Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri dio 62 urteko gizon bati, 13 urteko mutil bati sexu eraso bat egiteagatik Donostiako Bidebieta auzoko kiroldegian. Zigortuak onartu du eraso egin ziola mutilari, gaur egin duten atariko auzi saioan, eta zigorrari buruzko akordioa lortu dute.
Fiskaltzak hamalau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina gaur zigortuak erasoa onartu du, eta fiskaltzak bi aringarri aplikatu dizkio: batetik, egindakoa aitortzea; bestetik, egindako kaltea konpontzea —epaiketaren aurretik 15.000 euro ordaindu zituen biktimari eragindako kalteak konpentsatzeko—. Akusazio partikularrak, mutilaren familiak, bat egin du zigorrari buruzko akordioarekin.
Zigortuak, kartzelatik ateratakoan, zortzi urtez egon beharko du zaintzapean, eta ezingo da harremanetan jarri mutilarekin. Ezta hamar urtean adingabeekin zerikusirik duen lanik egin ere.
Fiskaltzaren arabera, iazko apirileko arratsalde batean, zigortutako gizona eta mutila Bidebietako kiroldegiko dutxetan zeudela, mutila deseroso sentitu zen, gizonak begiratzen zion moduagatik. Aldagelan, gizona zain egon zen, mutila eta bera bakarrik geratu arte, eta gero masturbatu egin zen mutilaren aurrean. Hura ikustean, mutila korrika eta presaka jantzi zen eta aldagelatik komunera ihes egin zuen. Gizonak jarraitu egin zion, eta objektu zorrotz batekin mehatxatu zuen. Mutilarekin sartu zen komunera. Komuneko atea itxi zuen eta sexu erasoa egin zion. Erasoa eten egin zuen komunetara beste pertsona bat sartu zenean.
Mutilaren familiak salaketa jarri zuen Ertzaintzan. Poliziak gertatua ikertu zuen, segurtasun kameren irudiak aztertu zituen eta ertzainak jarri zituen zaintza lanetan. Bidebietako erasoa gertatu eta egun batzuetara, gizona atxilotu zuten: Altzako kiroldegiaren inguruan aurkitu zuten, eta atxilotu behar zutenean ihes egiten saiatu zen.