Jatorrira itzuliko da Kilometroak jaia. Izan ere, 1977an Beasaingo Alkartasuna lizeoak eta Lazkaoko ikastolak elkarrekin antolatu zuten jaia lehen aldiz. Hura izan zen lehen kimua. Handik sortu ziren gero Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia, 1978an; Araba Euskaraz, 1981ean; Nafarroa Oinez,1981ean; eta Herri Urrats 1984an. Guztiek helburu bera zuten: ikastolak indartu, sendotu eta euskarazko kalitatezko hezkuntza eskaintzeko baliabideak lortzea. Eta badator berriz: Ibilian-ibilian buelta! lelopean, Lazkaora itzuliko dira Kilometroak, 50 urteren ostean. Egitarau oparoa prestatu dute giro euskaltzalean eguna igarotzeko.
Aurtengo Kilometroak jaiak bi helburu ditu: batetik, sorreratik hainbeste kilometroko ibilbide honetan parte hartu dutenei aitortza bat egitea; bestetik, aurretik dituzten erronkei erantzuna ematea, hausnarketa sustatu eta komunitatearekin bat egiteko. Izan ere, euskara eta euskal kultura oinarrian dituen hezkuntza proiektua da ikastolena, eta badute kezka euskara jasaten ari den oldarraldiaren gainean. Horregatik, inoiz baino premiazkoagoa iruditzen zaie euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea hezkuntzatik eta herrigintzatik.
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eguna antolatzea. 2025eko uda baino lehen, Lazkaoko ikastolako zuzendaritzak elkartua zuen jada komunitatea. Ez bakarrik irakasle eta ikasleak, baita ikasle ohiak, gurasoak, herriko eragileak eta beste, Kilometroen lekukoa hartzeko asmoa jakinarazteko. Lehen bilera hartan izan zen Izaro Insausti ikasle ohia, eta gogoan du ikastolako aretoa bete egin zela, herritarrak hasieratik inplikatu zirela eta egun hartan jada leloa idatzi zutela.
Uda ostean osatu ziren lantaldeak, eta komunikazio lantaldea izan zen sortzen lehenetarikoa. Insausti bertan aritu da. Leloaren ostean, logoa osatu behar zen. Leloarekin bat eginez, logoak ibilbide bat eta bukle bat iradokitzen du. Forma borobilek, itxi gabeko zirkulu bik, martxan dagoen eta etengabe aberasten den buklea erakusten dute.
Logoan 50 zenbakia ere badago: kanpoko borobilak bost zenbakiaren irudia baitu, eta barnekoak zero baten forma hartzen du. Borobil horiek ez dira ixten, gainera. «Ikastola amaierarik gabeko topagune bat dela irudikatu nahi izan da, irekita dagoen komunitate bat, inklusioa lortzen saiatzen dena eta guztiak horren parte izatea duena helburu», Insaustik adierazi duenez. Logoaren bidez elkarrekin ospatzearen balioa ere islatu nahi izan dute: borobil bat beste baten barruan lotzen da komunitatearekin. Koloreek ere badute esanahia: Lazkaoko ikastolaren kolore korporatiboak dira, arrosa eta laranja.Â
«Ikastola amaierarik gabeko topagune bat dela irudikatu nahi izan da, irekita dagoen komunitate bat, inklusioa lortzen saiatzen dena eta guztiak horren parte izatea duena helburu»
IZARO INSAUSTIÂ Kilometroetako komunikazioko lantaldeko kidea
Kanta, Lazkao Txikirekin hasi eta buka
Urtero ontzen dute kanta bat jaien antolatzaileek, eta, Lazkaorentzat Lazkao Txiki bertsolaria erreferentzia ukaezina izanda, bertsolariaren ahotsarekin hasi eta bukatzen da aurtengo kanta. Komunitateko parte diren zenbait musikagilek eta Euskal Herrian erreferentziazkoak diren zenbait ahotsen laguntzarekin ondu dute kanta.
Xabi Zabala musikagilearengana jo zuten oinarriaren bila. Amaia Agirre bertsolariak idatzi ditu hitzak, ikastolako bertso irakaslea ere bada, eta ondo ezagutzen du komunitatea, Insaustiren esanetan. Alaiz Telletxea trikitilaria ikastolako irakaslea ere bada, eta kantan entzuten diren ahotsetako bat harena da. Nogeneko Ane Negueruelarena da beste ahots bat, ikastolako ikasle ohia izandakoa bera. Beste erreferentziazko ahots batzuk ere bilatu nahi izan dituzte, eta Xabi Solano eta ETSko Iñigo Etxezarreta ere proiektura batu dira. Ikastolako komunitateko haurren eta helduen ahotsek osatutako koruekin ondu dute trikiti doinuez osatutako kanta alaia.
