Zurekin Nafarroak ontzat jo du Txibiteren aurreakordio proposamena

Baieztatu du Etxebizitza Departamentua kudeatzea proposatu diela. Koalizioko sei alderdien esku utziko dute proposamena hobestea

Zurekin Nafarroako ordezkariak, Begoña Alfaro buru, PSNrekin bilera batera sartu aurretik. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Nahiz eta oraindik ez diren jakinarazi negoziazioaren nondik norakoak, Zurekin Nafarroak aurreratu du Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan mahai gainean jarri den azken proposamena onartu dutela. Koalizioko zuzendaritzak ontzat jo du hurrengo gobernuaren inguruko edukia, bai programari dagokionez, bai eta osaerari dagokionez ere.

Komunikabideei bidalitako oharrean azaldu duenez, hurrengo urratsa izango da koalizioko sei alderdien esku uztea proposamen hori. Ondorioz, Ahal Dugu-k, Nafarroako Ezker Batuak, Batzarrek, Aliantza Berdeak, koalizioko independenteek eta Equo Berdeek aztertuko dute eta erabakiko dute baliozkotzat jo edo ez.

Dena den, Zurekin Nafarroako zuzendaritzak aldeko botoa eskatu du, proposamenaren edukia «nafarrentzat oso onuragarria» dela argudiatuta. «Konbentzituta gaude ideiak, konpromiso programatikoak eta politika egiteko moduak beste ezeren gainetik egon behar dutela», adierazi dute. Zuzenean aipatu ez badute ere, kritiko azaldu dira Geroa Baik azaldutako jarreraren inguruan.

Koalizioaren ikuspegitik, aurreakordio «nahikoa» da: «Eragin politiko nabarmena eta erabat beharrezkoa izateko bidea eskaintzen digu funtsezkoak diren eta gizartearen kezka nagusien artean dauden gaietan». Zurekin Nafarroak gaineratu du maiatzaren 28an herritarrek «mezu argia» eman zutela, eta ezin dela hori arriskuan jarri «beste kontu batzuengatik». Gobernuaren osaera «desblokeatu» egin behar dela deritzo.

Akordio programatikoaren xehetasunak ezagutarazteko zain, Zurekin Nafarroak nabarmendu du «emakumeen, gazteen eta migratzaileen beharrei aurre egiteko» baliabideak izango dituela gobernuan, eta arlo horietan kudeaketa zuzena izango duela.

Etxebizitza Departamentua

Gainera, baieztatu du Etxebizitza Departamentua proposatu dietela: «Bizi proiektu bat eraiki nahi dutenei lagundu ahalko diegu; izan ere, etxebizitzarako eskubidea, zeina hain oinarrizkoa baita, utziezina da».

Aurreko legealdian, Geroa Baik kudeatu zuen departamentu hori, Jose Mari Aierdi kontseilariaren bitartez. Haatik, Espainian onartutako etxebizitza legeak Nafarroako eskumenak urratu izana kritikatu du, eta Geroa Baiko bazkide EAJk helegitea aurkeztu du etxebizitza legearen aurka. Hala, Zurekin Nafarroaren ustez, «funtsezkoa» da arlo hori estatuko «etxebizitza legea aurrera ateratzea ahalbidetu duen indar batek» kudeatzea.

Haatik, Geroa Baik kritikatu egin du departamentu hori kentzea proposatu izana.

Remirez, baikor

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak espero du gobernu askotariko aurrerakoia lehenbailehen eratzea, «PSN, Geroa Bai eta Podemosekin, aurreko legealdian oinarrituta».

Bozeramaile gisa egin bide duen azken agerraldia izan da, hilaren 17an PSNko senatari gisa hartuko baitu kargua.

Zurekin Nafarroak eta EH Bilduk Txibiteri kargua emateko egindako proposamenari buruz galdetuta, begi onez hartu du gobernu berria eratzeko bidean ematen den edozein aurrerapauso, eta esan zuen negoziatzen ari diren eragileak bide horretan ari direla lanean: «Eragile politiko guztiak ari dira behar diren pausoak ematen berandu baino lehen Nafarroan gobernu berri bat izan dezagun, askotarikoa eta aurrerakoia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.