Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiarekin lotura duten zenbait enpresatako hamazazpi zuzendari eta teknikari hasi dira gaur ikertu gisa deklaratzen, ingurumenaren kontrako ustezko delituengatik. Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian deklaratuko dute ostegunera arte.
GuraSOS elkarteak behin baino gehiagotan salatu du Zubietako erraustegia legez kanpoko lixibiatuak isurtzen ari zela. Elkarteak ohartarazi du isurketa horiek kalte egin dietela ingurumenari eta osasun publikoari.
Isuri horiek dira, hain zuzen ere, eginbide judizialen abiapuntua. Izan ere, joan den maiatzaren 30ean irekitako auto batengatik hasi zuten ikerketa. Guardia Zibilaren txosten batean eta atestatu batean oinarritzen da autoa, eta ondorioztatu dute Zubietako erraustegia martxan jarri zenean azpiegituren estankotasuna ez zegoela bermatuta, eta ondoren ez zirela konpondu horrekin lotutako arazoak. «Egiturazko» arazo horren ondorioz gertatu dira azken urteetako amoniako eta lixibiatu isurketak, Guardia Zibilaren arabera. Horregatik, eraikuntza enpresetako, enpresa kudeatzailetako eta aholkularitza enpresetako goi kargudunak ari dira egunotan deklaratzen: Ekondakin, Ekobal, LKS...
Lixibiatuak, gutxienez 2024ko abendura arte
GuraSOS elkarteak egindako salaketen harira abiatu zen auzia, eta, gaur, epaitegiaren aurrean berretsi du ingurumenaren aurkako delituak egon direla, eta badela erantzulerik. «Ez dakigu nola amaituko den prozesu judiziala, baina bi egitate daude: bat, erraustegiak isuri behar ez zituen lixibiatuak isurtzen zituela, eta horiek kalte egin dietela ingurumenari eta herritarren osasunari. Eta bi: ekintza horiek badutela erantzulerik», adierazi du Joxe Mari Izeta elkarte horretako presidenteak.
Izetak azaldu duenez, «badakigu lixibiatu horien isuriak gertatu izan direla gutxienez 2024ko abendura arte». Gogorarazi duenez, data horretan isuriak antzeman zituzten hondakinak garraiatzen ari zirela Zubietako erraustegitik beste bi plantetara; horietako bat da Artaxoako (Nafarroa) Ecofert, eta bestea Bilboko Sader. «Ez dakigu gaur egun ere isuriak gertatzen ari diren eta zer egiten ari diren horiekin».
Hala ere, GuraSOSek uste du Guardia Zibilaren txostenak «hutsuneak» dituela, ez baitu kontuan hartu elkartearen ustez erantzule nagusia dena: GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa. Izan ere, elkarteak azaldu duen moduan, GHK da zerbitzuaren eta ingurumen baimen bateratuaren titularra; hori dela eta, GuraSOSek adierazi du borroka egingo duela epaitegietan erantzukizun penalak GHKri bideratzeko.
Nolanahi ere, martxoan Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako auzia, eta libre geratu zen kargurik gabe. Asensio auzipetuen artean zegoen, erraustegiaren kudeaketaren ardura duen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidentea delako.