Zibersegurtasuna lantzeko bi zentro sortuko dituzte

Eusko Jaurlaritzak Miñaon jarriko du Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa. Gipuzkoan beste zentro bat eratuko dute, industria arloa ardatz hartuta

Tapia eta Beltran de Heredia sailburuak, zentroa aurkezten, atzo. IREKIA.
Erredakzioa
Donostia
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Sareko mehatxuetatik babesteko eta prebentzio lana egiteko, bi zibersegurtasun zentro sortuko dituzte Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez jarriko dute bat martxan, irailean: Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa. Miñaoko parke teknologikoan izango du egoitza, Araban; besteak beste, azpiegiturak eta halakoak babestea izango du zeregin, Ertzaintzarekin koordinatuta. Beste zentroa Gipuzkoan sortuko dute, diputazioaren ekimenez, eta enpresa arloa izango du ardatz. Aldundiaren arabera, «bateragarriak» izango dira bi zentroak, nahiz eta Denis Itxaso diputatua (PSE-EE) kexu agertu den, Jaurlaritzaren guneak Gipuzkoan egon behar duelakoan.

Joan den otsailean iragarri zuen asmoa Jaurlaritzak, zibersegurtasuna lantzeko zentro bat eratuko zuela. Bi sail aritu dira: Segurtasunekoa eta Garapen Ekonomikokoa. Atzo egin zuten aurkezpena bi sailburuek, Estefania Beltran de Herediak eta Arantxa Tapiak. Bi helburu jarri dizkiote zentroari: batetik, «azpiegitura kritikoei eta enpresei» estaldura ematea Interneteko mehatxuen aurka; bestetik, Europan «erreferente» izatea esparru horretan. Erasoei ahalik eta azkarren erantzutea izango du xede. Sei laguneko lantaldea izango du zibersegurtasuneko zentro horrek, eta espero dute irailean abian jartzea.

Gipuzkoako Aldundiak ere joan den otsailean jakinarazi zuen enpresen aurkako zibererasoei buruzko zentro bat sortzekoa dela: Zibersegurtasunaren Zentro Aurreratua. Ainhoa Aizpuruk, Sustapen Ekonomikoko diputatuak, ohartarazi du zibersegurtasuna «lehiakortasun faktore erabakigarria» dela enpresentzat, eta, beraz, «lehentasunezkoa» dela gisa horretako zentro bat egotea.

Bi zentroak nola bateratu

Bi zentroen berri atzo eman zuten, nork bere aldetik, eta salaketa ere iritsi zen Gipuzkoako Aldundi barrutik: Jaurlaritzak egoitza Araban jartzea salatu zuen Itxaso diputatuak. «Gipuzkoa erabat prest dago horretarako, eta diputazioak hilabeteak daramatza lanean». Itxasoren ustez, «arrazoi objektiboak» daude Jaurlaritzaren gunea Gipuzkoan jartzeko. Jaurlaritzaren «tratua» salatu du.

Aizpuru diputatuaren arabera, ordea, «osagarriak» dira Jaurlaritzaren zentroa eta Gipuzkoako Diputazioarena. Nabarmendu du Gasteizko gobernuaren proiektua bereziki oinarrizko azpiegiturei begirakoa dela, eta Gipuzkoakoa, industriaren esparrurakoa. «Oso aurreratuta» dago proiektua: udazkenean abian izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.