Zigorra betea duten presoek Europako auzitegira jo dute

Sare «konbentzituta» dago Europak«berriro lotsagarri» utziko duela Espainiako Estatua

Alkorta eta Azkarraga Sareko bozeramaileak, presoen senideekin batera, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zigorra beterik izan arren preso jarraitzen duten euskal herritarrek beren egoera salatu dute Espainiako eta Europako auzitegietan. Sare plataformak jakinarazi duenez, egoera horretan aurkitzen diren presoen abokatuek errekurtsoak aurkeztu dituzte, eta kasu bat dagoeneko aztertzen ari dira. Presoen senide eta lagunekin batera agerraldia egin zuen atzo Sarek, Gasteizen duen egoitzan. Urtza Alkorta eta Joseba Azkarraga plataformako bozeramaileek «egoera injustu eta mendekatia» gaitzetsi dute.

Zigorra osorik betea izan arren, espetxean jarraitzen dute Josu Arkauz Arana (Arrasate), Jose Jabier Zabaleta Elosegi (Hernani), Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea), Santi Arrospide Sarasola (Lasarte-Oria), Pako Mujika Garmendia (Ordizia), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz) eta Iñaki Bilbao Beaskoetxeak (Lemoa).

Alkorta eta Azkarraga «konbentzituta» agertu dira Europako Giza Eskubideen Auzitegiak «berriro lotsaraziko» duela Espainiako Estatua, «Parot doktrinarekin gertatu zen bezala». Estrasburgoko auzitegiak erantzun bat ematerako «urte batzuk» pasatuko direla ohartarazi dute, baina. Bitartean presoek Espainiako Estatuaren «mendekua» jasango dutela azpimarratu dute.

Egoera «larria» dela iritzita, Euskal Herriko alderdi politiko eta erakundeei dei egin diete «giza eskubideen urraketa» salatzera. «Ezin da beste alde batera begiratzen jarraitu bere burua estatu demokratikotzat duenaren aurrean».

Salaketaren oinarria

Plataforma herritarreko bozeramaileek azaldu dutenez, zazpi euskal presoek kalean behar lukete, Europako Batasuneko2008/675 zuzentarauak agintzen duenaren arabera. Erabakiak zehazten du kontuan hartu behar dituztela batasuneko estatuetan betetzen diren zigorrak. Araua bete beharrekoa da, baina Espainiako Estatuak ez die irizpidea aplikatu aipatu zazpi euskal presoei. Espainiako epaitegiek ez dizkiete kontuan hartu Frantzian bete dituzten kondenak, eta, horiek aintzat hartu gabe, zigorra berriz betetzera behartu dituzte.

«Hau guztiz ilegala da», adierazi du Alkortak. Zenbait epailek delitua egin dutela ziurtatu du Azkarragak, haien erabakiekin prebarikatu egin dutela iritzita.

Sarek gogorarazi du Europako zuzentaraua onartu zenean hura aplikatzen hasi zela Espainiako Auzitegi Gorena. Lau urte geroago, ordea, irizpide horren kontrako legea onartu zuten Espainiako Gorteek, eta ETAko kide izatea edo talde armatuari laguntza ematea leporatuta zigortutakoei zuzentaraua aplikatzea debekatu zuen. Azkarragak salatu du Europako Batasunak onartutakoaren kontrakoa dela legea. «Erabat ilegala da, estatu batek ezin baitu moldatu eraikitzen lagundu duen Europako legedia».

Irizpide juridiko kontrajarriak direla eta, nola jardun argitzeko beharra ikusi zuen zazpi euskal presoen auzia aztertu zuen salak, eta Europako auzitegiari kontsulta egiteko bidea hasi zuen. Auzitegi Nazionaleko osoko batzarrak esku hartu zuen, ordea, eta Europako auzitegiari iritzi eske abiatu zen prozedura etetea erabaki zuen; bederatzi epailek bozkatu zuten Europako auzitegian galdetzearen alde, eta hamaika epailek kontra.

Azkarragaren hitzetan, «egoeraren larria» agerian utzi du Auzitegi Nazionaleko osoko batzarraren bozketak. «Bozkatzen dena ez da zein irizpide juridikori jarraitu behar zaion. Europan ez galdetzea da bozkatzen dena. Ez da galdetu nahi, jakina delako zein izango den erantzuna. Beraz, ez galdetzearen alde egiten da, nahi bezala jarduteko eta Europako legedia urratzeko».

Sarek ere Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela iragarri du. Presoen abokatuek aurkeztu dituzten salaketen aztertzea azkartu dadila eskatu du. Plataformaren salaketak oinarri gisa hartuko du maiatzaren amaieran aurkeztu zuten presoen giza eskubideen urraketei buruzko txostena, 100 juristak babestu eta izenpetu zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.