Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati: zazpi urte bikotekide ohia bortxatzen saiatzeagatik eta urtebete harengandik urruntzeko zuen agindua urratzeagatik. Joan den ekainean, baina, hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizonari: 11 sexu erasoagatik eta urtebete urruntze agindua urratzeagatik. Gizonaren defentsak helegitea jarri zuen, eta partzialki onartu du epaileak: zigorra gradu bat jaitsi dio, eta ez bi, eskatu moduan.
Dena den, Auzitegi Nagusiak gizonari ezarritako gainerako neurriak berretsi ditu. Hamasei urtez ezin izanen da emakumearengandik bostehun metro baino gutxiagora egon, eta kartzela zigorra bete ondoren zaintzapeko askatasunean egon beharko du, lau urte eta sei hilabetez. Gainera, emakumeari 20.000 euro ordaindu beharko dizkio, kalte moralengatik.
Epaitegiak kontatu duenez, 2024an indarkeria matxistagatik zigortu zuten gizona, eta emakumearengandik urruntzeko agindua zuen 2027ra bitarte. Halere, 2025eko ekainean harekin harremanetan jarri zen, eta emakumearen etxera joan; bertan eraso egin zion. Bizilagun batek Iruñeko Udaltzaingoari hots egin zion, eta etxebizitzara bertaratu zirenean gizonak emakumeari eraso egin ziola egiaztatu zuten.

