EUSKAL PRESOAK

Zortzi pertsona gose greban, Patxi Ruiz presoari babesa azaltzeko

Presoak lau egun bete ditu gose eta egarri greban.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den azaroan Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko maiatzaren 14a
19:42
Entzun

Patxi Ruiz euskal presoak laugarren eguna zuen atzoko gose eta egarri greban, eta haren egoeraren berri eman zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. AEMren esanetan, Ruizek ez du oraindik medikuaren bisita jaso, ezta bere konfiantzazko medikuekin komunikatzeko baimenik ere.

Horretaz gainera, kartzelaren jarrera salatu du AEMk: «Zuzendaritzak Patxiri atzo esan zion ez zuela bere gose eta egarri grebaren konstantziarik, eta horren berri ematen zuen paper bat sinatzeko jarri zioten aurrean. Patxik uko egin zion; besteak beste, zaintza epaileari eman diolako bere egoeraren berri, eta abokatuak kartzelarekin kontaktuan jarri direlako lehenengo egunetik».

Ruizen osasun egoerari dagokionez, bi egun daramatza txiza egin gabe. AEMk oharra egin du horrek zer esan nahi duen: «Haren gorputza urik gabe dago, eta giltzurrunak kalteak sufritzen has daitezke».

Ruizi elkartasuna adierazten ari zaizkio espetxetik nahiz kaletik: asteazkenetik, Ibai Aginaga ziegatik atera gabe dago Sevilla II kartzelan, eta Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano presoek uko egin diote espetxeak ematen duen janariari. Puerto III-n daude hirurak. Gainera, gaurtik, Jon Kepa Preciadok ere uko egin dio ziegatik irteteari -Kordoban dago giltzapetuta-, eta Mikel San Sebastianek uko egin dio janari erretiluari.

Kalean, berriz, lau pertsona gose greban daude Ezkerraldean asteazkenaz geroztik, eta beste lau Ondarroan (Bizkaia), gaur hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.