Donald Trump AEBetako presidentearen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko presidentearen irudi erraldoiak Donostiako Portuko uretan, Kontxako badian, «giza eskubideak» hitzekin batera. Ekintza horren bidez, salaketa egin du Zero Pobrezia plataformak: gorroto diskurtsoek eta eskuin muturrak sustatutako politikek demokrazia «hondoratu» eta giza eskubideak «itotzen» dituztela.
Hain zuzen, gaur da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, eta egun hori propio hautatu du plataformak ekintza egiteko. Izan ere, esplikatu dute ultraeskuinak aitzinera egiteak «zuzenean» eragiten diola pobreziaren kontrako borrokari, alderdi horiek «eskubide sozialak murrizten dituztelako, oinarrizko zerbitzuak pribatizatzen dituztelako, migratzaileak kriminalizatzen dituztelako eta klima larrialdia ukatzen dutelako».
Esplikatu dute Trumpen «diskurtso autoritarioak, arrazistak, misoginoak eta kolonialak» markatu egiten duela «olatu global erreakzionario baten norabidea», zeina, bertzeak bertze, Italian, Frantzian, Austrian, Hungarian, Belgikan, Argentinan eta El Salvadorren zabaltzen ari den, plataformaren erranetan. «Palestinako su etena ospatzen dugun arren, ezin dugu ahaztu Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Likud alderdiko buruzagi ultraeskuindarra eta Trumpen lagun eta aliatua izan dela azken bi urteetan Gazan egindako genozidioaren erantzule nagusia. Han, 66.000 pertsona baino gehiago hil dituzte», gehitu dute.
EAE Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago errealitate horretatik kanpo, plataformak salatu duenez. Gogoratu dute iaz 240 arau hauste penal baino gehiago erregistratu zirela gorroto diskurtsoei lotuta: «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan edo institutuetako ateetan daude. Instituzio, hedabide eta erakunde sozialei eraso egiten diete, desinformazioa zabaltzen dute, eta polarizazio soziala areagotu egiten dute. Beldurra botere tresna bihurtzen dute». Horren aurka herritarrei tresnak ematea proposatu du plataformak, eta nabarmendu «beren burua eskuin muturrekotzat jotzen ez dutenengan ere eragina dutela». Halaber, herritarrei dei egin diete «demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala eta pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzera», eta instituzioei eskatu diete aipatutako mugimenduak «bakartu» ditzatela.