Larunbat goizean, Zesar Martinez EHUko soziologia irakasle eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kideak bizikleta istripu bat izan zuen Gatikan (Bizkaia): larri zauritu zen 58 urteko barakaldarra, eta Gurutzetako ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean izan da, gaur eguerdian hil den arte, lagunen eta senideen babesean. Haren ingurukoek adierazi dutenez, konprometitua eta hurbila zen, eta herri mugimenduen borrokarekin erabat lotua zegoen. Zera nabarmendu dute: «Dibertsiorik eta adiskidetasun sakonik landu ezean, harentzat ez zuten inolako zentzurik militantziak eta mundu hobe baten aldeko borrokak». Gaztetan mugimendu internazionalistan hasi zen Martinez, eta, ordutik, hainbat arlotan lanean jardun zuen: besteak beste, Joxemi Zumalabe eta Iratzar fundazioetan, Sare Herritarrean eta Larrabetzuko (Bizkaia) Gurpide nekazarien eta kontsumitzaileen elkartean.
EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako Departamentuko kidea zen Martinez, eta unibertsitate horretako Parte Hartuz ikerketa taldekoa ere bai. Horrez gain, «hamaika proiektu komunitariotan jardun zuen bere bizitza osoan, talde begirada, elkarlaneko dinamikak eta prozesu kolektiboen zaintza erdigunean jarriz», adierazi dute hainbat elkartetan harekin ibilitakoek. EHUk ere barakaldarraren heriotzaren berri eman du, bere webgunean. Unibertsitateko iturriek adierazi dutenez, «ikerketa ekintza parte hartzailea izan zuen metodologiarik kuttunena; izan ere, teoria eta praktika uztartzea gizarte eraldaketarako ezinbesteko baldintzatzat jotzen zuen». «Horregatik, ez da kasualitatea aldi berean ikertzaile eta herri mugimenduetako militante aktiboa izan izana», gehitu dute.
Asier Blas EHUko errektoreordeak eta Parte Hartuz taldeko kideak zehaztu duenez, «pertsona alaia eta baikorra zen, besteak erraz inplikatzen zituena mundua eraldatzeko, bai ikerketa ekintza parte hartzailearen bidez, bai militantzia eta konpromiso kolektiboaren bidez». «Gainera, konpromiso hori modu alaian bizitzen zuen, gozatzeko eta ondo pasatzeko espazioak sortuz, beti besteak ere horretan inplikatuz».
Herri mugimenduei dagokienez, Joxemi Zumalabe Fundazioko kide historikoa ere bazen, 18/98 epaiketaren aurretik eta baita ostean ere. «Bertan ezagutu genuenok bihotzez maite genuen prozesuei buruz zeukan ikuspegia, kideen eta taldeen zaintzarako konpromisoa, elkarlanerako joera, entseatzeko etengabeko gogoa, eztabaidarako grina amaiezina, borrokarako alaitasuna, eraldaketarako ilusioa... Baita gozatzeko, maitatzeko, irri egiteko eta zirikatzeko zuen modua ere», adierazi dute fundazio horretako kideek.
Bestalde, gizarte zibileko hainbat pertsona ezagunek 2018an sortutako Orain Presoak dinamikan parte hartu zuen. Horren bidez, garai horretako espetxe politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen zuten guztiak bildu nahi zituzten.
Komunitatea erdigunean
Izaro Gorostidi lankidearen hitzak gogora ekarriz, Andere Ormazabal EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kideak zera azpimarratu du Martinezi buruz: «Unibertsitatetik eta herri mugimenduetatik argi defendatu zuen herritarren parte hartzea ez dela apaingarri demokratiko hutsa, baizik eta botere harremanetan eragiteko ezinbesteko bidea. Horregatik aritu zen etengabe herri ekimenak sustatzen eta kolektiboekin elkarlanean».
EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen bitartez, besteak beste, Bilboko Ehunka sare komunitarioarekin lankidetzan ari zen. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako elkarbizitza sustatzeko eta hango beharrei erantzuteko sortu zuten talde hori, eta sareko kideek ere zendutako laguna gogoratu nahi izan dute.
Bada, Ehunka sare komunitarioko kideek aintzat hartu dute Parte Hartuz taldeak eta Martinezek berak Telefonicako eraikinerako zentro komunitarioaren proiektua garatzeko egindako «funtsezko lana», bai udalarekiko elkarrizketei dagokienez, eta bai komunitatea antolatzeko «prozesu handi eta eder baten» garapenari dagokionez.
«Gizarte mugimenduetan, demokrazian eta parte hartzean ezagutza eta esperientzia handia zuen akademiko gisa jardun zuen; baina, batez ere, militante, lankide eta lagun gisa. Irribarretsu egoten zen beti, eta animoa ematen zuen, batez ere unerik zailenetan, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan ditugun zailtasunengatik amore ematen genuenean», adierazi dute Ehunka sare komunitariokoek. Haiek ere Martinezen eskuzabaltasuna eta poztasuna azpimarratu dituzte.