Ekintza baten harira Kanboko auzapeza lurrera bota izana egozten zaien Ostia sareko hiru militanteek dei egin dute duela bi asteko auziaren erabakiaren kontra. Zigorrak uste baino gogorragoak izan ziren, gibelapenezko kartzela zigorra eta isunak, hots, fiskaltzak eskatu baino gogorragoak. Auzi gelatik atera eta kexu mintzatu ziren hala auzipetuak nola haien abokatua; Paueko Dei Auzitegira joanen dira zigorrak apaltzeko asmoz.
Filipe eta Patxi Laskarai aita-semeak eta Benjamin Charron dira hiru auzipetuak, hirurak Ostia sareko militanteak. Lehenari lau hilabeteko gibelapenezko kartzela ezarri zioten epaileek, eta bi hilabetekoa beste biei; horrez gain, 300 euroko isuna ordaindu behar du bakoitzak hatz markak emateari uko egiteagatik, eta, azkenik, herritartasun ikastaro bat egitekoa dute, haien gain.
Erabaki baten kontra dei egitean, bada arriskua, batzuetan, lehen instantzian jasotakoa baino gogorragoa izatea dei auzitegiko zigorra. Halere, Alain Larrea abokatuari ezinezkoa iruditzen zaio honako kasu honetan, «kartzela zigorra» ezarri baitiete, nahiz gibelapenezkoa. Orduan, espero du beste ikusmolde batez aritzea Paueko epaileak. «Bideoko irudietan bortizkeriarik ez da ikusten, mugimendua bai, baina bortizkeria nahikaririk ez», oroitarazi du. Hala, deliturik ez dela izan sostengatuko du Larreak beste behin. Azalpenik ez dio ikusten duela bi asteko epaileen erabakiari, ez bada «demokraziaren aurkako mugimendu gisa markatzea» Ostiakoen ekintza. Hain zuzen, erabaki politikoa gaitzetsi zuten militanteek.
Hautsak harrotu zituen iazko udaberrian Marieneko lurren defentsan antolatuak diren eragileek Kanboko herriko etxean egin zuten protestak: makilekin lurra joz harrabotsa eragin eta etxebizitza proiektuaren kontra oihukatuz, Kanboko herriko kontseiluko bilkura trabatu zuten bi orenez. Azkenerako, kontseilua etetea erabaki zuen Christian Deveze auzapezak. Kanpora bidean zihoala, jendarmeak sartu ziren gelan; bultzada gertatu zen militanteekin, eta auzapeza lurrera erori zen. Irail hasieran epaitu zituzten Ostia kolektiboko hiru militanteak. Hirurek onartu zuten gertakarien egunean protestan parte hartu zutela, baina ukatu zuten herriko kontseiluan izan ziren iskanbiletan bortizkeria erabili izana.