Zuhurtziaz jokatzeko momentua da, Mariano Raxoi PPko buru eta Espainiako Gobernuko presidentetzarako hautagaiaren ustez: «Zuhurrak izan behar dugu, biktimak babestu behar dira, eta soberan daude eztabaida antzuak, espekulazioak, fribolitateak eta ateraldi xelebreak. Orain ez zaio Bilduri kanpaina egin behar».
Herenegun kazetariak atzetik ibili zituen, adierazpen bila, baina ETAren osteguneko adierazpenari buruzko hitzik ez zioten atera Mariano Raxoiri. Atzo, ostera, bai, hitz egin zuen PPko buruak, Katalunian. Hauteskunde kanpainako ekitaldi batean hitz egin zuen, Cerdanyola del Valles herrian.
Ostegunean, ETAren jakinarazpena «albiste handia» zela esan zuen; atzo sosegua eskatu zien bere jarraitzaileei. «Lasai egoteko momentua da, handitasunez aritzeko momentua». «Demokraten batasuna» mantentzeko eta indartzeko momentua dela zehaztu du, eta etorkizuna «legearen eta zuzenbide estatuaren garaipenak» ezaugarritu behar duela erantsi du. Gehiago esan du, «handitasunez» jokatu behar dela erantsiz: «Egoeraren araberako neurria eman behar da. Guztiok eman behar dugu egoeraren araberako maila».
ETAren jarduera armatua desagertzea «albiste ona» dela errepikatu du Raxoik: «Espainiako gizartearen garaipena da, eta garaipen hori erabatekoa izango da ETA behin betirako desagertuko den egunean». Uneotan, «ETAk bere jardun kriminalaren amaiera iragarri duelarik», PPko buruak adierazi du «terrorismoaren biktima guztiak» dituela gogoan, eta haiek babestea garrantzitsua dela nabarmendu du. Jose Luis Ruiz Casado eta Francisco Cano PPko zinegotzi katalanak ekarri ditu gogora Raxoik —biak ETAk hilak, 2000. urtean—, mitinean elkartutakoen txaloak jasotzen zituen bitartean.
«Garaipenaren momentua»
«Pistolen eta lehergailuen ETA garaitu dugu», adierazi du Borja Semper PPko Gipuzkoako presidenteak: «Terroristak oker daude, berriz engainatuko gaituztela uste badute. Errealitatean gertatu dena da demokraziak irabazi duela, eta haiek etsi egin behar izan dutela». Donostian, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean egin zituen hitz horiek Semperrek, atzo. Ekitaldian bildutakoei eskatu zien inori ez uzteko «garaipenaren momentua» lapurtzen.
«Hau ez da bukatu», ohartarazi du Semperrek: «Oraindik bigarren partea gelditzen da: totalitarismoaren eta gorrotoaren kontra borrokatzen jarraitzea. Jakin dezatela: Arrasaten, Oiartzunen, Donostian eta Txina popularrean, aurrean edukiko gaituzte, proiektu totalitarioaren kontra».
Osteguneko ETAren adierazpena berandu iritsi dela adierazi du Semperrek, eta «min bidegabe askoren ostean». Gainera, agiria «erretolika eta harropuzkeria onartezinez» josia dagoela iruditu zaio PPko Gipuzkoako buruari. Gizartean sentimendu kontrajarriak sumatzen dituela ere esan du: batetik, «eutsitako poztasuna», bestetik «ulertzekoa den mesfidantza».
Espainiako Kongresurako eta Senaturako PPren Gipuzkoako hautagaiak aurkeztu zituzten atzoko ekitaldian. Laura Martin —GALek hil zuen Juan Carlos Garcia Goenaren alarguna— eta Antonio Salva —ETAk hil zuen Diego Salva guardia zibilaren aita— ekitaldian izan ziren, PPren zerrendetan aurkeztuko baitira hauteskundeetara.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Zuhurtzia eskatu du Mariano Raxoik: «Ez zaio kanpaina egin behar Bilduri»
«Egoeraren araberako neurria eman behar dugu denok», dio PPko buruak; gorrotoari kontra egitera deitu du Semperrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu