ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

Zubietako erraustegia ixteko eskatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Errausketaren Aurkako Mugimenduak urteroko martxa antolatu du Lasarte-Oriatik Zubietara, erraustegiaren kalteak salatzeko.

Zubietako erraustegi parean amaitu da martxa, eta hitza hartu dute antolatzaileek. GOTZON ARANBURU/FOKU
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 29a
16:21
Entzun

Lasarte-Oriako udaletxearen aurreko Okendo plazan ezohiko mugimendua zegoen gaur goizean; 11:00etarako minutu gutxi falta zirela, dozenaka herritar biltzen hasiak ziren jada, zira jantzita gehienak, hodei grisez jositako zeruari so. Bandera zuriak zeramatzaten askok, makila luzeetatik zintzilik; erraustegiaren irudia ageri zuten, zirkulu gorri batez inguratuta. Hirugarren urtez, plaza horretatik abiatuta, Zubietako errauste lantegirainoko ibilbidea egiteko prest bildu dira, erraustegia itxi dezatela eskatzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitu eta Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta.

Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen zioen pankarta eraman dute aurrealdean. Herioren mozorroa zeramaten herritarrek eta musikak girotu dute martxa. Pauso lasaian abiatu dira manifestariak, eta horrela egin dute Zubietarainoko bidea. Hara heldu direnean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek hitza hartu dute.

Salatu dute erraustegiaren arduradunek eta agintari politikoek «ezkutuan eta isilpean» gorde nahi dituztela erraustegiak eragindako kalteak. Hala ere, azken hilabeteetan argitara ateratako kalte horietako batzuen berri eman dute; besteak beste, Arkaitzerrekako isuriak eta inguruko aireari, lurzoruari, urari eta landareei eragin dien dioxina eta metal astunen kutsadura aipatu dituzte.

Gehienezko kutsadura maila gaindituta

«Ekopol elkarteak egindako azterketak erakutsi du erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuela gehienezko kutsadura maila 2020an», azaldu dutenez. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak otsailean onartu zuen ez zituela betetzen ingurumen baldintzak, baina manifestariek gaitzetsi dute hala ere ez dutela neurririk hartu.

Parisen izandako kasuan ere jarri dute arreta. Hango erraustegiak asko kutsatzen duenez gero, agintariek herritarrei eskatu diete oilategietako arrautzarik ez jateko. «Hori ez da konponbidea: erraustegiek sortutako kutsaduraren arazoa konpontzeko, erraustegiak itxi behar dira», adierazi dute martxa bukatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.