Nafarroako Urrezko Domina. Erreportajea

ZIPRIZTINDUTAKO AITORTZA

Nafarroako Gobernuak Urrezko Domina emango die gaur Hermilio Oloritzi, Julio Altadilli eta Arturo Campioni. Euskararen zein Nafarroaren alde egindako lana aitortu nahi izan badu ere, hainbat alderdik Campioni egindako kritikek orbana utzi dute euren ondare oparoaren gain.

Arturo Campionen obra, Nafarroako artxibategian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hermilio Oloritz, Julio Altadill eta Arturo Campion aspaldi hil ziren, baina kulturaren, hizkuntzaren eta Nafarroaren alde egin zuten lanaren ondarea bizi-bizirik dago. Horregatik, hil ostean bada ere, Nafarroako Gobernuak aurten Urrezko Domina eman die hirurei, «batez ere egungo bandera diseinatu zutelako». Sarituak hilda dauden neurrian, iragarpenak harridura eragin zuen hasiera batean, baina gerora soka luzea ekarri du. Frankista, arrazista eta integrista deitu diote Campioni, eta hirurei iruzurtiak izatea ere egotzi diete. Eta zalantza airean geratu da. Hiru intelektual horien lana laburbil al daiteke epiteto motz horiekin?

UPN izan zen lehena kritikatzen. Iragarpena egin eta minutu gutxira, «akats historikotzat» jo zuen, eta ukatu egin zuen hiru pertsonaiak «banderaren egiazko sortzaile» direla. Handik bi egunera, azaroaren 2an, Ezkerrak salatu zuen Campionek Francoren altxamendu faxista babestu zuela. Ezkerraren kritikari PSN gehitu zitzaion segidan, eta, Campionek arrazari buruz idatzitako testu batzuetan oinarrituta, xenofobo eta arrazista deitu diote biek ala biek. Katoliko sutsua zen heinean, integrista izatea ere aurpegiratu diote. PPk ere bere ekarpena egin du, eta guztien botoekin Nafarroako Parlamentuan zein Iruñeko Udalean sari hori ez emateko eskatu diote gobernuari. Gaurko sari banaketara ez dira bertaratuko.

URREZKO DOMINA

«Beti hildako jendeari eman behar al zaio domina?», txiokatu zuen Santi Leone historialariak urriaren 31n,duela hiru urte Felix Huarteri eta Miguel Javier Urmenetari emandako domina polemikoa gogoan. Leonek «aukeran» nahiagoko luke bizi den jendeari ematea, baina euskaroek egindako lana «ez da sobera ezaguna»: «Sekulako lana egin zuten. Politikan ere sartu ziren, beharbada ez arrakasta handiarekin, baina kulturan eta Nafarroa ulertzeko moduan arrasto ikaragarria utzi dute, eta euskarari ere prestigioa eman zioten».

Albisteak harritu zuen Sagrario Aleman euskaltzaina, baina ez du zalantzarik merezimenduaz: «Aitortza eskasa izan dute, eta behar zuten. Beharbada, ezagutaraztea litzateke aitortzarik handiena». Izan ere, hiruretako bakar batek ere ez du Iruñean kale-izenik, eta urte luzez hutsune hori euskalgintzak bete du: Ika euskaltegiko egoitza nagusiak Campionen izena darama 1970eko hamarkadatik. «Heldutan ikasi zuen euskara. Euskaldun berria zen, beraz, iruindarra eta euskararen alde lan egindakoa».

Dudarik gabe, haren itzala handia da. Jose Mari Esparza idazlearen aburuz, Euskal Herriko bibliografian «erraldoi bat» da Campion, baina inguruan zituen beste pertsonalitateekin «ikaragarrizko belaunaldia» osatu zuten. «Nafarroako lehen elite intelektuala izan ziren», gaineratu du Jose Luis Nieva historialariak. «Historian, mende batean pertsonaia bat edo bi ager daitezke, baina toki eta garai berean, 1875 aldera Iruñean, zortzi edo bederatzi lagunek bat egitea ikaragarria da». Hermilio Oloritzi buruzko azterketa egin zuen Nievak, eta horregatik «ia-ia» sari pertsonal gisa hartu du. «Merezi zuten, eta aldi berean motz geratzen da, falta baitira Aranzadi, Landa, Iturralde Suit, Antsoleaga...». Izan ere, belaunaldi oso bat izan zen.

