Zubietako erraustegian (Gipuzkoa) sute bat piztu zen asteazkenean, bertako langile batzordeak jakinarazi duenez. Sute horrek ke toxikoa igorri zuen, eta langileek suari aurre egin behar izan zioten ekipamendu egokirik ukan gabe. Batzordeak salatu du bederatzi behargin «ke toxikoa arnastuta intoxikatu» zirela sua amatatzeko lanetan, babes ekipamendurik gabe aritu baitziren lan arriskutsu horretan, «larrialdietako ur hodiak apurtuta zeudela».
«Enpresaren diruzalekeriak ez du mugarik: ez die axola egoera zeinen larria den, ekoizpena ez da inoiz ere gelditzen», azaldu dute hondakinak errausteko plantako langileen ordezkariek, ohar baten bidez. Enpresa hori Ekobal da, eta, langile batzordearen arabera, harentzat «gehiago balio du fakturatzeak langileen bizitzak baino».
Beharginen ordezkariek esan dute ez direla «gehiago isilduko», eta, horregatik, joan den asteazkeneko larrialdiaren berri emateko urratsa egin dute. 10:30ak aldera piztu zen sutea, eta, langileen esanetan, Zubietako planta «arrisku handiko gune bihurtu zen berriro». Hondakin handien birrintzailearen barruan piztu zen sua, eta zuzendaritzaren erantzuna ez zen izan «langileak babestea», batzordearen esanetan. Salatu dutenez, langileak «arriskuaren gunera» bidali zituzten zuzenean, taldeetan banatuta, suteari aurre egin ziezaioten, «suhiltzaile profesionalak balira bezala».
Langileen osasuna jokoan
Batzordearen arabera, beharginek egoera arriskutsu horri aurre egin zioten, baina «hurbilen zeuden ur harguneak erabat apurtuta eta erabilezin» omen zeuden. «Baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresak inolako aurreikuspenik egin gabe, langileek beren larrua arriskuan jarri behar izan zuten, eta sutea itzaltzeko lanak inprobisatu, sute txikiak itzaltzeko bakarrik balio duen mahuka arrunt bat erabiliz».
Horiek horrela, bederatzi langile artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek. Erraustegiko kudeatzaileen erabaki «negargarrien eta prebentzio neurrien faltaren ondorioa dramatikotzat» jo dute emaitza. Izan ere, larrialdietako suhiltzaileek eta osasun langileek bederatzi behargin artatu zituzten, «larri intoxikatu baitziren zaborra erretzean sortutako ke toxikoak arnastuta».
«Ekobalen plantan sute bat pizten den bakoitzean, langileak sua amatatzera bidaltzen dituzte babeserako ekipamendurik gabe; praktika arduragabe hori ohikoa da»
Zubietako erraustegiko langile batzordea
Sindikatuetako ordezkariek salatu dute asteazkenean erraustegian jazo zena ez dela aparteko gertaera bat. «Ekobalen plantan sute bat pizten den bakoitzean, langileak sua amatatzera bidaltzen dituzte babeserako ekipamendurik gabe; praktika arduragabe hori ohikoa da». Hala, batzordeak salaketa oso larria plazaratu du Ekobal enpresako zuzendaritzaren aurka: «Makineria eta fakturazioa planta egunero aurrera ateratzen dutenen osasunaren, segurtasunaren eta bizitzaren gainetik daude». Hori esanda, langileen ordezkariek ikerketa bat «berehala» abiatzea galdegin dute, «erantzukizunak argitzeko eta legeak ezartzen dituen segurtasun berme zorrotzak betetzen ez dituen edozein jarduera bertan behera uzteko».
Datorren astelehenean Zubietako erraustegiko langileek elkarretaratzea egingo dute plantaren sarreran, 13:00etan, lelo honen pean: GHK, Ekondakin, Ekobal, bizitza zuen aberastasunaren gainetik dago.