Zerbitzu publikoetan euskaraz jarduteko eskubidea aldarrikatu dute LAB, ELA eta Steilas sindikatuek

Elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren parean, eta «gaztelaniak dituen eskubide berberak» galdegin dituzte euskararentzat.

ELA, LAB eta Steilas gaur, Iruñean, hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ELA, LAB eta Steilas gaur, Iruñean, hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko abenduaren 16a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren parean, bi eskubide aldarrikatzeko: batetik, administrazioko langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea; eta bestetik, herritarrek zerbitzu publiko oro euskaraz jasotzeko dutena. Funtsean, «gaztelaniak dituen eskubide berberak» galdegin dituzte euskararentzat. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez zioen pankarta baten atzean elkartu dira hiru sindikatuotako 50 bat kide, eta «zerbitzu publikoak euskaraz», «hemen gaude euskararen alde» eta «hemen lan egin, hemen erabaki» leloak abestu dituzte legebiltzarraren aurrealdean, besteak beste.

«Administrazioak bermatu beharreko eskubideak dira euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea», esan du Xabier Ugartemendiak, LABen zerbitzu publikoen ataleko arduradunak. «Zoritxarrez, Nafarroako administrazioak ez ditu bermatzen eskubide horiek. Gainera, alderdi eta sindikatu euskarafoboak eskubide horiek murrizteko ahaleginetan ari dira behin eta berriro». LABeko ordezkariaren irudiko, hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen euskara ofiziala den eremuan, «eta are gutxiago zonifikazioaren araberako eremu misto eta ez-euskaldun deitutakoetan». Areago, sindikatu euskaltzaleek uste dute zonifikazioa eta 1986ko Euskararen Foru Legea bera «euskara zokoratzeko asmoz» ezarri zirela: «Estatu afera da Nafarroan euskara lurralde osora ez zabaltzea eta haren hedapena gelditzea».

Euskararen hedapena trabatzeko bide horretan, justizia «ezinbesteko tresna» izan da, LAB, ELA eta Steilas sindikatuen ustez: «Euskalduntzea oztopatzen dute epai euskarafobo eta ulergaitzen bitartez», salatu du Ugartemendiak: «Lanpostu publikoetarako lehiatzeko, euskara baztertu egiten da, baina atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; lanean euskaraz aritzeko eskubidea urratuta dago erabat; lan deialdietako proba gehienak gazteleraz egitera derrigortzen dute jendea, eta euskaraz egin ahal izatea ukatu; zerbitzu publiko askotan, herritarrei ez zaie bermatzen euskaraz artatuak izatea; euskarazko hezkuntza herrialde osora zabaltzea oztopatzen eta mugatzen du gobernuak, eskubide hori legez onartua dagoen arren...».

Zonifikazioa bukatzeko deia

ELA sindikatuaren izenean, berriz, Josune Guerrak hartu du hitza, zerbitzu publikoen arloko ordezkariak. Hark ere hizpide izan du hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judiziala, eta esan du euskararen aurkako epaiei aurre egiteko ezinbestekoa dela «euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenen eskubideak aitortzea»: «Hasteko, zonifikazioa bukatu behar da. Gaur egun, posta kodearen araberako hizkuntza eskubideak daude, eta horrek bigarren mailako herritarrak sortzen ditu».

Espainiako eta Nafarroako agintarien kontraesanak ere agerian utzi ditu Guerrak, euskararen ofizialtasuna galdegin baitute Europako Batasunean, baina ez Nafarroan bertan. «Hortaz, ezin ulertuzkoa da euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba jartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea». Nafarroako Gobernuak aurten indarrean jarritako merezimenduen dekretua aipatu du horren adibidetzat: «Oraingo gobernuak aukera ematen du ingelesa, frantsesa eta alemana baloratzeko, baina euskara baloratzeko aukera ezabatu. Diskriminazio horren kontrako auzi batean irabazi egin zuen ELAk orain aste gutxi, Steilasekin batera aurkeztutako helegite baten ondorioz».

Egoera aldatzeko xedez, zenbait eskaera egin dituzte LABek, ELAk eta Steilasek: besteak beste, administrazio publikoan euskaraz eta gaztelaniaz jakiteko betebeharrak parekatzea; administrazioa erabat euskalduntzeko plangintzak adostea; erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzea; hizkuntza eskakizunik ez dagoen postuetan euskaraz jakitea gutxienez merezimendu gisa baloratzea; enpresa pribatuetan eta administrazioarentzat lan egiten dutenetan euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea; eta euskararen inguruko beste foru lege bat onartzea, besteak beste.

Sindikatuek iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela, eta datozen deialdiak gogorarazi dituzte: bihar Gasteizen eginen dute elkarretaratzea, eta abenduaren 27rako, berriz, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldira bertaratzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.