Lau urte eta erdiko prozesuaren ondoren, libre dira 26/11 sumarioko berrogei gazte independentistak. Denak absolbitu dituzte. Manuela Fernandez Prado buru duen epaimahaiak goitik behera biluzi ditu akusazioen argudioak. Auzipetuek beraiek salatu zuten torturapeko deklarazioetan zegoela oinarritua prozedura guztia, eta gogora ekarri arren epaiketaren helburua ez zela «akusatuek torturak edo tratu txarrak jasan zituzten erabakitzea», epaimahaiak zalantzan jarri du «modu librean eta borondatez» deklaratu ote zuten auzipetuek. Zalantza horrekin, «erabateko zuhurtziaz» jokatu behar dela iritzita, ez die baliorik eman inkomunikazio aldiko deklarazioei, ezta, zenbait kasutan, instrukzio epailearen aurrean egindakoei ere.
Hain zuzen, deklarazio horietan oinarritu ziren akusazioak 40 gazteetako bakoitzaren aurka seina urteko kartzela zigorra eskatzeko. Horiek gabe, alferrikakoak izan zaizkie gainerako «frogak»: bilerak, kamisetak, boletoak, gazte mugimenduko eragile ezberdinetan parte hartu izana... Poliziaren informazio txosten horietan akats ugari egon direla kontuan hartu gabe ere, horiek guztiak ez lirateke aski Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako gazteak «erakunde terroristako militante aktibo» zirela frogatzeko. «Deabruaren logika» aipatu zuen defentsako abokatuetako batek epaiketan: X gaztea Segikoa da, Segiren X ekitaldira joan delako; X ekitaldia Segirena da, X auzipetua joan delako. Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeak «terrorista» izendatu zituztenetik, logika hori, kamiseta bat eta inkomunikazio aldiko inkulpazioak nahikoak izan dira dozenaka gazte zigortzeko. Baina hankaz gora utzi dute oraingoan, eta agerian geratu dira logika haren bultzatzaile nagusietakoa den Fernando Grande-Marlaskaren hainbat hutsegite ere. Bera izan zen 2009ko azaroko sarekada agindu eta instrukzioa egin zuen epailea, eta zigor salako buru da orain.
POLIZIA DEKLARAZIOAK
Absoluzioa arrazoitzeko lehen puntuan, epaimahaiak argi utzi du fase prozesalaren aurreko deklarazioek ez dutela froga mailako baliorik. Hau da, ahozko epaiketan egindako deklarazioak direla balio dutenak, ez poliziaren aurrean aurrean egindakoak. Are gehiago, horiek inkomunikazio egoeran egin badira, eta tortura salaketak badaude tartean: «Polizia aurreko deklarazioek ez dute baliorik errugabetasun presuntzioari balioa kentzeko». Auzitegi Konstituzionalak ezarritako jurisprudentzia erabili du hori esateko oinarritzat: «Atestatua ezin da froga baliabide gisa erabili».
Izan ere, epaileek gogora ekarri dute inkomunikazio aldian ez direla prozesuaren berme guztiak gauzatzen, eta, beraz, ikerketa mailara mugatzen direla diligentzia horiek: «Deklaratzen duena atxilotuta eta inkomunikatuta dagoenean, hertsatze eremu batean, ikerketaren testuinguruan eta sekretupean egiten dira diligentzia polizialak, eta oinarrizko printzipioen kontra, ezin dira prozesuaren bermeak gauzatu».
AUZITEGIKO DEKLARAZIOAK
Polizia aurreko deklarazioei ez ezik, instrukzio epailearen aurrean egindako batzuei ere balioa kendu die epaimahaiak, Grande- Marlaskari kolpe zorrotza emanez. «Aktaren batean inkomunikazioa kendu zela jarri arren, benetan lege erregimen hori aplikatzen jarraitu zuten». Ainara Bakedanoren adibidea erabili dute horretarako —Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen bere burua deklaratzeko prest zegoela esanez, eta atxilotu eta inkomunikatu egin zuten hala ere—: inkomunikazioa altxatzeko autoa atera zuten epaile aurretik pasatu aurretik, eta Bakedanori berari eta ofizioko abokatuari jakinarazi zioten erabaki hori. Ez zioten aipatu, ordea, konfiantzazko abokatua eskatzeko eskubidea zeukala, eta ez zuen aukerarik izan harekin egoteko. Beraz, praktikan, inkomunikatuta jarraitu balu bezala deklaratu zuela ebatzi du epaimahaiak.
TORTURA ETA PREBENTZIOA
Inkomunikazio aldian tortura saihesteko prebentzio neurririk ez zela hartu ere salatu du epaimahaiak. Inkomunikazioaren «singulartasunaren» aurrean, oroitarazi dute neurri horiek gomendatzen dituztela nazioarteko araudiek —adibidez, familiari atxilotua non dagoen jakinaraztea, atxiloaldia kameraz grabatzea....—, eta neurri horiek adostu zituztela «Instrukzio Zentraleko zenbait epailek» ere. Baina «ez ziren neurri horiek ezarri».
Prebentzioaren alorrean kokatu dute, auzipetuek torturak salatzen dituztenean, inkomunikazio aldiko deklarazioak kontuan ez hartzeko erabakia ere. Horiek kontuan hartuz gero, tortura edo tratu txarrak sustatuko lituzketela diote. «Modu guztietako tortura eta tratu txarrak saihesteko beharrezkoa da ez erabiltzea atxiloaldiko informazioa, egiantzekotasunez edozein indarkeria mota salatu bada. Modu horretan, etorkizunean antzeko jarrera egotea saihestu nahi du sistemak».
