Maite Aurrekoetxea Casaus: «Zerbitzu publiko berdinzaleak dira eskuin muturraren galgetako bat»

'Ahotsak' izeneko kongresuan 'Klase zaurgarria eta eskuin muturra: ezinegona, desinformazioa eta euskal gerriko kulturala' hitzaldia egin du soziologia politikoko irakasleak.

Maite Aurrekoetxea Casaus soziologia politikoko irakaslea, Deustun. AHOTSAK KONGRESUA
Maite Aurrekoetxea Casaus soziologia politikoko irakaslea, Deustun. AHOTSAK KONGRESUA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuin muturra erraietaraino sartzen ari da nazioarteko gobernu esanguratsuenetan. Horren oihartzuna iritsi da Euskal Herrira, baina, oro har, botoak emateko orduan herritarrek modu nabarmenean baztertzen dituzte eskuin muturreko aukerak. Egon zen salbuespen bat iazko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Ipar Euskal Herrian. Eskuin muturreko Batasun Nazionalak irabazi zituen bozak, baina ikusteko dago datorren udaberrian izango diren herriko etxeetarako bozetan gauza bera gertatuko den. Aitzitik, Hego Euskal Herriko erakundeetan sarbide oso mugatua du eskuin muturrak. 2023ko legebiltzarretarako bozei erreparatuz gero, Nafarroan bozen %4,30 eskuratu zituen Voxek, eta bi eserleku lortu. Eusko Legebiltzarrerako bozetan, berriz, apalagoa izan zen emaitza: %1,2koa. Eserleku bakarra du Gasteizko legebiltzarrean. Horien zergatiak arakatu ditu Maite Aurrekoetxea Casaus soziologia politikoko Deustuko irakasleak. Haren irudiko, «herritartasun zibiko» bat eta «zerbitzu publiko berdinzaleak» dira eskuin muturraren galga nagusia.

Aurrekoetxeak Z belaunaldiaren joerak ikertu ditu, Espainiako Estatuan Voxi botoa ematen diotenen profilari erreparatuz gero, 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran jaiotako gizonak baitira nagusi. Ikerketaren ondorio batzuk aletu zituen Ahotsak izeneko kongresuan, Deustuko unibertsitateak antolatuta. Hain zuzen, eskuin muturra, desinformazioa eta sareak izan zituzten hizpide, besteak beste. Aurrekoetxeak lerroburu honetan laburtu zuen mamia: Klase zaurgarria eta eskuin muturra: ezinegona, desinformazioa eta euskal gerriko kulturala.

Arakatu nahi zuen nola sartzen ari den gazteengan diskurtso frankista, antifeminista eta migrazioaren kontrakoa. Eta zaurgarritasun egoeran egoteak boto joerarekin loturarik ote zuen ere arakatu zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak zituen esku artean; 2.000 inkestatik gora, eta haien artean Voxi botoa ematen ziotenen lagina oso eskasa zen. Horrek berak zer pentsatua eman zion. «Alegia, lagina hain txikia izanda, pentsatu genuen beste leku batetik ikertzea. Aztertzea ea zein dimentsio dauden atzean halako emaitzak egoteko, ea euskal identitatea ote den eskuin muturrari galga ematen diona».

Kidetasun sentimendua

Ondorioztatu zuen ezetz. «Eskuin muturra zerak galgatzen du, nik herritartasun zibiko deitzen diodan horrek. Alegia, kidetasun sentimendu demokratiko batek. Balio demokratikoek galga ematen diote eskuin muturrari, eta beste aldagai bat ere bada: zerbitzu publikoak ere eskuin muturra frenatzen ari dira. Herritarrak berdinak garela sentiarazten diguten zerbitzu publiko batzuk ditugu, eta sistema demokratiko horri balioa ematen diogu, nahiz eta gero hainbat kontu auzitan jartzen dituzten euskal identitatea dutenek. Alegia, nahiz eta, adibidez, sistema demokratikoak ez duen autodeterminazio eskubideari buruz galdetzea bermatzen, jendeak beste balio demokratiko horien alde egiten segitzen du». Horrenbestez, haren irudiko, balio demokratikoen alde egiten da oro har, baina ez da asetzen euskal identitatearen auzia.

Aurrekoetxeak ez du gutxiesten, halere, eskuin muturraren indarra. Izan ere, erakundeetako eserlekuetan inpaktu nabarmenik ez izan arren, halaxe du hedabideetan eta sareetan, eta hori bera gogoetagai dela uste du. «Esate baterako, aztertu beharko genuke zergatik daukan halako oihartzuna hedabideetan. Ez ote garen elikatzen ari nire ustez arrisku batzuk dituen ideologia bat».

Dena den, ondorioztatu du batez ere zerbitzu publiko berdinzaleek eta demokraziari lotutako balioek oztopatzen dutela eskuin muturraren hazkundea, «eta hori emakumeek eraikia da, hein handi batean. Noren bizkar daude eskuin muturraren kontrapisua diren sistemak? Emakumeen bizkar», gaineratu du.

«Noren bizkar daude eskuin muturraren kontrapisua diren sistemak? Emakumeen bizkar»

Ez dio hori ausaz, estatistiketan oinarrituta baizik. «Inkestako galderetako bat zera zen: ea zer baloratzen den gehien sistema demokratikoan; bada, zerbitzu publiko berdinzaleek dute garrantzirik handiena, eta hori noren gain dago? Nor ari da eraikitzen aldagai horien gainean? Batez ere emakumeek eskatzen dituzte zerbitzu publiko berdinzale horiek: osasungintza, hezkuntza, dependentzia zerbitzuak…».

«Euskal gerriko kulturalaz» ere jardun du Aurrekoetxeak. «Frankismoa eta azaroaren 20a gertu genituenez, aztertu genuen zer ari den gertatzen EAEn Vox ez sartzeko. Uste dut zerbait kulturala dela, aurretik aipatutako balio horiei lotutakoa. Balio demokratikoak asentatuago daude. Badago, noski, euskal identitatearen aldagaia ere, baina ez da hori bakarrik. Langileen botoa ere eskubideen lorpenei lotuta egon da, eta eskubideetako asko sindikatuek egindako lanari esker lortu dira. Hori guztia lagungarria izan da eskuin muturraren diskurtsoak aurrera egin ez dezan, ezta klase zaurgarrien artean ere, Espainian ez bezala». Datu bat eman du, horren erakusgarri: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan klase zaurgarriek botoa nori ematen dioten erreparatuz gero, %42ak PSE-EEri ematen dio, Aurrekoetxeak azaldu duenez.

Eskuineranzko tentazioa

Halere, badu kezka bat. «Ikusten ari gara hemengo alderdi tradizional batzuk migrazioaren kontrako diskurtsoak iradokitzen ari direla. Uste dut euskal gizarteak argi daukala, eta migrazioaren kontrako diskurtsoek ez dutela aurrera egiteko aukerarik». Dena den alderdi batzuk eskuinerago egingo dutela ere badio, «olatua horretan datzalako. Gazteen artean modan dago».

«Aztertu beharko genuke zergatik daukan eskuin muturrak halako oihartzuna hedabideetan. Ez ote garen elikatzen ari, nire ustez, arrisku batzuk dituen ideologia bat

»

Aurrekoetxeak ikertu duen eremuan, baina, Voxen eta PPren artean apenas iristen diren botoen %10era. «Hemen bataila ez da PPren eta Voxen artekoa, EAJren eta EH Bilduren artekoa baizik. Uste dut alde horretatik inteligenteagoa dela EH Bildu EAJren hutsegiteen zain egotea; izan ere, nire ustez, baliteke EAJ eskuin muturraren diskurtso horretan sartzea».

Aurrekoetxeak badaki alderdi bakoitzak aztertu egiten duela gizarteko zer sektorek ematen dion boto gehien. «Eta beldurraren diskurtsoak norengan du eragina batez ere? Zaharrengan. EAJk boto emaile gehiago ditu hor».

«Z belaunaldia konfort egoera batean bizi da, eta ziurtasunak behar ditu. Gaizki mugitzen da ziurgabetasunean. Eskuin muturra hori erabiltzen ari da jadanik»

Gazteengana iristeko gakoa zera dela uste du: ziurtasunak eskaintzea. Ez, ordea, kaleko segurtasunarekin lotutakoak, bizialdiarekin lotutakoak baizik: «Z belaunaldia konfort egoera batean bizi da, eta ziurtasunak behar ditu. Gaizki mugitzen da ziurgabetasunean. Eskuin muturra hori erabiltzen ari da jadanik. Zera dio: 'hau kaos hutsa da, ez duzu etxebizitzarik... nik emango dizut ziurtasuna'. Pentsatzen dut hauteskundeetarako arma bat izango dela. Azken batean zerbitzuak dira; betiko egoeran gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.