Zigorren batuketa, zalantzan

Zenbait hedabidek zabaldu dute Madrilek 7/2014 legea aldatuko duela. Gobernuak ezetz dio

Euskal presoen eskubideen alde joan den urtarrilean Gasteizen eginiko manifestazioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hainbat komunikabidek joan den astean hedatu zutenez, Espainiako Gobernuak asmoa du aurten 7/2014 legea aldatzeko. Frantzian betetako zigorrak Espainiako Estatuan kontuan ez hartzeko modua ematen du lege horrek, Europako irizpideen aurka, eta Madrilek hori egokitzeko asmoa duela argitaratu zuten hedabideek.BERRIAk Espainiako 2022ko arau plana kontsultatu du, eta hau ageri da: testuak aipatzen du «moldatu» egin behar dela Espainian ezarritako sententziak bertze leku batzuetara —eta alderantziz— «transmititzea eragozten» duen sistemaren «zurruntasuna», eta «malguago» batekin «ordezkatu» behar dela, «elkarrekikotasun printzipioan» oinarrituta, eta «parametro horri beste estatu batzuek ematen dioten tratamenduarekin bat» eginez.

Espainiako Gobernuak, ordea, ezetsi egin du halakorik egiteko asmoa duenik. Zehazki, Barne Ministerioaren menpe dagoen Biktimen Sostengurako Zuzendaritzak mezu elektronikoak idatzi dizkie biktimen elkarte eta fundazioei asteon, azaltzeko aldatuko duena bertze gauza bat izanen dela: «Ez dago inolako ekinaldirik Europako Batasuneko beste estatu batzuetan ezarritako zigor epaien ondorio juridikoei dagokien araudia aldatzeko». Egin asmo duen aldaketa Europako bertze estatu batzuetako datu baseak erabiltzeari buruzkoa litzateke; Madrilek gutunetan zehaztu duenez, batez ere aurrekari penalei dagokienez. Ikusteko dago, beraz, azkenean zer eginen duen.

Euskal presoen aldeko eskubideen mugimenduak anitzetan eskatu du 7/2014 legea aldatzeko, 50etik goiti euskal preso baitaude Frantzian betetako zigorrak Espainian kontuan hartu ez dizkietenak. Bi estatuetako auzitegiek ezarritako zigorrak batuak dizkiete, eta, beraz, delitu beragatik zigorra bi aldiz betetzen ari dira.

Sarek ere, joan den astean argitaratu zuen txostenean, espresuki aipatu zuen 7/2014 legea, eta hura indargabetzeko eskatu. Dokumentuan azaldu zuenez, Europako Batasunak arau bat eman zuen 2008an, 675/2008 zuzentaraua, zeinaren arabera Europako auzitegiek emandako epaiek ondorio «baliokidea» izan beharko luketen. Hots, pertsona bati zigor bat ezartzeko garaian, kontuan hartu behar lirateke Europako bertze auzitegiek emandako epaiak, baldin eta parekoak badira, eta, beraz, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu egin behar zaizkio antzeko delitu batengatik bertze herrialde batean jarritako zigorrari. Sareren arabera, Europako Batasuneko estatu kideek elkarri egiten dioten «aitortza» bat da zuzentarau hori, eta haien arteko «aintzatespenean eta konfiantzan sakontzen» du, «estatu bakoitzeko auzitegiek aurrera daramaten jarduerari dagokionez». Alegia, Europa osoak estatu bakar bat balitz bezala jokatuko luke zigor arloan.

Espainiak, ordea, ez zuen segidan garatu zuzentarau hori—berez 2010erako egin behar zuen—, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zuen nola betearazi behar zen Europako zuzentaraua. 2014ko martxoan ebatzi zuen, hala, Europako auzitegietan ezarritako zigorrak kontuan hartu behar zirela, Espainian ezarritako zigor urteak horien arabera gutxituta. Auzitegi Gorenaren interpretazio horren kontra, ordea, 7/2014 legea egin zuten gero —PP zen orduan gobernuan—, auzitegiak irekitako aukera hori eragozteko; Sareren txostenaren arabera, «interpretazio partikular» bat egin zuten. 2015eko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lege horrek zekarrena, Kepa Pikabea euskal presoaren kasuan, eta jurisprudentzia ezarri zuen: ez zuen baimendu euskal presoei espetxealdiak murriztea. 7/2014 legea aldatuko balitz, 50etik goiti euskal presori murriztuko litzaizkieke Espainiako Estatuan betetzen ari diren zigorrak, eta horietako batzuek libre atera behar lukete.

AVT, kexu

AVT biktimen elkarteak agerraldia egin zuen atzo Madrilen, adierazteko ez dagoela ados Espainiak egin dezakeen lege aldaketarekin. Elkarteak ez du ontzat eman gobernuak bidalitako gutuna, uste baitu gezurretan ari dela, eta iragarri du manifestazio batera deituko dutela. Lege aldaketa posibleari buruzko txosten bat aurkeztu zuten atzo prentsaren aurrean: biktimen elkartearen kalkuluen arabera, 7/2014 legea moldatuko balitz, zazpi euskal preso askatuko lituzkete berehala, eta bertze hiru aurten. Haien hitzetan, Espainiako Estatuan diren 48 presori eraginen lieke zigor urteen gutxitzeak, eta egun Frantziako Estatuko kartzeletan diren bertze hamabiri ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.