Aurreko kasu askotan ez bezala, tarte luzea eskaini diote argudio orokorretan torturaren gaiari, eta horien artean, gogora ekarri dute tortura ez dela soilik fisikoa, «mehatxuak eta jazarpen zuzen edo zeharkakoak» ere tortura direla. «Adibidez, [atxilotua] askatasunik gabe mantentzea ikerketarako benetan beharrezko den baino denbora luzeagoan».
ISTANBULGO PROTOKOLOA
Euskal Herriko gatazkarekin lotuta, lehen aldia izan da halako epaiketa batean Nazio Batuen Erakundearen Istanbulgo Protokoloa froga gisa aurkeztu dena Espainiako auzitegietan —torturaren prebentziorako eta dokumentaziorako balio du protokolo horrek, zientifikoki salaketen egiazkotasuna frogatzeko—. Ur handiagoetan sartzea saihestu du epaimahaiak, arrazoituz ez dela bere helburua horri buruz erabakitzea: «Hemen interesatzen zaiguna da erabakitzea, akusazioek aurkeztutako frogen arabera, deklarazioak borondatez egin ote zituzten autoritate judizialaren aurrean eta inkomunikatuta zeudela».
Hala ere, «erreferentziazko dokumentutzat» hartu dute protokoloa, eta epaian azaldu dute zertarako balio duen, auzipetuen perituek ahozko epaiketan emandako azalpenei erreferentzia eginda. Adibidez, tortura eta tratu txar egoerek eragin dezaketen shock egoerari zegokiona aipatuz: «Torturaren ikerketarekin lotutako datu bat da, ezagutza klinikoaren ondorio, eta kontuan izan behar dugu hori galdeketa judizialen emaitzak aztertzean, [horiek] inkomunikazioren espazioan bertan ematen direnean».
ZENBAIT «ZANTZU»
Deklarazioak «modu librean» egin ote diren aztertzeko hainbat «zantzu» kontuan hartu behar direla nabarmendu du epaimahaiak: besteak beste, auzipetuak epaiketan esaten duena; zenbat denbora egon den atxiloaldian; inkomunikazioa ezarri zaion ala ez; zenbat galdeketa egin dizkioten; auzi medikuaren txostenak; atxilotu bat baino gehiago badaude, zenbatek salatu duten; testigantzen arteko antzekotasunak; zenbat denbora pasa den polizia deklaraziotik epaile aurrekora... «Zantzu» horien artean dago atxilotuek aurrez azaldu ote duen deklaratzeko borondaterik ez zutela, atxiloketaren unean, edo aurrez, idatziz. Kasu horretan, aipamen berezia egin diote zerrenda beltzen auziari. Atxilotuak izan aurretik, auzipetuetako batzuk beren burua aurkeztu zuten epaitegietan, deklaratzeko asmoz, aurreko sarekadetan beren izena atera zela-eta. Ez zituzten hartu, baina idatzita utzi zuten ez zutela deklaratzeko asmorik.
Auzipetuen salaketak aztertuta, datu esanguratsu bat ere aipatu dute epaileek. «36 auzipetuetatik, zortzi atzerrian atxilotu zituzten [Erroman eta Ipar Euskal Herrian], epaile aurrean deklaratu zuten eta guztiek heldu zieten beren buruen aurka ez deklaratzeko eskubide konstituzionalari (%100)». Horren aurka, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotutakoei buruzko datuak eman dituzte: «Sarekadaren gauean atxilotutako 28etatik, 22k beren buruaren aurka deklaratu zuten polizia etxean (%78,57k, eta aparte epaitutako lauak kontuan hartuta, %81,26k».
Atxilotuetako bat antifaza jantzita eduki zutela ere aipatu dute epaian, Espainiako egunkari batean atera zuten argazkia erabilita. «Zentzumenak murriztea nazioarteko torturaren metodoak ikertzeko eta dokumentatzeko eskuliburuan jasoa dago, pertsona desorientatzen duelako eta bakartzea larriagotu».
«MILITANTZIA AKTIBOA»
Norbait Segiko kide zela esateko, «militantzia aktiboa» dago frogatu beharra. Horretarako, kamisetak, zozketetarako txartelak, hainbat ikur eta sinbolo... erabili zituzten akusazioek. Horiek denek kidetasuna berresteko balio dezaketela diote epaileek, baina berez ez direla nahikoa zantzu. «Kidetasunak protagonismo handiagoa behar du». Eta ez da halakorik frogatu.
GAZTE INDEPENDENTISTAK
Segiko kide zirela esateko, Gazte Independentisten bidez gazte mugimenduan aritzea egozten zieten akusazioek auzipetuei, betiere, Segiren agindupean. Epaimahaiaren esanetan, «erabateko nahastea» egin dute bi izen horien artean. Argi utzi du epaiak gazte mugimenduko eragileetan aritzea ezin dela Segiko kide izateko zantzu gisa hartu.
Gainera, gogora ekarri du zergatik izendatu zuten terrorista Segi: «ETAren jarduera armatua osagarritzen zuelako, kale borroka ekintzak eginez». Eta ez dago halako ekintzen arrastorik instrukzio osoan. Ez dago aipamen konkreturik, eta auzipetuei egotzitako txostenetan ere ez da halakorik ageri. «Ezta etorkizuneko estrategia gisa ere». Ez hori bakarri, epaiak argi dio Gazte Independentistak erakundeak ez zuela kale borroka ekintzarik «diseinatu eta gauzatzen»; «bide baketsuekin soilik jarduten zuen politikan».
Absoluzio epaiaren aurkako boto partikular bat ere eman du epaileetako batek: Nicolas Povedak. Epaileek bost eguneko epea jarri diete akusazioei Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
Gazte mugimendua. Epaia