Joseba Asiron Iruñeko alkateak Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi duenez, atzo gauera arte indarkeria matxistako lau kasu salatu zituzten. Guztiak ukituengatik. Beste urteekin alderatuta, aurtengo joera hobea dela uste du Asironek: «Espero dugu horrela jarraitzea; batez ere, asteburuari dagokionez». Europa Pressek jakinarazi duenez, azken orduetan beste bi kasu salatu dituzte. Guztira zazpi pertsona atxilotu dituzte indarkeria matxista leporatuta. «Ez gara pozik egongo erasoak desagertzen ez diren bitartean», azpimarratzen du agintariak.
Bestalde, igandetik 782 salaketa ipini dituzte guztira, eta horietatik 526 lapurretei dagozkie. 95 pertsona atxilotu dituzte. Orokorrean, delituak murriztu egin dira.
Nafarroako SOS Deiek egunean 2.248 dei jaso dituzte, eta horiek ere behera egin dute, beste urte batzuen aldean. 223 kasuk anbulantziaren beharra izan dute. 25 zauritu izan dira entzierroetan.
Asironen erabakiak
Iruñeko alkateak adierazi du entzierroak oraingoz «lasai» doazela. Adarkatu batzuk izan diren arren, gaineratu du ez direla izan «garrantzi handikoak». «Egia da momentu latzak izan direla, baina hori entzierroen ezaugarri bat da», esan du.
Entzierroetan jendea murrizteko neurriei dagokienez, mugak jartzea «sanferminen filosofiaren aurka» doala argudiatu du: «Festa hauek herriak sortu zituen, eta instituzioei behar diren gauzak ahalbidetzea dagokigu».
Era berean, adierazi du udalak ezin duela esku hartu turismo tasaren, Billabesa autobus zerbitzuen grebaren edo peñen eztabaidan, eta hori beste eragile batzuei dagokiela.