Aldiz, Victor Moreno idazleak kritikatu du ez dela sari inklusiboa, eta, gainera, beti gizonezkoei ematen zaiela, «inoiz ez emakumeei». Morenoren irudiko, egungo gobernua erratu egin da, arrazoi beragatik eman daitekeelako domina altxamendu faxista babestu zuten hainbat pertsonaiari: «Rodezno kondeak, Raimundo Garcia Garcilasok [Diario de Navarra-ko zuzendaria 1912tik 1962ra], Jaime Del Burgok eta Baleztenak ere Nafarroa eta euskara maite zituzten, eta historiaren ezagutza bultzatu zuten». UPNren jarrera ere gaitzetsi du: «1974an Francori eta 2002an Diario de Navarra-ri domina eman zion eskuin horren kume ideologikoak aurka daude. Zinikoa izan behar da gero!».

NORTASUNA

Beste garai bat zen, beste mundu bat. «Ordu hartan, denak zebiltzan iraganeko tradizio guztia berreskuratu eta kultura berrinterpretatu nahian, ondoren aurrerantz proiektatzeko». Guillermo Sanchez ikerlari eta liburuzainak, iaz, Nicasio Landari buruzko liburua argitaratu zuen Jon Arrizabalaga medikuntzako historia adituarekin batera. Militarra, katolikoa, humanista, Gurutze Gorriaren sortzailea eta euskaltzalea zen Landa, eta Juan Iturralde Suitekin batera Nafarroako Euskara Elkartea sortu zuen: «Belaunaldi hark hiru gatazkari egin behar zien aurre: liberalismoaren eta niaren artekoari, nazioen eta estatuen artekoari eta humanismoari. Lehen aldiz erantzun nahi izan zioten horri guztiari, eta testuinguru hartan eman ziren katalana eta euskara berreskuratzeko lehen pausoak».

Elkarte haren inguruan bilduko ziren euskaroak, baina aurretik bigarren karlistaldia (1872tik 1876ra) piztu zen, eta lorratz sakona utzi zion belaunaldi hari: «Denak ziren liberalak, errepublikanoak eta antikarlistak», dio Jose Luis Nievak. Gerra irabaziagatik, porrotaren sentsazioa nagusitu zen. «Pentsatu zuten karlisten kontra borrokatu zirela, baina liberalek euren kontra jo zuten. Gerra galduaren kontzientzia piztu zen», azaldu du Nievak.

Jose Mari Esparzaren arabera, «kontzientzia txarra» ere izan zuten: «Karlismoa izan zen foru sistemaren aurkako azken defentsa, eta haiek pentsatu zuten liberalek foruak mantenduko zituztela». Kontrakoa gertatu zen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan foruak kendu zituzten, eta Nafarroan 1841ean ezarritako sistema murriztu zuen liberalismoak. Zentralismo kolpe hark kontzientziaren esnatzea eragin zuen, eta, Europan nagusitzen ari zen pentsamendu korronteari gehituta, iraganera begira jarri ziren: «Lehenik nor garen eta nondik gatozen jakin behar dugu nora jo ikusteko. Hori ere bazuten», dio Sagrario Alemanek.

Porrot sentipen horrek, ordea, halako etsipenezko lorratza utzi zien. Besteak beste, kazetaritza artikuluetan eta literatur lanetan islatzen da nortasunaren eta euskararen galeraren beldurra: «Erraondoko Ttunttuneroa ipuinean, adibidez, Argentinatik itzuli da protagonista, eta herrian galdu dute hizkuntza, ohiturak, beztitzeko modua... galdu dute dena», dio Alemanek.

EUSKARA

Kontzientziaren pizkunde horretan, euskarak garrantzi berezia hartu zuen, foru sistema bezain arriskuan ikusten baitzuten. Hiltzeko zorian. Felipe Arrese Beitiaren poema batzuk gogoan ditu Santi Leonek: «Agur euskara, agur Euskal Herria, hiltzear dago euskara». Haren ustez, «azkenak» izango ote diren agoniazko sentipen horrek gaurdaino iraun die ondorengo euskaldun belaunaldiei. «Hauek ere hori zuten: gu izan gaitezke azkenak, eta, ez badugu salbatzen, desagertu egingo da».

Alta, ez ziren etsipenean kateatu, eta kontzientzia hori akuilu gisa erabili zuten. Alemanek alor horretan egindako lana goraipatu du: «Nafarroaren ezaugarria euskara da, eta euskaldunei aditzera eman behar zaie euren hizkuntzak besteek adina balio duela. Gutxietsiak sentitzen baitira, lotsatuak...». Campionek eta gainerakoek, bitarteko gutxirekin bada ere, bide hori ireki zuten, eta argi adierazi zuten non zegoen beharra: «Irakaskuntzaren beharraz aritu zen, euskara ikasi behar zela eskoletan, Elizak ere euskaraz egin behar zuela, eta notarioek, udalek paperetan ere euskaraz idatzi beharra zutela».

Alde batetik, hizkuntzaren gramatika eta ikerketa, eta, bestetik, haren hedapen eta sustapena. Lehen lore jokoak antolatu zituzten Elizondon, eta gerora gehiago egingo zituzten Anton Abadiarekin elkarlanean, euskaraz goi ikasketak egiteko eskakizuna egin zuten Madrilen...

Gerora, XX. mendean, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia bultzatu zituen Campionek. Euskara batuaren beharra atzeman zuen, eta erdaldunekin lan egiteko beharra ere bai. «Gaztelaniaz ari zen komunitate horrekin lan egin nahi zuen, erakusteko hemengo hizkuntza zela euskara eta diputazioak zein Espainiako Gobernuak neurriak hartu behar zituztela. Eskatzen zieten erdaldunei euskaldunak ulertzeko. Eta gaur ere horretan ari gara: saia zaitezte gu ulertzen».

IDEOLOGIA

PSNk eta Ezkerrak xenofobotzat eta integristatzat jo dute Arturo Campion. Ba al du inongo oinarririk salaketa horrek?

Nortasunaren berrirakurketa kultural horretan, XIX. eta XX. mende arteko garai hartan antropologiaren eta soziologiaren esparruetako bat zen eugenesia, Guillermo Sanchezen arabera. «Europan gehien zabaldutakozientzia zen, baina helburua ez zen arraza apalagoen artean goren bat nabarmentzea. Adam eta Evaren azalpenak jada ez zien balio, eta mundu guztia ibili zen genealogiak egiten, batzuen eta besteen arteko loturak». Hartara, haren irudiko, garai hartako arraza-ren kontzeptua ezin liteke gaur egungoarekin parekatu: «Pentsaera hark nazismoaren adar eskandalagarria ireki zuen gero, eta nazismoak mende hasieran gorantz ari zen zientzia hura suntsitu zuen erabat. Geroztik ezin liteke halakorik onartu».

Bat dator Jose Maria Esparza. «Bigarren Mundu Gerra igaro eta gero, arrazismoaren kontzeptua erabat aldatu da. Orduko humanista askok Euskal Herriari edo Europako beste herrialdeei buruz normaltasun osoz erabiltzen dute arraza. Adibidez, Jacques Reclusek bere entziklopedian hala dio, eta hura anarkista zen», esan du. «Horregatik, orain horregatik inor epaitzea ere...».

Victor Morenoren arabera, ordea, Ezkerrak eta PSNk egindako salaketak «funtsa» du. «Campion arrazista, xenofoboa eta antisemita zen». Adibide gisa jarri du Campionek egindako aipu bat espainiarren artean nagusitzen ari diren chulo edo«morroi zikin eta doilorrei buruzkoa». Nobela batean, juduak moralik gabekotzat aurkezten ditu, eta Altadillek halako «paragrafo asko» dituela deritzo Morenok. «Eta ez, ez dira testuingurutik kanpoko esaldiak. Arrazismoa eta antisemitismoa ondo argudiatuta daude, eta garai hartako testuinguru politikoak ez du balio itzal horiei bermea emateko». Haren irudiko, beste indar politiko, erlijioso, kulturalek bestelako ikuskera bazuten. «Ez diezazkiogun testuinguruari egotz bere hanka sartzeak».

Sagrario Alemani, ordea, «bitxia» egin zaio kritika. «Nik buelta emango nioke», dio. «Bere herrian euskaldunak baztertuak zirela ikusten zuen, edozein postutarako gaztelania jakin behar zuten. Burla egiten zitzaien, gutxietsiak zeuden. Hain zuzen, Campionek lan egin zuen euskaldunei erakusteko nor badirela». Alemanen irudiko, hori da, hain justu, xenofobiaren aurka egotea.

Santi Leonek oso argi du «arrunt kontserbadorea» zela, eta orduko pertsonalitate gehienak ulertzeko ezinbestekoa dela erlijioaren pisua aintzat hartzea. «Katolizismoak elkartzen zituen». Kristau sinestun zen heinean, antisozialista eta antikomunista sutsua zen. «Adibidez, 1920 aldera idatzitako testu batean irakurri nion Euskal Herriko etxekoandreak direla sobieten aurkako harresirik sendoena».

