Zorrotzaurrek ezkutatzen duena

Berrehundik gora lagunek egiten dute lo gauero Deustuko Erriberako lantegi hutsetan. Herenegun bat eraisten hasi ziren, asteazkenean «modu susmagarrian» urez bete zela eta. Bilboko Udalarena da haren jabetza, eta Mondragon Taldeak proiektu bat du bertan.

Zorrotzaurreko lantegi huts batean bizi zen gizon bat, eta atzean bere bizitokia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zorrotzaurreko lantegi huts batean bizi zen gizon bat, eta atzean bere bizitokia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko urriaren 11
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorrotzaurre Bilboko penintsula bi munduren arteko talka da. Metro gutxian bat egiten dute lazeria gorriak eta diruaren usainak: Bilbok erakutsi eta ezkutatu nahi dituen horiek eskutik helduta ageri dira, hain zuzen. Eraikin berriak eta etorkizuneko proiektuak lantegi eta pabiloi zaharren porlanezko hezurdura meheekin nahasten dira. Zaharrak bai, baina ez hustuak, jardun industrialik ez egon arren berrehun lagunetik gora bizi baitira haietan. Beste hoberik ezean, batzuek bost urte daramatzate han.

Consonnik Zorrotzaurren duen plantan, garai batean koadro elektrikoak ekoizten zituzten; Lancorrenean, berriz, argindar motorrak. Egun, bi orubeak Bilboko Udalarenak dira, eta etorkizunean bertan egongo da Mondragon Taldeak eraiki nahi duen gune teknologikoaren egoitza. Azken urteetan, baina, laurogei gizonen bizitoki izan dira: gehienak Maroko, Aljeria eta Tunisiatik iritsitako etorkinak dira. Urik edo argindarrik ez izan arren, bizimodu antolatua zuten, logelaka banatua. Kanpotik oheak eta kanpin dendak ikus daitezke, baita dekorazio elementuak ere, baina ez dute merezi etxe titulurik.

«Aterpetxea ohea da, baina ez etxea. Gizon hauek lan egin behar dute bizitzeko. Askok txatarra biltzen dute eta aterpetxeetan ezin da materiala gorde»

ZUBIR Hamar urtez bizi izan zen Zorrotzaurreko lantegietan

Iraganeko aditzak erabili behar dira, eraiste makinak herenegun sartu baitziren, eta ostegunean igaro zuten azken gaua bertan lo egiten zutenek. Azken astea, baina, oso nahasia izan da, eta ez da ezustekorik falta izan. Hala azaldu du Erribera Harrera auzo elkarteko Jose Moralesek: «Asteazkenean, hiru urtez urik bota gabe egon zen lantegi barneko hodi bat lehertu egin zen, eta urak gainezka egin zuen. Suhiltzaileek gauez konpondu zuten, giltza bakarra itxita. 11 orduz egon zen ura botatzen. Uholde hori aitzakia hartuta, lantegirik handiena hustu egin zuten».

Erribera Harrerako kideek argi dute «gutxienez susmagarria» dela gertaturikoa, eta ez dute hain argi zorigaiztoko istripua izan denik. Gaur eman dute egoeraren berri Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearekin batera antolaturiko protestan. Laurogei pertsona horiek Bilboko hiru aterpetxetan hartu dituzte oraingoz: Otxarkoagan, Lezamako Bide Zaharrekoan eta Clareten. Hori berritasuna izan da, aurretik beste pabiloi batzuk hustu dituztenean kale gorrian gelditu izan baitira bertako biztanleak. Erribera Harreran, dena den, sinetsita daude «erdi planifikatuta» zegoela; izan ere, gizarte eragileek salatu dutenez, aterpetxeetako ohe horiek aurretik gordeta zeuzkan udalak.

Zorrotzaurreko kaleratzeak.
Zorrotzaurreko lantegi huts bat, bizitoki bilakatuta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Horregatik, «zuhurtziaz» aztertzen dute egoera, ez baitakite kaleratuek zenbat gau egin ahal izango dituzten aterpetxeetan: «Denborak erakutsiko du benetako borondate aldaketa bat den ala bi pabiloi hauek presaka eta ahalik eta azkarrena eraisteko estrategia hutsa den». Morales ez da erabat fio udalaz, baina gizarte eragileen artekaritzak itxaropena piztu dio. «Jende honek bizitokia behar du lehenbizi, baina baita bizi proiektu bat ere. Aurrera egiteko baliabideak behar dituzte, ikasketak, formakuntza... Horiek emango dizkietela esan diete udalean. Ikusi beharko... baina ez dago ezer ospatzeko, partida hasi baino ez baita egin».

«Zuhurtziaz aztertu behar da dena. Denborak erakutsiko du udalarena benetako borondate aldaketa bat den ala bi pabiloi hauek presaka eta ahalik eta azkarrena eraisteko estrategia hutsa den»

JOSE MORALES Erribera Harrera auzo elkartea

Baina zer diote bertan bizi zirenek? Mohammedek —izena asmatua da— aterpetxe batean egin zuen lo herenegun, baina gaur ez da itzuliko: «35 lagun gaude pilatuta, ez dago dutxarik, zarata handia dago... Ez da bizitzeko modua; horrela egoteko, nahiago dut kanpin denda bat aurkitu eta hemengo beste lantegi batean sartu». Ahmed —izen asmatua hori ere— harekin egon zen, eta antzera mintzo da. «Entxuferik ere ez dugu, dutxak kaskarrak dira, eta ez dago inolako segurtasun neurririk. Ez dakit zer egingo dudan».

«35 lagun gaude pilatuta, ez dago dutxarik, zarata handia dago... Aterpetxekoa ez da bizitzeko modua. Horrela egoteko, nahiago dut kanpin denda bat aurkitu eta hemengo beste lantegi batean sartu»

MOHAMMED Consonniko lantegi hutsean igarotzen zuen gaua

Zubirrek ondo daki zer den hori. Hark bai, benetako izena eman du. Aljeriakoa da jaiotzez, eta hamar urte egin zituen lantegi hutsetan bizitzen. «Aterpetxea ohea da, baina ez etxea», azaldu du. «Gizon hauek lan egin behar dute. Dirua behar dute bizitzeko eta jatorrizko herrialdera bidaltzeko, seme-alabak baitituzte han. Aterpetxeek muga handiak dituzte: ordutegiak, askatasunik eza... Esaterako, hemengo gehienek txatarra jaso eta saltzen dute, eta aterpetxean ez dago non gorde. Ez du balio».

Zorrotzaurreko kaleratzeak.
Zorrotzaurreko husteak salatzeko protesta, gaur goizean. Atzean, eraisten hasi diren lantegia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Zubirrek kontatu du Zorrotzaurren oraindik badaudela bizileku bilakaturiko bizpahiru lantegi huts, eta ehun lagunek baino gehiagok igarotzen dutela gaua han oraindik. Hotz gorriaz eta bero handiko udaz mintzo da, udaltzainek gauetan egiten dizkieten bisitez, hautsaz, ur faltaz eta katuen tamainako arratoiek kanpin dendetan egiten dituzten zuloez. «Hemen beti gaizki, baina ez dago besterik».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.