Zizur Nagusiaren eta Galarren artean egingo dute 2026ko Nafarroa Oinez

San Fermin eta Erentzun ikastolek elkarlanean antolatuko dute 2026ko Nafarroa Oinez, 'Bidean bat gara' leloaren bueltan.

2026ko Nafarroa Oinez-en aurkezpena, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko Nafarroa Oinez-en aurkezpena, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 5a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 19an egin zuten aurtengo Nafarroa Oinez, eta 2026koaren antolaketan murgilduta daude jada. Vianako Erentzun ikastolak eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak «elkarrekin eta elkarlanean» antolatuko dute Nafarroako ikastolen aldeko festa, Zizur Nagusiaren eta Galarren artean. Gaur aurkeztu dute jaia, Iruñean; bertan izan dira Erentzun ikastolako zuzendari Garbiñe Zulaika eta San Fermin ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltza.

Festak jada badu leloa: Bidean bat gara. «Erentzun eta San Fermin Ikastola bat gara Oinezen antolakuntzan. Nafarroako Ikastolek elkarlanean eta elkartasunean oinarritutako sare bat osatzen dugu, eta helburu horrekin bat egiten dugu euskararen alde ari garen euskaldun, euskaltzale eta eragile guztiok», azaldu du Zulaikak. Bi ikastolek helburu berbera baitute: «Nafarroan aurrera egitea euskararen berreskurapenean eta normalizazio prozesuan». Eta hori guztia elkarrekin egin nahi dute; horregatik leloa: «euskarak batzen gaituelako eta guztiok garelako ezinbestekoak».

Eta logoa ere bai. Oinez hitza ageri da idatzita, eta hizkiak Irulegiko eskuaren itxura du. «Diseinuak gogora ekarri nahi du bidea ireki zutenen ondarea, herentzia historikoa, gure arbasoen lekukoa jasotzen dugulako bidean aurrera jarraitzeko konpromiso osoarekin». Leloarekin egin bezala, logoarekin ere «elkartasuna eta lankidetza» irudikatu asmo dituzte: «euskaltzale guztiok elkar topatzeko luzatu nahi dugun eskua da».

Leloa eta logoa sortuta, jada murgilduta daude Nafarroa Oinez-en antolaketan. Sagastibeltzaren esanetan, «anbizio guztiz» ari dira, jaia «euskaldun eta euskaltzale guztien topagune» izateko. Hori horrela izan dadin, «eragile, instituzio eta euskaltzale guztien» elkarlana sustatu nahi dute.

Ontzat jo dute aurtengoa

2026ko jaia aurkeztearekin batera, 2025ekoaren balorazioa ere egin dute. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak balorazio «positiboa» egin du, eta ikastolen sarearen eta komunitate osoaren «konpromisoa» nabarmendu. Horrenbestez, helburuak bere dituztela azaldu dute: «Ikasturtean zehar garatutako ekimenak eta jarduerak aztertu ondoren, hasieran planteatutako helburuak lortu ditugula ondorioztatu dugu. Ikastolen sarea indartzea, gizarte proiektuak sustatzea, eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko konpromisoa eta auzolana bultzatzea izan dira helburu horiek. Hori dela eta, pozik gaude egindako lanarekin».

Nabarmendu dutenez, aurrerantzean ere ekinean arituko dira: «Komunitate osoan euskarazko edukiak, ikuskizunak eta harremanak sustatzeko lanean jarraituko dugu, ingurunean hizkuntzaren erabilera eta kultur bizitza indartuz. Nafarroa Oinez gure proiektuari bultzada kolektiboa emateko aukera paregabea izan da, eta, jasotako laguntzari esker, euskararen presentzia eta transmisioa bermatzeko beste ekimen batzuk abiatuko ditugu, gaurko eta biharko belaunaldien mesedetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.