Zubietako espetxea maiatzean edo ekainean jarriko dute martxan

Donostiako kartzela berria irekitzearekin batera itxiko dute Martuteneko zaharra, eta, ondo bidean, 2027. urtearen hasieran eraitsiko dute. Jada martxan da han laurehun etxebizitza babestu eraikitzeko prozesua.

Marisol Garmendia, Maria Jesus San Jose, David Lucas eta Denis Itxaso, gaur, Martutenen. IREKIA
Marisol Garmendia, Maria Jesus San Jose, David Lucas eta Denis Itxaso, gaur, Martutenen. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 11
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzean edo ekainean irekiko ditu ateak Zubietako espetxeak, presondegi bati buruz hori esatea ironikoa bada ere. Martuteneko kartzelan dauden presoak orduan lekualdatuko dituzte hara, eta jada martxan dago espetxe zaharraren lurretan babes ofizialeko laurehun etxebizitza eraikitzeko proiektua. Ondo bidean, 2027. urteko lehen hiruhilekoan hasiko dira hura botatzen.

«Beharrezkoak diren kudeaketa guztiak aurreratzen ari gara kartzela lehenbailehen eraisteko eta eremu hori hainbat urtetan erabili gabe ez egoteko», adierazi du gaur Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, kartzelaren kanpoaldean egin duen agerraldian.

Nabarmendu du Donostiako espetxe zaharraren orubean ez dela merkatu libreko etxebizitzarik eraikiko: «Akordio bat lortu dugu hasieran aurreikusitako etxebizitza libreak etxebizitza tasatuak izan daitezen, eta etxebizitza horien prezioa klase ertainentzako eskuragarria izan dadin».

400

Martuteneko espetxea dagoen orubean zenbat etxebizitza eraikiko dituzten. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, elkarlanean, laurehun etxebizitza babestu eraikiko dituzte orain kartzela dagoen tokian.

Han izan da Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua ere. Hark azaldu du Zubietako espetxea eraikitzeaz arduratu den Siepse sozietate publikoak Espainiako Gobernuari transferituko diola eraikina datozen egunetan, eta gero transferentzia batzorde bat osatu beharko dela Jaurlaritza kartzelaren jabe egin dadin. Hark bi hilabete beharko ditu egokitzapen lanak egiteko eta, gaur iragarri duten moduan, kartzela maiatzean edo ekainean martxan izateko.

San Joseren irudiko, Zubietako espetxea irekitzea mugarri bat izango da «euskal espetxe eredua» finkatzeko. «Eredu hori erakusten ari da konstituzioa modu humanoagoan eta eraginkorragoan bete daitekeela», gehitu du.

Guztiak babestuak

Itxasok eta San Josek alboan izan dute David Lucas, Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendako estatu idazkaria. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak idatziko du Martuteneko kartzela eraisteko proiektua —printzipioz, martxoan esleituko du horretarako kontratua—, baina Espainiako Gobernuak sortu berri duen Casa47 erakundea arduratuko da exekutatzeaz. Alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzea eta kudeatzea da erakunde horren xedea.

Lan horiek martxan jarri ahal izateko, elkarlanean arituko dira erakunde publikoak, eta zenbait hitzarmen sinatu beharko dituzte. Lehena, Visesak Casa47ri eraiste proiektua lagatzeko, eta bigarrena, Espainiako Barne Ministerioak erakunde horri Martuteneko kartzelaren jabetza emateko. Bi hitzarmen horiek sinatu dituztenean, Casa47k martxan jarri ahal izango du espetxea botatzeko lehiaketa publikoa, eta dagokion lizentzia eskatu ahal izango dio Donostiako Udalari. Itxasok kontatu duenez, aurrekontua lau milioi euro ingurukoa izango da.

Espetxea botatzeaz gain, orubearen kota handitzeko eta uholde arriskua saihesteko lanak egin beharko dira, baita ingurua urbanizatu ere.

LAn horiek Txominenea auzoko hirigintza planaren bigarren fasearen parte dira. Orain arte, Gipuzkoako kartzela bakarra izan da Martutenekoa, eta hura ere beste espetxe bat bota ostean eraiki zuten: Ondarretakoa, 1948an. Martutenen 250 lagun inguru daude preso, eta Zubietan bostehunentzako tokia egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.