Euskara hezkuntzan. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zirkularra. Peio Jorajuria. Seaskako lehendakaria

«Zirkularrarekin biziki kontent gara, baina hauskorra da»

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran du Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zirkularraren bidez Konstituzio Kontseiluak maiatzean hartutako erabakiaren aitzineko egoerara itzuli direla.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Biziki kontent» agertu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Frantziako Hezkuntza Ministerioak atera duen zirkularrarekin.

Azken emaitza esperotakoa da?

Murgiltzea antikonstituzionala gelditzen da; hori ezin dute aldatu, baina, zirkular horren bidez, gure praktika baimentzen dute.Horrek erran nahi du aurten eta heldu den urtean segitzen ahalko dugula gure ereduarekin, eta hori garaipen handia da. Maiatza bukaeran ez ginen segur hori lortuko genuela.

Hala ere, biziki hauskorra da, zirkular bat besterik ez baita: ez da lege bat, ez da dekretu bat, ez da konstituzio aldaketa bat. Luze gabe beharko ditugu neurri sendoago eta iraunkorrago batzuk. Eta, zergatik ez, konstituzio aldaketa bat hori babestuko duena. Baina gure egoera argitua da: zirkularrak argiki erraten du murgiltzea egiten ahal dugula gaur egun egiten dugun moduan.

Azterketena zen zuen kezka.

Publikatu den zirkularrak 2017koa ordezkatzen du. Dokumentu hartan bazen azterketen aipamen bat, guretzat ez zena satisfagarria, ez baitzituen gai guziak zerrendatzen, eta ez baitzuen guk nahi genuena babesten. Horren aipamenak kentzekotan ziren zirkular berrian. Azken momentuan gehitu dute erranaldi bat, eta hori garaipen handia da: gure ikasleek gai batzuk euskaraz pasatzen ahalko dituzte baxoan.Orain, horren modalitateak akademiarekin adostu beharko ditugu. Lehen probak martxoan dira; beraz, guk errektorearen erantzunak epe biziki labur batean behar ditugu, jakiteko aurten nola antolatzen garen baxoarentzat eta brebetarentzat, eta ea zein diren euskaraz egiten ahalko diren gaiak.

Hemendik aitzina, zer aldatuko du zirkular horrek zuentzat?

Zirkular horren bidez, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ez du ondoriorik, eta ez du aldaketarik ekartzen. Gero, zirkular bat da, hauskorra da; hala ere, aski finak izan dira irakurketan: teknikoki ez dute baimentzen murgiltzea, baina baimentzen dute irakaskuntza elebiduna murgiltzearen sistemaren bidez. Parada hori atzeman dute maiatzeko erabakia saihesteko.

Babes hori iraunkortzeko, konstituzioa aldatu beharko da. Edonoiz gerta daiteke berriro mota horretako eraso bat. Hor murgiltzearena salbatu dugu, baina badira oraindik hainbat erabaki gure kontra direnak. Ez da ahantzi behar Molac legeak zeinu diakritikoak onartzea proposatzen zuela. Gaur egun, Iñaki, Beñat eta Aña guziak antikonstituzionalak dira oraindik ere. Hizkuntzen gaiari buruz urrunago eraman beharko da afera.

Alde horretatik, Jean Castex [Frantziako lehen ministroa] ikusi genuelarik irailean, erran zigun sortuko zuela ministerio ezberdinen arteko kontseilu berri bat hizkuntza gutxituei buruz. Espero dugu kontseilu hori egiazki sortuko dela, eta beste afera batzuk konponduko dituela.

Oraindik bada aukera maiatzeko ebazpenean oinarrituta inork zuen eredua auzitan emateko. Zirkularra aterata ere Damoclesen ezpatarekin jarraitzen duzue.

Badugu abantaila bat: Konstituzio Kontseiluak bere erabakia ez zuen motibatu; erabaki biziki labur eta idor batean egon zen, zehaztasunetan sartu gabe. Ez du azaldu zergatik erabaki zuen murgiltzea antikonstituzionala zela. Beraz, gaur egun inork interpretatzen badu egiten duguna antikonstituzionala dela, salaketa bat ezarri beharko luke, baina erakutsi beharko luke ere ez dela gure irakasteko modua zirkular horrek erraten duena. Hor genuke hauskortasuna. Badakigu erasoak edozein aldetatik etortzen ahal direla, eta ikusi dugu Frantzian momentu hauetan hauteskundeei begira badela nazionalismo eta jakobinismo joera azkar bat igotzen ari dena. Hizkuntza gutxituek badituzte oraindik etsaiak Frantzian.

Hemendik aitzina konstituzio aldaketaren bataila abiatuko da. Zer aurreikusi duzue?

Badakigu Seaska txikiegia dela borroka hori bakarrik eramateko. Hor ari gara indarrak bateratzen, eta lanean ari gara Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren bidez. Eginen dugun lehen urratsa da Frantziako presidentetzarako hautagai guziei galdetegi bat bidaltzea posizionatu daitezen kanpainan konstituzio aldaketa horri buruz. Beste gai batzuk ere izanen dira, baina nahi genuke kanpaina horretan konstituzio aldaketaren gaia agendan izatea, eta konstituzioa aldatzeko edo konponbide bat atzemateko engaiamendua hartu duen Frantziako presidente bat ateratzea. Ez gara gaurko corpus juridikoarekin egoten ahal; XIX. mendeko gogoeta batzuetan oinarritzen da. Aldaketarik ez bada, beti izanen da hizkuntzen kontrako mehatxua.

Frantzian diren dinamika politikoak ikusirik, errealista ote da?

Molac legea ez zen errealista. Denek erraten zuten ez zela inoiz pasatuko, gizartea ez zela prest. Legeak sostengu handia izan zuen Senatuan, Asanblean, eta izan zuen ere karrikan. Konstituzio Kontseiluaren ondotik izan ziren mobilizazioak biziki azkarrak izan ziren. Ikusi genuen erabakiak bazterrak inarrosi zituela, eta gehiengo handi bat badela horrelako erabakiak onartzen ez dituena. Beti uste dugu Frantzia ez dela inoiz mugituko, baina segitu behar da borrokan, eta egun batez lorpenak izanen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA