Zortzi egoiliar hil dira Hegoaldeko zahar etxeetan

Beste 598 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Horietatik, Nafarroan detektatu dituzte erdia baino gehiago, 311, zehazki. Hildako bat izan da, eta gora egin du ospitaleratze kopuruak: 52 lagun sartu behar izan dituzte erietxean. Gainera, azken orduetan zortzi egoiliar hil dira zaharren egoitzetan, aldundiek jakinarazi dutenez.

PCR proba bat, Getarian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 15a
13:00
Entzun

Gora egin du positibo kopuruak. 598 kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduan egindako PCR probetan, aurreko egunean baino 25 gehiago. Lurraldeka, Nafarroan atzeman dute positibo gehien, alde handiarekin. Izan ere, Nafarroak hirurehun kasu berriren langa gainditu du berriz: 311 kasu detektatu dituzte, aurreko egunean baino 28 gehiago. Gainerako lurralde guztietan, aldiz, behera egin du kasu berrien kopuruak. Bizkaian 169 izan dira azken egunean, Gipuzkoan 86 detektatu dituzte, eta Araban, aldiz, 26 lagunek eman dute positibo. Osotara, 8.951 PCR proba egin dituzte azken egunean.

Koronabirusarekin eri zen pertsona bat hil da azken orduetan, Nafarroan. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak esan duenez, 90 urteko emakume bat da hildakoa.

Ospitaleratzeei dagokienez, gorakada nabarmena izan da. 52 lagun erietxeratu dituzte egun bakarrean, aurrekoan baino 19 gehiago. Horietatik 39 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetara eraman dituzte, eta 13, berriz, Nafarroan erietxeratu dituzte. Nafarroan ospitaleratutako bat ZIUn sartu behar izan dute.

Oraintxe bertan, 70 gaixo daude ZIUn Hegoaldean, eta 467 gaixok ospitalean segitzen dute.

Zahar etxeetan, heriotza kopurua gora

Halaber, azken bi egunetan Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako zaharren egoitzetan koronabirusarekin lotutako heriotza kasu berriak izan direla jakinarazi dute aldundiek. Zortzi egoiliar hil dira guztira: Lau hil dira Bizkaian, bi Araban, eta beste bi Gipuzkoan.

Nafarroaren kasuan, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak egoitzen inguruko datuak gaurkotu ditu, eta jakinarazi du oraintxe 31 egoiliar daudela koronabirusarekin eri Nafarroan; hau da, joan den astean baino lau gutxiago. Egoitzetako langileei dagokienez, 48 dira positiboak, eta horietatik 35ek sintomak dituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.