atzean "erregimena" dagoela ohartarazi du Sortuk: "Zeini egiten die mesede? Erantzuna begi bistakoa da. Iruñeko eta Nafarroako aldaketa prozesuaren gurpilean makilak sartu nahi dituzten sektore horiei. Nafarroa foral eta espainolaren alderdiei. Bizikidetza zaildu nahi duen ultraeskuin zaharkituari". Interes horien aurka, Sortuk ziurtatu du "herritar sektoreen ondoan" jarraituko duela, "auzolanean, Nafarroa libre eta burujabe batekin amets egiten duten guztiekin".