Ikurrina bat zaborrontzira botatzea, txirrindulari bat lurrera bultzatzea, Palestinako banderak kentzea: Ertzaintzaren eskuetarik gertatutako jokamolde horiengatik azalpenak eman beharko ditu Bingen Zupiriak Segurtasuneko sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta Sumarrek egin dute galdea, Zupiriak idatziz erantzun dezan.
Joan den azaroaren 11ko greba orokorraren egunean iragan ziren ikurrinaren eta txirrindulariaren gertakariak. Zehazki, Ertzaintzako agente batek ikurrina kendu zion manifestari bati Portugaleten, eta zakarrontzi batera bota zuen. Auzoko batek gertakizuna filmatu zuen, ordea, eta irudiak sareetan zabaldu ziren. Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak zera adierazi zuen, bideoari erreakzioz: «Imajina dezagun zer gertatuko litzatekeen guardia zibil edo polizia nazional batek Espainiako bandera zaborretara botako balu».
Kasu honi dagokionez zehazki, gainera, Ortiz de Guineak sailburuari galdetu dio gertakariaren garrantzia penala baloratu duenetz Segurtasun sailak, Zigor Kodearen 543. artikuluaren arabera «Espainiari, bere autonomia erkidegoei edo haien ikur edo ezkutuei hitzez, idatziz edo egitez egindako irain edo laidoak, publikotasunez egindakoak, hilabetetik hamabi hilabetera arteko isunarekin» zigortzen baitira.
Hori ez aski, greba orokorraren egun horretan, gainera, txirrindulari bat Ertzaintza baten bultzadaz erori zen lurrera. Algortatik Bilbora zihoan grebalarien txirrindularitza martxa batean zegoen emaztea, handik eta poliziako agente batek grebalarien bidea oztopatzen saiatu ziren arte. Bideo bati esker, beste behin, ikusi ahal izan da nola grebalariak lurrean amaitu zuen, ertzain baten bultzadaren ondorioz.
Hala ikurrinaren nola txirrindulariaren kasuan, Ortiz de Guineak gertakariak egiaztatzeko eta agenteak identifikatzeko galdegin dio Zupiuriari, bai eta ere barne ikerketak irekiko ote dituzten argitzea. Hain zuzen ere, legebiltzarkideak jakin nahi du ea «sailburuak uste duen horrelako jokabideek herritarrek Ertzaintzarengan duten konfiantza kaltetu dezaketen». Alde horretatik, galdetu dio ere argitzeko zergatik Ertzaintza txirrindularien martxa baketsua oztopatzen ahalegindu ziren.
Palestinako banderak kentzea
Greba orokorraren egunaz harago, Ertzaintzaren jokamoldeekin zerikusia duen beste gertakari batek atentzioa piztu du: azaroaren 17an, Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu zuen Buesa Arenan, eta segurtasun kideek Palestinako banderak kendu zizkieten ikusleei. Sailak orain arte adierazi duenez, polizia-agintearen erabakia izan zen banderak debekatzea, kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako Legea aplikatuz dispositiboa zuzentzen zuenak hartua.
Ortiz de Guineak eta Sumarreko Jon Hernandezek galdera bana erregistratu dute, argitzeko Segurtasun sailburuaren ustez Palestinako bandera «indarkeriaren apologiarekin edo legez kanpoko jokabideren batekin lotu daitekeen ikurra denetz». Halaber, aginduak nork eman zituen jakin nahi dute, Zupiria sailburuak horien babesten ote dituen.