Okupazioa

Zornotzako gaztetxea ixteko saioak huts egin du

Ertzainak, udaltzainak eta epaitegiko idazkariak joan dira goizean Munarri gaztetxea ixtera, baina operazioa bertan behera utzi behar izan dute, eraikinean hiru haur dituen pertsona bat bizi dela ohartarazi dietelako.

Zornotzako Munarri gaztetxea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 28a
12:40
Entzun

Ertzaintzako eta Zornotzako (Bizkaia) Udaltzaingoko agenteak, eta epaitegiko idazkariak sarrailagile batekin agertu dira gaur goizean herriko Munarri gaztetxean, eraikina husteko agindu batekin. Antzinako jauregiko inguruak itxi dituzte, baina gaztetxeko hiru kidek barrura sartzea lortu dute, eraikina barrenetik ixteko eta poliziari sartzea galarazteko. Bitartean, Harrera elkarteko abokatuek idazkariari ohartarazi diote ezin zutela aurrera jarraitu operazioarekin, eraikinean pertsona bat bizi delako, eta asteburuetan hiru haur haren kargu dituelako.

Zornotzako Gazte Asanbladak Forjarien jauregia deiturikoa okupatu zuen uztailean, eraikinean gaztetxea antolatzeko. Munarri gaztetxea deitu diote egitasmoari. Eraikina hutsik zegoen, eta azken urteotan Vusa etxegintza enpresaren esku egon da. Gazteen arabera, «dekadentzia egoera argian» zegoen jauregia.

Enpresak, ordea, auzitegietara jo zuen, eta zigor auzi bat zabalik dago identifikatu zuten gazte baten kontra.

Zornotzako Munarri gaztetxea atontzeko gazteek eginiko lanak, iazko urrian.Aritz Loiola / FOKU

Duela gutxi arte, bi familia bizi ziren gaztetxean. Izan ere, Gazte Asanbladak eraikinaren goiko solairua prestatu zuen ataka latzean dauden pertsonak hartzeko. Familietako batek etxebizitza utzi du duela gutxi, eta une hori aprobetxatu dute eraikina husten saiatzeko, Olatz Talavera Harrera elkarteko abokatuaren arabera.

Baina saioak huts egin du gaur goizean. Izan ere, abokatuaren arabera, gizarte zerbitzuetakoek ez diote auzitegiari eraikinean bizi den beste familiaren berri eman. Bananduriko aita bat bizi da han, eta asteburuetan hiru haur ditu bere kargu. Poliziaren operazioa ikusita, herritarrek abokatuak ohartarazi dituzte, eta Talaverak auzitegiko idazkariari eta gizarte zerbitzutakoei esan diete ezin zutela aurrera jarraitu, familia baten aterpe delako eraikina.

Idazkariak, orduan, hamar eguneko epean epaitegian agertzeko agindu bat eman dio familiaburuari, han bizi dela frogatzeko agiriren bat eraman dezan.

«Ikusiko dugu noiz arte luzatu ahalko dugun prozedura, familia kalean geratzea ahal bezain beste atzeratzeko», esan du Talaverak

Gazte Asanbladak adierazi duenez, fede txarra ikusi dute gaztetxea husteko eginiko saioan. Udaltzainburuarekin hitz egin dutela esan dute, eta hark adierazi diela ez zekitela inor eraikinean bizi zenik. «Itxaron dute han bizi den pertsona kalera atera arte operazioa egiteko. Beraz, bazekiten han bazela norbait bizitzen».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.