Dozenaka norbanakok eta elkartek bat egin dute Gure Esku-k antolatutako Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mobilizazioarekin. Erabakitzeko eskubidearen alde zergatik dauden galdetuta, hona hemen haietako batzuen erantzunak:
Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzako eledun ohia)
«Nazio batek borondatez egon behar luke estatu jakin baten barruan, ez behartuta»
«Estatu bat, nazio bat; gutxi dira nazio bakarrez osatutako estatuak. Gehienetan, bi naziok edo gehiagok osatzen dute estatu bat. Badira bi estatutan edo gehiagotan banatu dituzten nazioak ere. Ez dugu askorik pentsatu behar adibideak aurkitzeko, gu geu baikara bi estatutan banatuta gaudenak; eta estatu horietako batean, bi autonomia erkidegotan.
Nazio batek borondatez egon behar luke estatu jakin baten barruan, ez behartuta. Bere burua demokratatzat duen edozein estatuk bermatu behar luke herritarrei galdetzea nolako harremana nahi duten etorkizunean estatuarekin. Eta, erantzunaren arabera, negoziatu eta adostu. Formula zaharra da: erabakitzeko eskubidea aitortu eta haren betearazpena hitzartu. Egun hauetan ikusi dugu ez dagoela arazorik BBVAk Sabadell Bankua erosteko egin duen eskaintza publikoari buruzko kontsulta egiteko. Zergatik ez EAEko herritarrei galdetzeko nolako harremana nahi duten Espainiako Estatuarekin? Erantzunaren beldur direlako agian?».
Sagrario Aleman (Euskaltzaina)
«Erabakimen hori ez dugun bitartean, beste batzuek egingo dute gure ordez»
«Erabakitzeko eskubidean sinesten dut, eta pentsatzen dut beharrezkoa dela gure iritzia ematea. Ideia oso diferenteak izan ditzakegu edozein arlo ukitzen dugula ere, baina uste dut guk erabaki behar dugula gure biziari dagokiona. Eskubide horretan sinesten dut, baldin eta pertsona libreak izan nahi badugu, bestela beti egongo gara beste batzuetan esanetara. Euskal Herrian zera ari zaigu gertatzen: euskaldunok erabaki beharrean, beste batzuk ari direla erabakitzen gure ordez. Horregatik iruditzen zait gure erabakimena behar dugula gure biziari eragiten dion arlo guztietan. Ez dute beste batzuek erabaki behar guk nola bizi nahi dugun; azken batean, horretarako askatasuna izan behar dugu. Erabakimen hori ez dugun bitartean, beste batzuek egingo dute gure ordez».
Ximun Fuchs (Antzerkigilea, sortzailea)
«Noiz utziko diogu zerbitzari izateari? Noiz agertuko gara pertsona aske eta geure buruaren jabe gisa?»
«Indigenak ikasten duen lehen gauza bere lekuan geratzea da, mugak ez gainditzea.
1548an jada, Etienne de La Boetiek desobedientzia teorizatzeko orduan honako hau idatzi zuen: 'Ez dut boterea inarrostea eskatzen, botereari ez eustea baizik. Ez dugu nagusirik behar. Ez dezagun ordaindu zelatatu gaitzaten. Utz diezaiogun gure lanaren bidez printzeari urrea eta armak eskaintzeari. Ez diezaiegun eman gure ondasunen zerrenda horien lapurtzera datozenei. Zergatik izan nahi dugu gure jendartearen hilketaren konplize eta etsipenaren lagun leial?'.
Piztiek ere ez lukete jasango guhaurek onartzen duguna. Noiz utziko diogu zerbitzari izateari? Noiz agertuko gara pertsona aske eta gure buruaren jabe gisa?».
Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusi ohia)
«Eskubidea eta erabakitzea, biak behar ditugulako»
«Etorkizunari begira egin dugu askotan erabakitzeko eskubidearen aldarria. Etorkizunari begira erabakitzen dugulako akaso. Edo urruti ikusten dugulako oraindik dagozkigun erabakiak geure kabuz hartzea; lortuko dugu, bai, etorkizunean. Bata edo bestea izan, etorkizuna nolakoa den gaur hartzen diren erabakiek esango dute. Eta horrela izanik, guk erabakitzen ez duguna beste batzuek erabakitzen dute, gure izenean eta gure gainetik. Erabakitzeko eskubidearen alde nago jokoan dauden gauzak garrantzi handiegia dutelako beste batzuen esku uzteko.
Korapiloa oraindik hor dago, ordea. Eta eskubidearen auzia noiz konponduko begira egoteak badu bere arriskua ere. Atzera-bueltarik ez duten erabakiekin guk eraiki nahi dugun etorkizuna guztiz baldintzatzen ari direlako. Sakoneko aldaketa garaian bizi garelarik, erabakitzea ez da etorkizunari begirako auzia, gaur eta orain dugun arazo handi bat baizik.
Gure esku dago erabakitzea, erabaki arrotzak diren erabakiei tokia kentzeko. Erabakitakoa aurrera ateratzeko bideak ireki, etorkizuna zapuzten diguten erabakien gainetik. Krisi ekologikoari aurre egiteko zer egin, Euskal Herria harrera herria nola egin, behar besteko zerbitzu publiko duinak ziurtatuko dituen sektore publikoa nola berreraiki erabakitzeko prozesuak antolatu, izan instituzioetatik izan herri ekimenen bitartez. Erabaki eta erabakitakoarekin gure bidea egin. Ez da erraza, noski, baina zailagoa da erabakirik hartu gabe etorkizuna aldatzea. Ez dugu zertan aitortzaren borroka alboratu. Agian azkartuko luke, gainera, aitortu diren eskubideetako asko herriak hartutako erabakien instituzionalizazioa izan direla kontuan hartuz.
Eta, bide batez, argitu dezagun gurea zer den eta gu nortzuk garen. Inor kanpoan utzi gabe, guztion parte hartzea ziurtatuko duten prozedurekin erabaki ahal izateko. Erabakitzeko eskubidea bertan lan eta bizi diren guztiei aitortzea eskatzen ari garelako, gizon eta emakume guztiei, hemen jaio edo kanpoan jaio. Estatuetako hiritarrak izan edo ez».
Gaizka Aranguren (Kazetaria)
«Herri orok zor diolako gizateriari bere kulturaren ekarpena»
«Batez ere (ez bakarrik) arrazoi hauengatik: herri orok ukan behar duelako bizirik irautea bermatu ahal izateko baliabide politiko eta ekonomiko oro. Herri orok zor diolako gizateriari bere kulturaren ekarpena eta ekarpen horrek bakarrik berma dezakeelako, etengabeko trukeari esker, kultura dibertsitatea. Gure amak beti erran digulako irizpide propioa edukitzea inportantea dela. Eta irizpidea osatzeko biderik eraginkorrena erabaki ahal izatea delako. Tronpatzeko aukera izatea polita delako, eta, norbera tronpatzen denean, hutsegitearen ordaina arinagoa delako; bai, beti».
Joxe Mari Agirretxe Kerexeta 'Porrotx' (Pailazoa)
«Bakean biziko den mundua behar dugu. Horregatik behar dugu erabakimena gu denon esku egotea eta ez handi-mandi harroputz gutxi batzuen esku»
«Herri hezitzaileak ugaritzen ari dira Euskal Herrian. Eta haietan haurrek eta gazteek, herriko eragile guztiekin batera, erdigunea hartzen dute komunitatean, hausnartuz, iritziak emanez eta kolektiboki hartutako erabakietan parte hartuz. Dagoeneko Euskal Herriko 50 herri daude saretuta mugimendu horretan. Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte denok dugulako zer eman eta zer jaso, gure gaitasun eta gabezia guztiekin, gure eskubide eta ardurekin. Denona eta denontzat maite dugu Euskal Herria, baita mundua ere.
Eta pertsonontzat nahi eta behar duguna herrientzat ere amesten dugu.
Ikuspegi integrala duen eta balio hezitzaileetan oinarrituta dagoen herri ereduan sinesten dugu.
Justizian, askatasunean eta bakean biziko den mundua behar dugu. Horregatik behar dugu erabakimena gu denon esku egotea eta ez handi-mandi harroputz gutxi batzuen esku. Sentitu, pentsatu, ekin… denok eta elkarrekin!».