Auzia da ikuspegi ideologikoak itzal egin ote diezaiokeen haien lanari. Denen erantzuna ezezkoa da. Jose Luis Nievaren arabera, «ez da bidezkoa salatzea ez zirela politikoki zuzenak. Euren garaikoak ziren. Ez ziren feministak, ez ziren laikoak, ziren zirenak». Morenorentzat, «katoliko integrista» izan zitekeen Campion, baina horrek ez luke saria emateko irizpidea izan behar. «Inoiz ez da denen gustukoa izango, baina ideologiak inoiz ez luke ekarpen zientifiko, kultural edo historiko bat gutxietsi behar».

ONDARE MATERIALA

Urrezko Domina ematerakoan, Nafarroako Gobernuak batik bat goraipatu du Nafarroako bandera diseinatu zutela. Bandera aurretik bazegoela argudiatuta, UPNk gezurtatu egin du azalpen hori, eta atzean motibazio politikoa dagoela salatu du: «Euskal nazionalismoak historia manipulatu eta mespretxatzen du. Bandera iraindu dute, eta orain kontzientzia garbitu nahi dute». Aitzitik, 2010ean Miguel Sanzen gobernuak Nafarroako bandera sortu zeneko lehen mendeurrena ospatu zuen. Orain, Esparzaren alderdiak omenaldi hura ahaztu du.

«Ikusten da UPN zernahi egiteko prest dagoela gobernuari eraso egiteko», dio Santi Leonek. Haren ikuspegitik, UPNk «eztabaida txatxu bat» planteatu nahi du abertzaletasunarekin lehian historia oinarri hartuta: «Hau da, ikurrina berri-berria da, eta Nafarroako erresuma, oso antzinakoa». Hartara, egungo nabarrismoaren ikuspegi horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik datorren dena «asmakizun bat da», eta Nafarroako erresumatik datozen sinboloak errealak dira. «Hori ez da egia, sinplekeria bat da. Nafarroak ere bere prozesua izan zuen, eta baditu bere gezur eta sinboloak».

Horietako bat kateak dira, Navas de Tolosako guduan 1212an Antso VII.ak Miramamolin sultanari ustez erauzitakoen sinboloa. Morenoren arabera, Ambrosio Huizi historialari nafarrak «mito arrazista» hori gezurtatu zuen, baina domina jasoko duten kideek gutxietsi egin zuten tesi hura. «Huizi frankismoan espetxeratua eta errepresaliatua izan zen, eta, gerora, ahantzia. Domina haren kritikoei emanda, azken erasoa egin zaio», deitoratu du. UPNren jarrera ere kritikatu du; azken finean, 1910eko bandera bere egin zuen, eta orain haren egiletza ukatzen du.

Jose Luis Nievaren arabera, auzia dirudien baino «konplikatuagoa» da. Oloritzek idatzi batean aipatzen du aitzina «jauntxoen eta erregeen» ikur zirela banderak, eta ez herrialde edo nazioenak. Izan ere, kontzeptuok modernoak diren heinean, haiek ordezkatzen dituzten ikurrak ere garaikideak dira. 1910ean, diputazioak bandera egiteko eskatu zien Altadilli, Oloritzi eta Campioni. Nafarroak banderarik ez zuelako, eta kezkatuta zegoelako eskoletan «[Espainiako] Ikur nazionalak napartarra ordezkatuko duelako».

Hartara, Nievak ukatu egin du UPNren tesia. «Bandera eraikitzea proposatu zutenean, inork ez zuen esan banderarik bazegoela». Armarria bazegoen, baina hura ere ez zen oso ezaguna. Hiru historialariek, alabaina, bazekiten nolakoa izan zitekeen: zortzi katebegikoa, bere koroa eta esmeraldarekin. Javier Ziga margolariak margotu zuen armarria, eta gero kolore gorria eman zioten banderari. «Haientzat izan zen garaipen bat, euren bandera izango zelako betiko».

Behin bandera bat sortuta, hark bere bidea egiten du. Baina, errepublika garaian, goiko koroaren ordez, harresiak jarri zizkioten armarriari, eta, 36ko gerraren ondoren, ereinozduna faxistek. Egun, ezker abertzaleak banderari armarriko koroa kentzen dio, eta UPNk, berriz, «esanahia aldatu dio», Nievaren iritziz. Izan ere, egungo nabarristei oso ezerosoa egiten zaie nabarmentzea euren bandera kuttuna euskaltzaleek sortu zutela. Nievaren ustez, beste gauza askorekin gertatzen da hori. «Niretzat oso zaila da gaur egungo Nafarroako ezer pentsatzea eta atzean euskaro bat ez ikustea». Banderaz gain, Foruen monumentua altxatu eta beste eraikin esanguratsu batzuk eraberritu zituzten. Adibidez, Erriberriko gaztelua. «Eta zer da gaur Erriberri, jauregirik gabe?».

