Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute mugaldeko zortzi ikastolak

Elkarren arteko harremanak indartzeko borondatea agertu dute, euskara ardatz.

Zubiak Eraikiz hitzarmenaren berritzea, Hendaian. NAHIA GARAT
Zubiak Eraikiz hitzarmenaren berritzea, Hendaian. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko ekainaren 12a
16:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Muga administratiboek banatzen dituzte, eta Bidasoa ibaiak elkartu. Lapurdiko, Nafarroako eta Gipuzkoako mugaldeko zortzi ikastolak Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute Hendaian (Lapurdi) gaur egin duten agerraldian. 2016an abiatu zuten egitasmo horrek ikastolen, irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea du helburu. 

Urruñako, Biriatuko, Hendaiako, Ziburuko (Lapurdi) eta Errenteriako (Gipuzkoa) ikastolek sinatu zuten hitzarmena, duela bederatzi urte. Aurten, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa batu da, eta baita Berako Labiaga, Lesakako Tantirumairu eta Elizondoko Baztan ikastolak ere. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen diru laguntza izan du proiektuak azken bi ikasturteetan.

Eguneroko jardunaren bidez administrazio eremurik gabeko Euskal Herri bat eraikitzeko proiektu bat dela adierazi dute sustatzaileek. «Elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea du xede; nazio ikuspegia lantzea, euskara izanik denentzako hizkuntza komuna; eta beharrik handiena duten Euskal Herriko ikastolei sustengua eskaintzea».

Sophie Layous Seaskako lehendakariordearen hitzetan, «euskaraz eta euskal kulturatik» eraikitzen dituzte ikasleek harremanak Zubiak Eraikiz proiektuari esker. «Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu; izan ere, ikastoletako arnasgunea beste eremu batzuetarat eramaten du egitasmo honek, harremanen, kulturaren, ludikotasunaren eremurat».

Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Euskal Herriko zenbait lurraldetako ikasleak «elkarrekintzan» jartzen dituela egitasmo honek. «Gure ikasleentzat Euskal Herri euskaldun eta justuagoa desio dugu».

Ikastolen sarearen garrantzia aipatu du Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak. «Hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia da gure indarguneetako bat. Ez dauzkagu administrazioak izan ditzakeen kate horiek, eta horrek bidea zabaltzen digu bestela egin ezin diren urratsak egiteko. Saretuta gaude, eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.