Hurrengo larunbatean, hilaren 24an, manifestaziora deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Zubietako errauste plantaren (Gipuzkoa) aurka mobilizatuko dira, 13:00etan, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Izan ere, erakundeak salatu nahi du aldundiak ez dituela kontuan hartzen erraustegiak eragindako kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak.
Erraustegiak egunero kutsatzen gaitu. Erraustegia gelditu! lelopean egingo dute elkarretaratzea. Manifestazioaren antolatzaileen ustez, Aldundiak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez dute betetzen «erraustegia eta halako fabrika arriskutsuak kontrolatzeko» duten eginkizuna. Gainera, leporatzen diete kontuan ez hartzea errauste plantaren aurka agertu direnen iritzia.
Apirilean, Zubietako erraustegiari buruzko txosten bat argitaratu zuen Toxicowatch gobernuz kanpoko erakundeak; hark «datu kezkagarriak» jaso zituen, erakundeko ikerketa buru Abel Arkenboutek BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean azaldu zuenez. Datu horiei, baina, sinesgarritasuna ukatu zien Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak, eta esan zuen ez duela zentzurik Toxicowatchen eta Biogipuzkoaren azterketak alderatzeak: «Bata zientzia institutu serio bat da, eta bestea, auskalo». Izan ere, gobernuz kanpoko erakundeak bezala, Biogipuzkoak ere neurketak egin ditu azken urteetan, erraustegiak osasunean zer eragin izan ditzakeen aztertzeko.
Errausketaren Aurkako Mugimenduaren ustez, bi ikerketek erakutsi dute urtez urte pilatzen ari direla erraustegiak zabaldutako «pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsu batzuk». Eta salatu dute aldundia «hedabideetan egia ezkutatzen» saiatu dela.