ONDARE POLITIKOA

Kulturaren eremua zeharkatuta, politikan ere murgildu ziren. Azken finean, identitate politiko bat aldarrikatzea bilatu zuten. Ez ziren karlistak, baina ezta liberalak ere. Hirugarren bidea irekitzen saiatu ziren. «Politikan foruzaletasuna, fuerismoa, aldarrikatu zuten; hau da, hemengo indarrek bat egin behar dute hemengoa defenditzeko», dio Santi Leonek.

Zentralismoaren aurrean, «sekulako esfortzua egin zuten foruen defentsan», Esparzaren arabera. «Nahi izan zuten euskaldun eta nafar guztiak batzea Espainiako alderdietatik at. Eragin handia izan zuten, eta horregatik etorri zen Gamazadaren erreakzioa». Aldarrikapen hark puntu gorena erdietsi zuen German Gamazo ministro liberalak 1893an foru lurraldeei oraindik zutik zirauen foru sistema ezabatu nahi izan zienean. Gamazada izeneko matxinada hartan, Hermilio Oloritz nabarmendu zen. «Gamazadako poeta izan zen», dio Esparzak.

Nievaren aburuz, altxamendu haren kronikari izan zen Oloritz. «Campionek dena irensten zuen, baina harritu nintzen Gamazadan gehien aipatutako pertsona zelako. Gamazadak Madrilen harrapatu zuen, eta poema bat idatzi zuen. Diputazioak jendearen artean banatu zuen». Handik urte gutxira, ezkor zegoen Oloritz egoerarekin. «Gamazada une iragankor bat izan zela zioen. Urak bere onera itzuli ziren». Karlistak hauteskundeetara aurkezteko debekua kendu zenean desegin zen, neurri batean, euskaroen hautagaitza. «Geratu ziren gutxi batzuk, oso onak, arlo kulturalean preziatuak, baina politikan umezurtz».

Hala ere, foruzaletasun haren uhin politikoak gaurdaino irits daitezke. Izan ere, Leonek dioen bezala, diskurtso horretatik «abertzaletasun jakin bat jaio daiteke, baina nabarrismo jakin bat ere aurkitu ahal dugu». Leoneren ustez, egungo nazionalismoaren ikuspegitik «motz» gera daiteke. Ez ziren independentistak, inondik inora. Hala ere, Leoneren arabera, «maiz Sabino Arana zein Arturo Campion kontrajartzen dira, baina gero ikusten da ez zirela hain diferenteak, eta gogoeta oso antzekoak egiten zituztela». Hain maila intelektual handiko taldea izanik,zergatik ez zen errotu nazionalismoa Nafarroan eta bai Bizkaian? «Hemen industriarik ez zegoen, eta Bizkaian, aldiz, bai», ondorioztatu du Leonek.

Campionek Espainia federala defenditu zuen, Esparzaren arabera, baina belaunaldi hark «maitasun handia» zion Euskal Herriari, eta Nafarroa euskal izaerari lotua ikusten zuen erabat. Bere azken urteetan omenaldi ugari egin zitzaizkion Campioni: maisua zen jeltzaleentzat, baina baita erreferente bat orduko nafar eskuineko ordezkari nagusientzat ere. UPN, orduan, zergatik sentitzen da egun deseroso haiekin? Nafarrak eta euskaltzaleak zirelako. «Hori da nabarrismoaren tragedia. Ez dute historia osoan Euskal Herria kontzeptua ukatzen duen intelektual bat, musikari bat, pertsonaia bat. Ez dute inor. Edozein hemerotekatara jo, edozein hartu, eta den-denek onartzen dute Euskal Herria».

Victor Morenoren arabera, «gustukoa ez bada ere» euskararen defentsa garai hartan «sektore atzerakoi eta kontserbadoreenek» egin zuten. «Paradoxikoki, gero ezkerreko alderdiek hartu zuten aldarri hori, eta geroztik badakigu zer gertatu den. Eskuinaren diskurtsoak, bere jatorriarekin kontraesanean bada ere eta gezurretan ari dela jakinik ere, terrorismoarekin eta separatismoarekin lotu du. Pentsatzen dut Campionek, Olorizek eta Altadillek sekula ez luketela halakorik ulertuko, ezta onartuko ere».