Bideoklipa Aztarna Productions-ek egin du. Bertako partaide da Mikel Balerdi ikasle ohia. Herriko eragileen presentzia josi dute kantarekin irudietan, hala nola Oin Arin dantza taldearena, Lazkaoko buruhandi eta erraldoien konpartsarena, eta bestelako hainbat eragilerena.Â
Lau gunetan banatuta
Urte osoko lanari ginga jarriko diote bihar Lazkaon. Guztiak eroso egiteko moduko ibilbidea prestatu dute, lau gunetan banatuta. Guztietan egongo da jatekoa eta edatekoa aukeran. Trikiti doinuak entzungo dira arratsaldean, Gozategiren eskutik, 3. gunean, plazan. Rock doinuak ere izango dira, Nafarroa 1512k joko baitu lehenengo gunean. Skabidean-ek eta Muxutrukek ere joko dute aurretik, eta Edu Zardoyak irekiko du gunea, kontzertu sorta horietan lehena izango baita.
Bigarren gunean euskal dantzak izango dira, Oin Arin herriko dantza taldearen eskutik, eta herri kirolak eta bertsolariak ere ez dira faltako.
Esanezin taldea gustuko duenak 4. gunean izango du entzuteko aukera. Go!azen ere bertan izango da, Eider Saez herriko musikariaren ondotik.
Gainera, bigarren eta laugarren gunearen artean, ikastolako irakasle eta ikasleek zuzenean egindako irratsaio bat entzun ahal izango da. Mahai inguru, erreportaje eta elkarrizketekin osatuko dute saioa.
Garraio publikoan gerturatzeko deia egin dute antolatzaileek. Eta ohartarazi dute bizikletaz iristeko bide gorriez ondo hornitua dagoela Lazkao. Gainera, haientzako aparkalekuak propio prestatuko dituzte. Bizikletak uzteko gune bat egongo da.Â
IKASLEEN ESKUTIK, EUSKARAREN TUNELa
Lazkaoko ikastolako Batxilergoko 30 bat ikaslek euskara talde bat osatuta daukate. Kezkatuta daude euskararen kontrako erasoaldiaren inguruan. Euskara hizkuntza gutxitua dela gogoan hartzekoa dela azpimarratzen dute, eta, beraz, zaindu beharrekoa dela, eta «ezinbestean militantzia eskatzen duela», Kilometroetarako ateratako aldizkarian azaldu dutenez.Â
Kezka horretatik abiatuta, ekarpena egin nahi izan dute Kilometroen egunean. Ibilbidean zehar denboraren tunelak prestatu dituzte, sei orotara. Garrantzitsua iruditzen zaie pentsatzea «zer izan ginen, zer garen eta zer egin behar dugun etorkizuna bermatzeko». Funtzio hori izango dute, hain zuzen, tunelek. Azken 50 urteetan euskarak izan duen bilakaera jasoko dute, eta denboran bidaiatzeko aukera emango dute.Â
«Duela mende erdi bat, tunel ilun batetik atera eta argitasunerantz lehenengo pausoak ematen hasi ginen», frankismoaren hondarrean piztutako euskararen aldeko mugimendu indartsu hari erreferentzia eginda. Hezkuntzaren esparrura ekarrita, ikastolen mugimenduak euskal hezkuntza nazionala eraikitzeko lehen oinarriak jarri zituen. «Baina baliabideak behar ziren, eta baliabide horiek ez ziren erakundeetatik etorriko. Beraz, herria eraikitzeko, herritik eta errotik abiatu behar zen». Hain zuzen, horixe izan zen Kilometroak sortzeko lehen bulkada.Â
Ibilbide hori erakutsiko dute tunelen bitartez. Hamarkada bakoitzeko tunel bat izango da, eta azkena, seigarrena, etorkizunari begira kokatu nahi izan dute, ekarpenak egiteko toki bat eskaintzeko. «Imajinatu tuneletik ateratzen zarela eta, euskaldun hutsa izateaz gain, euskaldun aktibo eta eragile zarela... horixe nahiko genuke. Gure denboraren tunelak eraldaketarako igarobidea izan nahi du, ikastolak eskaintzen duen igarobidea, hain zuzen. Jakin badakiguÂ
Lazkaon euskara nola dagoen: Euskal Herriko hainbat herrirekin alderatuta, neurri batean, pribilegiatua dela. Halaber, badakigu euskarak Euskal Herrian bizi garen guztiona izan behar duela, eta, horretarako, gure artera iristen diren etorri berriak abegiz jaso behar ditugula gure euskararen komunitatean. Beraz, 6. tuneletik atera eta zer aurkitu nahiko genukeen? Euskal Herri plurala bai, baina euskalduna».
2026ko Kilometroetako abestia
IBILIAN-IBILIAN BUELTA!
Euskal hazi bat ernamuinean
barnetegiko lilian
Ikastolatik enparantzara
eredu bat familian
kilometro bat arnasgune da
kontrakorronteen milian
komunitate bizi bat gara
ibilian-ibilian.
Antzarra ari
da karraka
lur berrien
bila hegoak
HEGALDATUZ
kilometroak
Euskalduna_ari
da kalaka
ur berrien
bila_erroak
ERALDATUZ
Kilometroak
50 da herri baten
aztarna bidetxurrean
ta mende erdiz hauspotu dugun
txondor zaindu bat lurrean
esku itxia gailentzen bada
gure esku ahurrean
Lazkao-Txikik jarriko gaitu
ispiluaren aurrean
Antzara ari...
Ibilian-ibilian buelta Kilometroak
Ibilian-ibilian buelta Lazkaora
Antzara ari...
Ibilian Kilometroak!