Euskara eta elkartasuna eskutik Nafarroa Oinez-en

'Buruz, bihotzez, oinez' lelopean, euskaltzaleak eta askotariko herri ekinalditako kideak elkartuko dira Atarrabian, Paz de Ziganda ikastolak antolatutako jaialdian.

gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkaba mendiaren magalean elkartuko dira euskaltzaleak Nafarroa Oinez-en harira antolatutako jaialdian, Atarrabian. Paz de Ziganda ikastolak antolatu du aurtengoa, Buruz, bihotzez, oinez lelopean. Gustu eta adin guztietara egokitutako eskaintza atondu dute antolatzaileek, ez alferrik, hamabost lan batzorde eratu baitira Paz de Ziganda ikastolan, eta jo eta su aritu dira urte osoan lanean harian-harian ekinaldiak eginez, eta batez ere, asteburuari begirako eskaintza oparoa eraikitzen. 

Jone Areta Urrestaratzu Nafarroa Oinez-eko komunikazio lantaldeko kideak azaldu du komunikazio lantaldea sortu zela lehenengo, grafismo taldearekin batera, leloa eta logotipoa lantzeko. Modu horretan, urte osorako lan lerroa ardaztea zen helburua. Leloaren definizioa etorri zen lehenik: Buruz, «etorkizunarekin konprometitua dagoen proiektu ekintzaile bat delako», bihotzez, «euskara eta euskal kultura maite ditugulako, gure ardatzak direlako eta pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektua delako», oinez «mugimendu arduratsu bat garelako eta halaxe izaten segitu nahi dugulako: plurala, eguneratua eta osasungarria», azaldu du Aretak. Kontzeptu horiekin grafismo batzordera jo zuten gero, eta irudia josi zuten. «Marra leun eta goxoak eginez transmititu nahi izan dute mezua irudiaren bidez ere».

Elkartasun taldeekin zubiak eraikitzen

Gero jarri zituzten martxan hamaika jarduera. Izan ere, Atarrabia inguruko elkartasun taldeekin zubiak eraikitzea izan da beste xede nagusietako bat, eta urtean zehar egin dituzten jarduerak zubi horiek eraiki edo sendotzeko izan dira: «Ikastola gara, herria gara, euskara gara, hezkuntza gara, sozialak gara eta jasangarriak gara. Kontzeptu horiei lotuak izan dira gure jarduerak».

Ez dituzte ekintza handi eta ikusgarriak bilatu, tokian tokikoekin egindakoak eta guztientzat eskuragarri izan zitezkeen ekinaldiak baizik. 200 lagunetik gora ibili dira, eta haiek egindako lan eskergaren emaitza da urtea eta egitaraua.

Elkarlan horren isla izan da kanta eta bideoklipa egiteko prozesua ere. Bi lantalde elkartu ziren horretarako: komunikaziokoa eta jardueretarakoa, eta lantalde horri Igor Martinez ikasle ohia eta musikaria gehitu zitzaion. Sortze prozesua haiek egin bazuten ere, askotariko ahotsez ondutako kanta bat aurkeztu dute. Eñaut Elorrietak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Anne Lukin abeslariak eta Paz de Zigandako ikasle ohiek hartu dute parte kantuan. Baina baita Paz de Ziganda ikastolako abesbatzek eta irakasleek ere. Motxila 21 taldeak ere parte hartu du: Oinez egunean ere tokia izango dute egitarauan.

Aretak azpimarratu nahi izan du Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasleak ere Oinez-en izango direla, hirugarren urtez jarraian. Larunbatean haur jolasak eta aurpegi margoketak egiteaz beraiek arduratuko dira, eta igandean erronkako kideekin ibiliko dira.

'Bizi oinez bizin'

Musika, dantza, jolasak, bertsolariak, herri kirolak eta askotariko eskaintza egongo da Nafarroa Oinez-en, jatekoaz eta edatekoaz gain. Halaber, gune guztietan egongo dira puntu moreak. Bestetik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute, ahal den neurrian. Eta ingurumen eta ibilbide batzordeek elkarlanean propio landu dute bizikletaz iritsi ahal izateko gida: Bizi oinez bizin. Iruñerrian dauden bide gorriak identifikatu dituzte, eta Atarrabiara iristeko bide guztiak eskura jarri dituzte. Gainera, bizikletak aparkatzeko tokiak ere prestatu dituzte.

Izan ere, Nafarroa Oinez «Nafarroako ekitaldi publiko jasangarria» dela baieztatu du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak. Zigilu hori lortu du jasangarritasunaren mesedetan egindako lan eskergarengatik. Besteak beste, bizikletan iristeko erraztasunak emateaz gain, Villabesa garraio publikoaren zerbitzuak ugarituko dira, hondakinen eragina murrizteko birziklapena sustatuko da eta ikasleak ere hartarako sentsibilizatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.