Haustura horrek berebiziko garrantzia du gaur egungo politikagintzan, eta balio du azaltzeko egungo UPNk zergatik uko egiten dion ondare politiko horri. Guillermo Sanchezen arabera, aldaketa prozesu hori jada 1920ko hamarkadan hasi zen: Nafarroako eliteen artean familia berri batzuk boterea bereganatzen hasi ziren, eta «Euskara Elkartearekin erlazionatutako iragan horretatik aldentzen hasi ziren». Hala ere, erabateko haustura «oso gauza berria» dela deritzo.

1970eko hamarkada amaieran ere, eskuin horrek ez zuen zalantzan jartzen Nafarroaren euskal izaera. «Beste gauza bat da haientzat nafarrak espainiarrak garen edo ez, eta beste euskal lurraldeekin joan behar garen», zehaztu du Nievak. Haren ustez, nabarrismoak nazionalismoa «arriskutsu» ikusi zuenean gertatu zen erabateko haustura. Hainbesteraino, iragan horri muzin egiten diote egun. Foruen monumentua jarri du adibide gisa. Euskaroen ekimenez, 1903an altxatu zen, Gamazadaren oroimenez, eta egun foraltasunaren ikur gorena da. Bost plaka jarri zitzaizkion, bat euskaraz: «Eskerrak ondo itsatsi zituztela, ziur bainago gaur egun, bestela, apurtu egingo lituzketela».

FRANKISMOA

Campion Espainiarekin. Hizki larriz, hori zioen 1936ko irailaren 15eko Diario de Navarra-k, eta haren sinadura kasik garaikur gisa ageri da. Hori oinarri hartuta, Ezkerrak altxamendu faxista babestea egotzi dio. Gerra piztu zenerako, Campion kaskar zegoen osasunez, eta, Bernardo Estornes orduko editoreak gerora onartu zuenez, «apenas ikusten zuen ezer». Jose Javier Granja historialariak gertaera horri buruz ikertu zuen, baina ezin izan zuen argitu sinadura urduri horren atzean zer ezkutatzen zen.

Victor Morenok, Campionen figuraren alde ilunak azpimarratu dituenak, oso argi du: «Ez zen frankista. Zahar eta gaixo egonik, edozein agiri pasatu izan baliote ziurrenik sinatuko zukeen», esan du. «Ikaragarria ez da zer sinatu zuen, baizik eta agure baten sinadura bilatu zutenen zitalkeria».

Horregatik, haserre, Jose Mari Esparzak ez du ulertzen zergatik atera duen auzia Ezkerrak. Gogora ekarri du Diario de Navarra-ren artxiboetatik gutun hori desagertu egin dela, gainera. «Oso tristea da. Pertsona bezala, intelektualki fusilatu egin dute fusilatuen izenean. Zer eskubide dute frogarik gabe hori esateko?». Esparzaren arabera, Campionen ibilbide politikoak gorabeherak izan zitzakeen, «baina argi dago ez zela faxista».

Izan ere, frankistek lehenik eta eskuinak gero ez dute inoiz aldarrikatu ez Campion eta ez haren belaunaldiaren lana. Altxamendu faxista bultzatu eta egiazki frankista izan ziren Eladio Esparzak edo Garcilasok maisutzat har zezaketen Campion, baina haren obra ahanzturan erorarazten lehenak izan ziren. «Gerrak suntsitu egin zuen ordura arteko mugimendu intelektual hori», dio Alemanek. «Diktaduran 40 urtez isilduak izan ziren», gaineratu du Nievak.

Isiltasun horrek gaurdaino iraun du. Euskalgintzako eta mundu akademikoko pertsona bakanek izan ezik, ezagutza orokorrik ez dago belaunaldi hari buruz. XXI. mendeko gertuko betaurrekoekin iraganera so egitean figura horiek lauso daitezke, eta argi-ilunak nabarmendu. Eztabaidagarria izan liteke aitortza hildako pertsonei egitea, baina 2015ean merezimendu osoz Jose Maria Jimeno Jurioren lana saritu zenean inork ez zuen ezer esan. Izan ere, hamarkadatan agindu dutenen bazterketa ofizialak biziei eta hilei eragin die. Polemikaren zipriztinekin bada ere, ondare isildu horri aitortza egingo zaio gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.