2023ko abuztuaren 19an, gizonezko baten gorpua zatituta agertu zen bi maleta erreren barruan, Bilboko Artxanda mendiko jatetxe abandonatu batean. Bada, haren hilketarekin lotuta, bost pertsona epaitzea erabaki du Getxoko Instantzia Auzitegiko Sekzio Zibileko eta Instrukzioko bigarren epaimahaiak. Zinpeko epaimahai batek epaituko ditu, Bizkaiko Probintzia Auzitegian.
Magistratuak plazaratutako auzipetze autoaren arabera, instrukzio fasean egindako jarduketetatik ondorioztatzen da «arrazoizko delitu zantzuak» daudela bost akusatuen aurka. Epaile horrek zehaztu duenez, akusatutako gizonetako biri egotz dakieke giza hilketa delitua, «epaiketan egin beharreko balorazioa alde batera utzi gabe».
Auzia artxibatzeko eskaera egin zuen beste hiru akusatuen —bi emakume eta gizon bat— defentsak; baina, eskaera hori atzera bota du magistratuak: biktimari ez laguntzea eta gertatutakoa ezkutatzen saiatzea leporatzen diete.
Gertaerak
Gorpuzkiak Bilboko Artxanda mendiko jatetxe abandonatu batean aurkitu zituzten, duela ia hiru urte. Hasieran, lau lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Gero, ikerketa aurrera joan ahala eta frogak aztertuta, epaileak bost pertsona inputatu zituen: bi hilketaren egile zuzen gisa, eta beste hiru hilketa ezkutatzen laguntzeagatik. Bostak ziren hildakoaren pisukideak.
Ikerketaren arabera, hilketa alokairuaren ordainketaren inguruko liskar baten ondorioz gertatu zen, eta, gero, gorpua zatitu eta desagerrarazten saiatu ziren aztarnak ezabatzeko. Gorpuzkiak oso egoera txarrean zeuden, eta Ertzaintzak teknika aurreratuak erabili behar izan zituen biktima identifikatu eta zer gertatu zen argitzeko.