Pazienteen autonomia

«Zergatik? Sufrimendua kentzeko»

Alboko esklerosi amiotrofikoak jota, gaitzak zedarritu du haren bizitza urteotan: gero eta meharrago. Bidean, aurretiazko borondateen agiri bat egitea erabaki du Santiago Fuentesek.

Santiago Fuentes Ibañez, bere etxean, uztailean egindako argazki batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Gasteiz
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Morfina dosi bat eskatu du elkarrizketa hasi aurretik.«Bestela, ezingo nintzateke zurekin mintzatu». Etxeko egongelan etzanda, mugitu ezinik, azalpena eman du Santiago Fuentes Ibañezek (Bartzelona, 1954). «Gerraosteko umea naiz; etorkinen semea». 1983tik bizi da Euskal Herrian. Albaitaritza izan zuen urte askoan ogibide; behiekin lanean, bereziki; hain justu, behien figuratxoz betea du etxea, eta horiexek eskatu ditu argazkilaria etorri denean: «Argazkian atera daitezen». Diagnostiko batek ainguratuta bizi da orain: alboko esklerosi amiotrofikoa. «2012an izan zen diagnostikoa, baina nik ordurako banituen sintomak. Nire trebakuntzagatik, eta semea ere medikua dut, pentsatzen nuen gaitza izan nezakeela». Baieztatu egin zioten sendagileek susmoa; ordutik okerrera egin du, etenik gabe. «Gaitza poliki-poliki garatzen da, eta ikusten nauzun bezala uzten du: ezin ditut zangoak mugitu, begira nola ditudan besoak. Abailduta uzten zaitu; ohean, sofa batean». Gasteizen, Iparraldeko parkera ematen duten leiho eder batzuetatik sartzen den uztaileko eguzki izpien pean solastatu da, etxean.

«Diagnostikatu orduko, zaintza aringarrietara bidali ninduten; oso arta ona ematen dute han, bikaina». Arreta fisikoa dela adierazi du. Eta gaixotasunaren bestelako ezaugarriei buruzko informazioarekin ere estu lotutakoa. Lagungarria deritzo. «Kontuz ibili behar da horrekin. Bada informaziorik nahi ez duen jendea; informazioa jasotzen badu, pairamendua eragiten ari zatzaizkio. Arreta handiz jokatzen dute, ordea. Nik informazio guztia eskatu nien: argi eta garbi. Gauzak halaxe gustatzen zaizkit, eta dena kontatu zidaten». Aurretiazko borondateen agiri bat egiteko asmoa zuela haiexei esan zien. «Kontsultetara irten ezinik geratu nintzenean, erietxera joan ezinik, berriro esan nion medikuari: aurretiazko borondateen agiri bat egin nahi nuela, oso argi nuela». Propio mediku bat joan zitzaion etxera agiria egiten laguntzeko.

Sendabiderik gabe

«Nik argi dut sendabiderik ez duen gaixotasun bat dudala, gaixotasun izugarri bat, tetraplegiko uzten zaituena, eta hitz egiteko gaitasun gabe ere uzten zaituena». Ez du egoera horretan askorik iraun nahi. «Sabelean zulo bat egin eta handik elikatzeko bidea izan dezakete medikuek, trakeotomia bat egitekoa... Badira egin daitezkeen gauzak. Baina niretzat hori ez da bizitza luzatzea: sufrimendua luzatzea da». Hori aintzat hartuta idatzi zuen agiria. «Jarri dut ez dudala nahi nire gorputzean inolako tratamendu inbasiborik; ez dut onartzen orain dudana baino deus gehiago izatea». Arnasa hartzeko makina bat behar du egun, 24 orduz. Izan ditzakeen solasaldi apurrak, elkarrizketa honetarako bezala, morfina hartuta egiten ditu, eta botika aringarriak hartzen ditu, sintomak arintzeko. «Ni erietxera banaramate pneumonia batekin, badakite ezin didatela ezer egin; antibiotikoak emango dizkidate, baina ez deus inbasiboa», azaldu du. «Orain hartzen ditudan botikek funtzioa izateari uzten diotenean sedazioa emateko ere eskatu dut». Lasai hiltzeko. Sufrimenduari amaiera eman nahi lioke hartara. Organoen gainean ere erabaki du. «Balio badute, erabil ditzatela transplanteetarako». Anaia bat izendatu du agirian ordezkari; horiek guztiak hark berretsi beharko ditu medikuen aurrean, berak heriotzaren atarian hitza galtzen badu.

Ez zaio negarretan urtzea gustatzen. «Bizitzaren pribilegiatu bat naizela uste dut; nire aita langile arrunt bat zen, ohikoa zen nire garaian 14 urterekin eskola laga eta lanean hastea, eta nik aukera izan nuen nahi nuena ikasteko, eta nahi nuenean lan egiteko». Berriki egin du, esaterako, doktore tesia. Lehendik ere heriotza hurbil ikusia da. Gazterik alargundu zen, etxean oraino umeak zituela. «Lan handia izan zen haiek aurrera ateratzea», onartu du. «Baina balantza batean bizitzak kendu dizkidanak eta eman dizkidanak jarrita, azken horiek irabazten dute; askogatik, gainera. Horregatik, lasai nago, ez diot beldurrik heriotzari. Gertutik ikusi nuen emaztearekin, eta ordutik buruan nuen hau guztia».

Harago egiteko gogoa

Eutanasia. Ez dio beldurrik hitz horri ere. «Albaitaria naiz, eta niri medikuei irakatsi dietena irakatsi didate: sendatu egin behar dugula. Baina zenbaitetan hori ez da posible, eta etsigarria da. Baina niri irakatsi didate gauza bat medikuei irakatsi ez dietena: animalia bat sufritzen ari denean, osatu ezin duzunean, gizatasunagatik, eta letra larriz jarri behar da hitz hori, eutanasia on bat egin behar zaiola; heriotza on bat eman behar zaiola. Zergatik? Sufrimendua kentzeko».

Eutanasia edo lagundutako suizidioa ez daude legeztatuta oraino ez Frantziako eta ez Espainiako legerietan, eta pertsonekin hori bera zergatik ezin den egin ez du ulertzen; iruditzen zaio ezinbestean egin behar litzatekeela eutanasia legeztatzeko bidea. Onartzen du arriskuak beti izango direla. «Senipartea garaia baino lehen kobratu nahi dutenak beti egongo dira», adierazi du. «Baina uste dut mekanismoak badirela jakiteko pertsona horrek borondatez erabaki duen. Hortik aurrerako deus ez dut ulertzen». Eta errudunak ere ikusten ditu: «Ideologia batek inposatu nahi du bere irizpidea, Eliza katolikoak bere irizpide morala zabaldu nahi dio gizarte osoari, ideologia horrekin bat egiten ez badu ere. Pertsona batek libre erabakitzen badu, behartu gabe, zergatik ez? Nik halaxe ikusten dut».

Onartzen du, hala ere, heriotzarekin lotutako gaiak ezkutuan daudela sarri askotan gizartean, gerizpera kondenatuta. «Esate baterako, nire adiskideekin aurretiazko borondateen agiriaren inguruan mintzatzen naizenean, denek esaten didate denok egin beharreko zerbait dela; baina gero inork ez du horrelakorik. Ez dut ezagutzen inor esaten duenik ez dela egin behar, baina, gero, horietako askok eta askok ez dute egiten agiria. 'Egingo dut', esaten dizute. 'Orain ongi nago'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.