Eusko Legebiltzarrean bi eguneko topaketa bat abiatu dute, eta solasgai bakarra jarri dute ardatzean: zuzenbide parlamentarioa. Gaur eta bihar elkartuko dira, eta Lege proposamenak eta araugintza kalitatea XXI. mendeko parlamentuetan: ekimen politikotik lege onetara izena eman diote bilkurari. Hitzaldiak, mahai inguruak eta solasaldiak antolatu dituzte, eta, horiek denak dinamizatu ahal izateko, esparru juridikoetan diharduten zenbait aditu gonbidatu dituzte. Legebiltzarrak berak webgunean aurreratu duenez, helburua lege ekoizpenaren erronkak aztertzea eta araudiaren kalitatea hobetzea izanen da. Eta honako gai hauek jorratuko dituzte: erakundeen arteko oreka, elkarren artean alderatutako esperientziak, eta legegintza prozesuetako parte hartze demokratikoa.
09:30ean elkartuko dira gaur estreinakoz, eta irekiera instituzionala eginen dute Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Zelai Nikolas Azterlanen zuzendariak. Horren ondotik, Joan Vitro Bartzelonako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko katedradunak ekimen politikoaren eta araugintza kalitatearen inguruko hitzaldi bat emanen du, eta bi mahai ingururi emanen die pasea. Lehena, legegintza kalitateari eta oreka instituzionalei buruzkoa, eta bigarrena, ikaskizunen eta esperientzien gainekoa.
Biharko eguna ere gaurko ordu berean hasiko dute, eta Josep Lluis Marti Zuzenbidearen Filosofian eta Filosofia Politikoan katedraduna gonbidatuko dute aurreneko hitzaldia emateko. Ondotik, parlamentuetako erronkei buruz arituko dira, eta solasaldi honek itxiko du egitaraua: Hobekuntza partekaturako markoa.