Zezenketen kontrako proposamena aurkeztu du Sumarrek Eusko Legebiltzarrean

Zezenketak finantzatzeko diru laguntza publiko guztiak bertan behera uzteko eskatu dute. «Zezenketak ez dira gaur egungo euskal kulturaren parte».

Bilboko zezen plaza, ia hutsik, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILA / EFE
Bilboko zezen plaza, ia hutsik, artxiboko irudi batean. JAVIER ZORRILA / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 13a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sumar mugimenduak zezenketen kontrako proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, horiek «abolitzeko» bidean urratsak egiteko xedez. Ekinaldian proposatzen dute adieraztea zezenketak ez direla «gaur egungo euskal kulturaren parte», eta bertan behera uztea horretara bideratutako diru laguntza publiko guztiak, «zuzenak zein zeharkakoak».

Sumarreko idazkari politiko Sergitz Morenok gogorarazi du joan den astean zezenketen abolizioaren aldeko herri ekinaldi legegilea iritsi zela Espainiako Kongresura, baina «zezenketen aldeko blokeak» hura eztabaidatzea galarazi zuela. «Alderdi Sozialistaren federaziorik kontserbadoreenak egon ziren bloke horren buruan, eta, zoritxarrez, Euskadikoa ere bai», erantsi du Morenok.

Orain, eztabaida hori Eusko Legebiltzarrera ere eraman nahi dute Sumarrekoek, uste baitute zezenketak gainbeheran eta desagertzeko bidean daudela: esan dutenez, gero eta jende gutxiago joaten da zezenketetara, eta ikuskizun hori «zuzenean eta zeharka emandako diru laguntza publikoen menpe» dago erabat. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %70ek «baztertu» egiten dituzte zezenketak, eta portzentaje hori %85ekoa da gazteen artean: «Aldaketa atzeratu dezakete, baina ezin dute geldiarazi».

EAJri eta PSE-EEri deia

Morenok esan duenez, musika, kirola, sorkuntza, txosnak, herri jaiak eta abar dira euskal kulturaren adierazgarriak, «hots, elkarbizitza ospatzen duten jarduerak, eta ez animalia baten heriotza publikoan oinarritzen direnak». Gizartearen gehiengoaren iritziarekin bat egiteko eskatu diete EAJri eta PSE-EEri: «Gobernu hau berandu iritsi ohi da gizartearen aurrerapenetara; orain dute hori aldatzeko aukera».

Morenoren iritziz, Sumarrek egiten duen «oposizio erabilgarri, eraikitzaile eta ezkerrekoaren adibidea» da orain aurkeztu duten proposamena: «Ez gara konformatzen EAJ imitatzearekin, herri honetako ezker kontserbadoreek egiten duten bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.