Zubietako erraustegia hartzen duen Gipuzkoako Ingurumen Guneak (GIG-1) Babes Handiko Arriskuaren (HPR) ziurtagiria lortu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak gaur jakinarazi duenez. FM Global AEBetako aseguru konpainiak ematen ditu ziurtagiri horiek. FM Global da «galeren prebentzioan eta jabetza aseguruetan korporazio handietarako liderra», zehaztu duenez.
Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak jakinarazi duenez, ziurtagiri hori «oso exijentea» da eta «lortzeko zaila». Horrek agerian uzten du, erakundearen esanetan, GIG-1ek betetzen dituela «munduan ezarrita dauden irizpiderik zorrotzenak, segurtasunari eta arriskuen prebentzioari dagokienez».
Ziurtagiria Ekondakin Zubietako zentroa kudeatzen duen enpresari eman diote, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensiok jaso du gaur. Harekin batera izan da Urbaserreko Hondakinen Tratamenduko zuzendari eta Ekondakineko kontseilari Rafael Guinea. Christopher Dempsey FM Globaleko ordezkariaren eman diete ziurtagiria.
FM Globalek «Europan aseguratuak dituen balorizazio energetikoko instalazioetatik bostek bakarrik lortu dute bikaintasun maila hori segurtasunean eta babesean», nabarmendu dute. Azaldu dutenez, ziurtagiri hori soilik baldintza jakin batzuk betetzen dituzten instalazioei ematen zaie: «eraikuntza eta diseinuari dagokienez, goi mailako eraikinak» dituztenei; «suteen aurka babesteko ekipamendu bereziak» dituztenei, eta «galerak prebenitzeko neurri zorrotzak» aplikatzen dituztenei. Zubietako planta «elite talde txiki horretan sartzeak Gipuzkoa Europako abangoardian jartzen du industria segurtasunari eta hondakinen kudeaketa aurreratuari dagokienez».
Jose Ignacio Asensiok pozik hartu du ziurtagiria. «Gipuzkoako Ingurumen Gunea Europako instalaziorik seguruenen artean kokatzen du. Nazioarteko bermea da, herritarrei ahalik eta babes eta konfiantzarik handiena bermatzen diena. Gipuzkoako Ingurumen Guneak berriz ere frogatzen du jasangarritasunaren eta hondakinen kudeaketaren abangoardian dagoela».