Zenbat moteldu dezakete botikek alzheimerra?

Alzheimerra mantsotzeko botikak badira egun, baina Frantziako eta Espainiako gobernuek ez dute biderik ireki horiek osasun sare publikoetan finantzatzeko. Gaiari neurria hartze aldera, lagungarria da jakitea zein den medikamentu horien onura egiaztatua.

Alzheimerra diagnostikatzeko irudien azterketa, artxiboko irudi batean. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Alzheimerra diagnostikatzeko irudien azterketa, artxiboko irudi batean. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EMA Europako Medikamentuen Agentziaren onespena dute biek: Kinsulak —donanemab da printzipio aktiboaren izena— eta Leqembik —lecanemab izenekoa da printzipio aktiboa—. Alzheimerraren tratamenduaren gainean esperantza izpi bat piztu dute bi botikek, egiaztatuta baitago biek gaixotasunaren eboluzioa moteltzen dutela. Ez beti. Ez edonola. Ondo hautatu behar dira beti botika hartuko duten pazienteak, eraginkorra baita gaitzaren lehen faseetan, hau da, oraindik ere narriadura kognitibo arina edo dementzia arina besterik eragiten ez duenean. Tratamendua zenbat eta lehenago abiatu, hobe; mesedea handiagoa da narriadura kognitibo arinean dementzia arinean baino.

Helburua da, hain justu ere, lehen aldi hori luzatzea, hor oraindik erabatekoa izaten baita gaixoen autonomia eguneroko bizimodurako edo ia interferentziarik gabea bakarrik bizitzen jarraitzeko. AEB Ameriketako Estatu Batuetan baimendu zituzten aurrena medikamentuok, EMAk ondoren eman zien onespena, baina botika horien preskripzioa ez dute ezarri EB Europako Batasuneko osasun sistema publiko gehienek; ondorioz, oro har, osasun sistema pribatuek bakarrik preskriba ditzakete.

Auzi etiko zaila zabaldu du ezezkoak, eta aldaketarako eskabideak badira. Baina baiezkoa emateko zailtasunak ere aski agerikoak dira, tratamendu oso garestiak baitira, eta botika horiek jartzeko, gainera, egun baino baliabide gehiago behar baitituzte osasun sistemek. Izan ere, erietxeetan jarri beharreko medikamentuak dira. Eta prezioari neurria hartze aldera, horra adibide bat: urte eta erdiko tratamenduarengatik eta jarraipen klinikoarengatik 55.000 euro inguru ordaindu behar dira Alemanian.

Ezezkoa eman dutenen artean daude Espainia eta Frantziako Osasun Ministerioak: biek mugatu dute medikamentuen preskripzioa osasun sistema pribatura. Baina badira jarduteko bestelako moduak proposatu dituzten administrazioak: Alemanian eta Austrian, adibidez, botika hauek erabilgarri daude osasun sistema publikoetan. Behin-behineko era batean baimendu dituzte, eta medikamentu horiek hartzeko hautagai egokitzat hartzen diren pazienteei soilik jartzen dizkiete. Gero, gainera, azterketa bat egingo dute ikusteko bizitza errealean zer mesede kliniko dakarten tratamendu horiek, eta azterketa horien emaitzen arabera erabakiko dute medikamentuen finantzaketa publikoarekin aurrerantzean nola jarraitu. Mundu zabalean ere, oso herrialde gutxik txertatu dituzte botika horiek preskripzio sistema publikoan osorik: Japonia da salbuespenetako bat.

Sei hilabete

Egungo atakak sortu dituen galderen uberan, eztabaidari neurria hartze aldera, garrantzitsua da jakitea zer onura duten egiaztatua egun botika horiek. Onura «apalak» direla esaten ari dira hainbat osasun agintari, eta finantzaketari ezezkoa zergatik ematen ari zaizkion argudiatzeko heldulekuetako bat horixe da, hain justu ere. 

Merkatuan dauden medikamentu berriek orain arte inoiz ikusi gabeko emaitzak dituzte; horiei buruz galdezka hasiak dira hainbat paziente kontsultetan, eta gaiaren garrantzia ezin da ukatu. Izan ere, orain arte egindako entsegu klinikoen arabera, botikak hartuta sei hilabete inguru irabaz dakizkioke gaixotasunaren garapen klinikoari. Bizitza errealean botikek ematen dituzten emaitzak agertuz joango dira gero, eta, hainbat adituren arabera, horietan onura hori areagotu egin liteke.  

 

botikak

  • Leqembi.

     Zainetik jartzen den botika mota bat da, bi astean behin eman beharrekoa. Alzheimerraren gaitza ondo ezagutzen duten profesionalek gainbegiratu behar dute beti tratamendua, eta kendu egin behar dute gaixotasunak aurrera egin eta narriadura kognitiboak dementzia arina izateari utzi eta larriagotzen denean. EMAk, botikaren onura egiaztatzeko, datu hauek ditu jasoak, ikerketa batean oinarrituta: gaitzaren lehen fasean zeuden 1.795 paziente ikertu zituzten, eta hemezortzi hilabeteren ostean gaitzaren eboluzioaren larritasuna neurtzeko erabiltzen den CDR-SB eskalarekin aztertu zituzten, eta horra emaitza: eskala horretan galera txikiagoa izan zuten botika hartu zutenek hartu ez zutenek baino. 1.22 puntuko galera izan zuten botika hartuta; 1.76koa, berriz, plazeboa hartuta. 

    Botika guztien moduan, honek ere baditu nahi gabeko ondorioak, eta, esaterako, odola mehetzeko koagulazioaren aurkako botikak hartzen dituzten pazienteei Leqembi ematea ez du baimentzen EMAk, horrek eragin diezazkiekeen arazoekin arduratuta. Burmuinean odol isuriak izan dituztenei ere ez zaie harrarazi behar botika. 

  • Kinsula.

     Zainetik jartzen da botika hau ere, lau astean behin. Hemezortzi hilabetean baino gehiagoan ezin da jarri, eta Alzheimerren gaitza ondo ezagutzen duten profesionalek gainbegiratu behar dute kasu honetan ere tratamendua beti. Zer onura daude egiaztatuta? Horra EMAk jasoa duen froga: gaitzaren lehen fasean zeuden 1.736 gaixorekin ikerketa bat egin zen, eta eboluzioa aztertzeko iADRS eskalan ikusi zen botika hartu zutenek eskala horretan 11 puntu egin zutela behera, eta plazeboa hartu zutenek, berriz, hamahiru. 

    Nahi gabeko ondorioak direla eta, Leqembiren kasuan emandako irizpideen tankerakoak eman ditu EMAk Kinsula preskribatzeko ere: odola mehetzeko koagulazioaren aurkako sendagaiak hartzen dituzten pazienteei ematea ez du baimentzen, eta ezta burmuinean odol isuriren bat izan dutenei ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA