BOKALE. Etxalde sozietate kooperatiboak zortzi etxebizitza erosi nahi ditu Bokalen (Lapurdi), «merkatu espekulatibotik» ateratzeko. Horretarako, 1.270.000 euro bildu behar ditu, eta biztanleei diru bilketarako deia zabaldu die. Etxalderen proiektua zortzi etxebizitzen jabetza eskuratzea da. Ondotik, erosketa prezioaren erdian gozamena saltzea da asmoa. Gaur egun, etxebizitza sozial pribatuak dira. Zortzi familia alokairuan daude bertan. Kooperatiba haiekin bildu da, Beñat Etxebest Etxaldeko lehendakariak azaldu duenez: «Oraingoz alokatzaileak ez dira guztiz konbentzituak proiektuarekin, baina guri izango da frogatzea haientzako abantailak besterik ez dela». Martxoak 31 arte dute diru guztia biltzeko.
Elkarteak etxeen jabetza atxiki nahi du, behin betiko merkatutik ateratzeko. «Erosiz gero, biztanleriaren jabetza bilakatuko da», adierazi du Etxebestek. Gozamenaren jabe berriak hasierako erosketa prezioaren erdiagatik biziko dira etxeetan. Hau da, Bokaleko 57 metro karratu inguruko etxe bat 85.000 euroan eskuratuko lukete. Ondorengoei herentzia transmititzeko aukera atxikiko dute, erositako prezioaren %10ean, eta gozamena berriz saltzeko aukera izango dute. Gozamendunek Etxalderen garapenerako hilabetero ekarpen bat egin beharko dute, Bokaleko etxe horietan hilabetean 205 eurokoa izanen dena. Diru horrek «autofinantzaketa» ahalbidetuko du, ondoko etxeak erosteko adibidez, eta Etxalderen ekarpena handituko luke.
Zortzi etxe merkatu «espekulatibotik» atera nahi dituzte
Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu