Nafarroako Auzitegiak zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio gizon bati, emakumezko bikotekideari heriotza mehatxuak egiteagatik eta haren alaba adingabeari sexu erasoak egiteagatik. Biktimengandik urruntzeko agindua ere ezarri diote gizonari, baita biei kalte ordaina pagatzekoa ere; dena den, erantzukizun zibilagatik ordainketaren parte bat egin zuenez maiatzean, kaltearen erreparazioaren aringarria ezarri diote.
43 urte ditu gizonak. Epaiak frogatutzat jo du 2022an sexu eraso bat egin ziola alabaordeari —neskatoak 13 urte zituela—, eta 2024an beste bat: bietan ukituak egin zizkion, eta bigarrenean adingabearen aurrean masturbatu zen. Erasoon ondorioz, biktimak antsietatearekin eta depresioarekin lotutako arazoak ditu, eta horrek bakartzeko joera eragin dio. Lau urte eta erdiko zigorra jarri diote delitu horiengatik.
Gizonarengandik banatzea erabaki zuen emakumeak, eta orduan egin zion mehatxu erasotzaileak: «buruan tiro bat jo» ahal zioten pertsonak ezagutzen zituela esan zion.

