Ekintzaile feminista eta lesbiana

Flora Partenio: «Zerbitzu publikoen desinbertsioa bizitzaren kontrako eraso irmoa da»

Argentinako emakumeen zorpetzea eta etxeko diruaren kudeaketa ikertu ditu Flora Partenio ekintzaile feministak. Salatu du Mileiren gobernuak soldatapeko zaintza lanak egiten dituzten emakumeen sektoreari egin diola eraso gehien.

MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Non dago dirua?». Galdera hori du ahoan etengabe Flora Partenio ekintzaile feminista eta lesbianak (Buenos Aires, 1977). Izan ere, itaun horrek bultzatu zuen finantza merkatuak pertsonen egunerokoan duen eragina aztertzera. Partenio Argentinako zenbait unibertsitate publikotako irakaslea eta ikerlaria da, eta ekonomia eta lan mundua ikuspegi feministatik aztertzen ditu. Ekainaren hasieran etorri zen Bilbora, EHUk eta Ekonomia Kritikoaren Elkarteak antolatu zituzten XX. Ekonomia Kritikoaren Jardunaldietara. «Kapitalak bizitzari erasotzeko» dituen moduez eta zaintza lanen finantzaketaz aritu zen jardunaldien lehendabiziko mahai inguruan. 

Emakumeen zorpetzearen inguruan ikerketa sakona egin duzue Argentinan. 

2010. urtetik aurrera, bereziki pandemia ostean, gure taldean ikerketa lerro bat abiatu genuen, emakumeek etxeetan egin zituzten diru trukeen ingurukoak aztertzeko. Diruaren mugimenduak ikertzean ohartu ginen etxeak, familiak eta zaintza sostengatzen diren modua problematizatu beharra zegoela. Herrialde mailako ikerketa bat abiatu genuen: Zaintzeko zorpetzea. Ikerketa horretan aztertu zen hirietako eta landa eremuko etxeetan dirua nola kudeatzen den, eta ondorioztatu genuen diru hori zaintzara, zentzu zabalean, bideratzen dela. 

Zer erakutsi zizuen egindako ikerlanak?

Diruarekin egiten diren malabarismoak erakutsi zizkigun, baina baita erabaki horietako askok zorpetzea eragiten dutela ere. Pandemia osoa iraun zuen azterketa lanak, eta ikerketa kualitatibo eta kuantitatiboa egin genituen. Analisi kuantitatiboak azaleratu zuen familia zorpetuenak guraso bakarrekoak direla, eta familia horiek zaintza gainkarga dutela; hau da, pertsona bakar baten zaintzapean umeak, nerabeak, helduak edo ezgaitasunen bat duten pertsonak dituztela. Gainera, orokorrean, emakumeen kargu dauden etxeak izaten dira. Ezaugarri horiek dituzten familiak dira finantzari dagokionez zaurgarrienak. Hots, diru truke eta finantza zirkuitu informaletan oinarritzen da etxea sostengatzen duen egitura. 

Zer ondorio ditu etxeko beharrak diruztatzeko finantza zirkuitu informaletara jotzeak?

Pertsona horiei dirua ematen dietenak ez dira banku pribatuak edo mailegatzaile ofizialak, familiako kideak edo saltokietako dendariak baizik. Baina, badaude egoera arriskutsuagoan dauden pertsonak ere, asko baitira narkotrafikatzaileei maileguak eskatu behar dizkietenak. Analisi kuantitatiboak datu horiek eman zizkigun, baina ez zien galdera guztiei erantzun. Orduan ikerketa kualitatiboari ekin genion. Horrek eraman gaitu genero rolei buruz hitz egitera. Emakumeek pairatzen dituzte zorpetzearen ondorioak. Gu ez gara zorpetzearen arazoaz hitz egin dugun bakarrak, ekonomia feministak eta Hegoalde Globaleko feminismoek ere horixe seinalatu baitute, herrialdeen kanpo zorraren eztandaren harira. Zein da herrialdeen zor publikoaren eta etxebizitzetako zorpetzearen arteko harremana? Hor lan garrantzitsua dugu egiteko. 

«Badaude egoera arriskutsuagoan dauden pertsonak ere, asko baitira narkotrafikatzaileei maileguak eskatu behar dizkietenak»

Zaintza lanetan aritzen diren soldatapeko langileei ere eragiten die zorpetzeak.  

Zaintza lan ordainduak egiten dituzten langileen %97 emakumeak dira, feminizazio handia dago alor horretan. Gainera, oso sektore informala da, langile klaseko behargin prekarizatuek osatzen dutena. Horien artean etorkinak gutxi dira Argentinan, zaintza lan gehienak emakume argentinarrek egiten dituztelako. Aurreko gobernuak etxeko langileak erregistratzea sustatzeko proiektu bat abiatu zuen, pizgarri fiskalak eskainiz kontratatzaileei. Registradas zuen izena. Programa horri esker, kotizatzeko eta soldata jasotzeko banku kontu bat lortzeko aukera zuten langileek. 

Javier Milei Argentinako presidenteak, ordea, bertan behera utzi du egitasmo hori. 

Egungo gobernuak gehien eraso dien sektoreetako bat da etxeko langileena. Programa hori ezabatu egin dute, eta, ondorioz, langile informalen kopurua handitu egin da. Etxeko langileen sektorean zorpetzea nolakoa den aztertzean, datu oso interesgarri bat agertu zitzaigun: erregistratutako langileak erregistratu gabekoen neurri berean zeuden zorpetuta, baina zorpetzearen ezaugarriak desberdinak ziren. Erregistro horretan zeudenek banku kontua, txartelak eta kreditu tresna formalak zituzten. Hau da, kreditu bat hartzeko baldintza hobeak zituzten eskura. Aldiz, beste langileek zirkuitu informalera jo behar izaten zuten. Horri aurre egiteko, elkar sostengatzeko sareak eraiki zituzten. Esate baterako, egoera informal eta prekarioan zeudenek lan formalizatua zuten lankideei txartela eskatzen zieten; eta hilero, pilatutako zorrak kitatzeko garaian, bakoitzak zegokion zatia ematen zion txartela utzi zion lagunari.

Etxeko langileez gain, ba al dago zorpetzearen eragina jasaten duen beste sektorerik?

Erizainen sektorean ere antzematen da. Pandemian egin genuen ikerketak agerian utzi zuen osasun sektoreko langileak ere zorpetu egin zirela. Eta ez zuten dirua eskatu inbertsioak egiteko, edo etxe edo auto bat erosteko, baizik eta janaria edo umeek eskolarako behar dituzten gailu elektronikoak erosteko eta argia, gasa eta halako zerbitzuak ordaintzeko. Horrek erakusten du zerbitzu publikoetan eta hirietako oinarrizko azpiegituran gutxiago inbertitzen denean oinarrizko beharrak ase ahal izateko zorrak handitu egiten direla. Umeak bainatu ahal izateko eta kozinatzeko erabiltzen duten ura ordaintzeko ere zorpetu behar dute.

«Kapitalak badu bizitzari min egiteko beste modu bat: osasun sexualari, ugalketa eskubideei eta genero zientziari erasotzea. Gaur egun, transak, lesbianak eta ez-binarioak dira eraso horren jomuga»

Kapitalak bizitzari erasotzen diola aipatu duzu. Non antzematen da hori?

Zerbitzu publikoen desinbertsioa bizitzaren kontrako eraso irmoa eta irekia da. Horrez gainera, bizitzaren aurkako erasoa da kapitalak bere finantzaketa dinamikak sakontzea; alegia, jendea bizi ahal izateko gero eta mailegu gehiago eskatu behar izatea. Lan erreforma atzerakoiak onartzea ere bada eraso bat. Argentinan, gaur egungo lan erreformak bizitza guztiz desantolatu du. Langileek ezin dute negoziatu oporrak noiz hartu nahi dituzten ere. Hau da, erreforma atzerakoiek ez diete soilik lan baldintzei eragiten: denboraren, zaintzaren eta antolakuntza sindikalaren kontrako erasoa dira.

Bizitzaren kontrako oldarraldi horrek nori eragiten dio bereziki?

Kapitalak badu bizitzari min egiteko beste modu bat: osasun sexualari, ugalketa eskubideei eta genero zientziari erasotzea. Argi dago gaur egun transak, lesbianak eta ez-binarioak direla eraso horren jomuga. GIB eta hiesa tratatzeko programak hasi ziren ixten lehen-lehenik; eta horrek lotura du dirua oposiziora zuzentzearekin: eskuin muturreko taldeek gero eta diru gehiago dute eskubideen kontra aritzeko. Negozio handi bat da, eta hor jarri behar dugu begirada: dirua nora doan galdetu behar dugu. 

Egoera honi aurre egiteko zeintzuk dira giza eskubideen aldeko mugimenduek egin behar dituzten urratsak?

Ezinbestekoa da ezusteko aliantzak sortzeko gizartearen ehuna berreraikitzea. Orain, inoiz baino gehiago, orain arte elkartzeko izan dugun modua birpentsatu behar dugu, eta, agian, onartu behar dugu batzuetan ez dugula denean bat egingo, baina hiru edo lau puntutan ados bagaude, batera eraiki dezakegula. Bestelako egoeretan daudenak entzuten ikasi behar dugu, krisiak ere jotzen dituelako. Mobilizatzeak ere badu garrantzia, hunkitzen eta pizten gaituelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA