Kirikiño ikastolako zuzendaria

Amaia Galindez: «Gure ekarpena da euskarazko komunitate biziak sortzea»

Mende erdiko bidea egin du ikastolak Bilbon, eta aurrerantzean ere hiri handian euskaraz komunitate bat eratzeko eremu izatea dute helburu.

AMAIA GALINDEZ KIRIKIÑI IKASTOLAKO ZUZENDARIA
Amaia Galindez Kirikiño ikastolako zuzendaria. IBILALDIA
gurutze izagirre intxauspe
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara ardatzean jarrita ospatu nahi dute bihar ikastolen aldeko festa Bilbon. Kirikiño ikastolatik abiatu, eta Europa parkearen inguruan izango da jaia. Euskarazko komunitatea indartzeko abagunea emango duela azaldu du Amaia Galindez ikastolako zuzendariak.

Kirikiño ikastolak hartu du aurten Ibilaldia antolatzeko lekukoa. Zer moduz joan da urtea?

Egia esan, ilusio handiz bizi dugu. Hasieratik argi genuen ez genuela egun bakarreko jaia antolatu nahi; sormen tailerretik hasita ia bi ikasturteko komunitate-proiektua eraiki dugu. Aurtengo ikasturtean, Bilbon zehar ekintza ugari egin ditugu, jende askoren inplikazioarekin, eta polita da ikustea zenbat pertsona ari diren modu batera edo bestera batzen. Neketsua ere bada, noski, baina batez ere oso aberasgarria. Ibilkrosa, Herri Kirolen Desafioa, Herria Dantzan, Ibilaldia Martxan egitasmoa, kantaren aurkezpena Arriaga Antzokian… egitasmo bakoitzak bere alea gehitu dio komunitate honi.

Nola jaso zenuten lekukoa, eta nola joan zarete antolatzen urtean zehar?

Lekukoa emozio handiz jaso genuen, Galdakaoko Pepetoren itzalean. Badakigu zer den Ibilaldia Bizkaiko ikastolentzat eta euskararentzat, eta ardura handiz hartu genuen erronka. Urtean zehar lantalde asko ari dira lanean, boluntario ugari batu dira, eta auzolanean ari gara proiektua eraikitzen. Gainera, guretzat oso garrantzitsua izan da komunitatea protagonista izatea. Era berean, urtero egiten dugun mendi irteerarekin eta txitxi-burruntziarekin lotuta, aurten Ibilaldiaren lekukoaren bidea egin genuen otsailean: Galdakaoko Eguzkibegi ikastolatik Kirikiño ikastolara oinez, mendiz mendi, lekukoa gurekin ekarriz. Oso momentu berezia izan zen hori ere.

Aurkeztuko zeniguke Kirikiño ikastola? Noiz sortu zen, zer bide egin du?

Kirikiño Ikastola 1970eko hamarkadan sortu zen, Bilboko Santutxu auzoan, guraso talde batek seme-alabentzako euskarazko hezkuntza eredu kooperatiboa abiarazi zuenean. Beraz, euskararen aldeko herri-ekimenetik jaiotakoa da, eta izaera horri eusten dio gaur egun ere. Santutxun egin zituen lehen urratsak, eta gero Txurdinagara salto egin zuen. Urte hauetan guztietan, familien, langileen eta komunitate osoaren inplikazioari esker hazi da. Gure historia ulertzeko giltza nagusiak auzolana eta belaunaldien arteko transmisioa dira.

«Hirian egon arren, naturarekin lotura handia duen ingurunea dugu. Eta agian hori ere bada gure ezaugarrietako bat: Bilbo bezalako hiri batean euskaraz bizitzeko eta komunitatea eraikitzeko eremu bat izatea»AMAIA GALINDEZ

 Kirikiño ikastolako zuzendaria
Zenbat lagunek osatzen dute komunitatea, zenbat haur jasotzen ditu, zenbat langile ditu?

Kirikiño ikastola komunitate handia da: gaur egun, gutxi gorabehera, 700 familia, 1.000 ikasle eta 100 langile batzen ditu, baita milaka ikasle ohi, kooperatibista eta lagun ere. Gainera, Ibilaldiko gure edizioan oso nabaria da komunitate aberats hori. Leloaren eta logoaren sorreran parte hartu zutenak, kantaren egile eta abeslariak, aurkezleak, dantzariak, trikitilariak, abesbatzako kideak, zanpantzarrak, zenbait egitasmo aurrera eramaten dituzten elkarteetako kideak eta lagunak… denak dira Kirikiño ikastolako komunitatearen parte, eta haien eskutik egiten ari gara Ibilaldia. Oso harro sentitzen gara horretaz, eta etorkizunera begira ere indarra ematen digu bide honetan berdin jarraitzeko.

Zein dira hezkuntza proiektuaren ardatzak?

Gure ardatz nagusiak euskara, euskal kultura, hezkuntza integrala, komunitatea eta pertsonen ongizatea eta zoriontasuna dira. Ikaslea erdigunean jartzen duen hezkuntzan sinesten dugu, baina beti ikuspegi kolektibo batetik: elkarrekin ikasi, bizi eta eraikiz. Hala, Kirikiño Ikastolako ikasleak gizartearekin konprometitutako gazteak izateko hezten ditugu, balio hauetan oinarrituta: elkarlana, berdintasuna, hezkidetza, jasangarritasuna, aniztasuna... betiere pertsona eta profesional bikainak jomugan izanda.

Zein dira Kirikiño ikastolaren ezaugarriak; non dago?

Bilbon gaude, Txurdinagan, Europa parkearen ondoan. Hirian egon arren, naturarekin lotura handia duen ingurunea dugu. Eta agian hori ere bada gure ezaugarrietako bat: Bilbo bezalako hiri batean euskaraz bizitzeko eta komunitatea eraikitzeko eremu bat izatea. Gertutasuna, konfiantza, etxea eta zoriontasuna dira askotan gure komunitateak Kirikiño ikastola deskribatzeko erabiltzen dituen hitzak.

Hezkuntza proiektu jakin bat eskaintzeaz gain, zein funtzio betetzen duela esango zenuke ikastola batek Bilboren moduko hiri batean?

Ikastola batek komunitatea sortzen du. Bilbo bezalako hiri handi batean, askotan harremanak azkarrak eta hotzak izan daitezke, eta ikastolak topagune bat eskaintzen du: euskaraz bizitzeko, parte hartzeko eta sareak ehuntzeko. Ez da soilik ikasteko leku bat; komunitatearen bihotza ere bada. Gainera, hurbiltasuna da gure ezaugarrietako bat, eta ikasleak oinez edo bizikletaz etor daitezke Kirikiño ikastolara, baita garraio publikoan ere (autobusa, metroa, trena...) eta hori jasangarria da, baina, horrez gain, bizi kalitatean ere onura handiak ekartzen ditu.

Euskararen egoeraren argazki bat egingo zeniguke? Zer errealitate duzue egunerokoan?

Bilbon aurrerapauso asko eman dira, baina egunerokoan oraindik erronka handiak ditugu. Euskararen presentzia handitu den arren, erabileran badago zer landu. Horregatik da hain garrantzitsua espazio errealak sortzea euskaraz bizitzeko, eta hor ikastolek eta halako egitasmoek zeresan handia dute. Adibidez, Kirikiño ikastolako Euskaraz Bizi taldeak urteak daramatza oso bestelako ekintzak prestatzen umeek euskaraz goza dezaten aisialdiaz.

«Ikastolak eguneroko lana egiten du, belaunaldi berriak euskaraz heziz eta komunitatea eraikiz. Eta Ibilaldiak hori guztia kalera ateratzen du: euskara ospatu egiten da, ikusgarri bihurtzen da, eta jende asko aktibatzeko aukera ematen du»

AMAIA GALINDEZ Kirikiño ikastolako zuzendaria
Zer funtzio bete dezakete ikastolak eta Ibilaldiak euskararen susperraldirako?

Biak dira motor garrantzitsuak. Ikastolak eguneroko lana egiten du, belaunaldi berriak euskaraz heziz eta komunitatea eraikiz. Eta Ibilaldiak hori guztia kalera ateratzen du: euskara ospatu egiten da, ikusgarri bihurtzen da, eta jende asko aktibatzeko aukera ematen du.

Euskararen egoerari erreparatuta, jauzi baten beharraren premia aipatzen da euskalgintzan. Alde horretatik, zer ekarpen egin dezake ikastolak Bilbon? Eta Euskal Herrian?

Nik uste dut jauzi hori komunitatetik etorriko dela. Euskarak eremu gehiago behar ditu, baina batez ere harreman gehiago. Bilbon hori bereziki garrantzitsua da. Gure ekarpena da jendea elkartzea, euskarazko komunitate biziak sortzea eta euskarari lotutako esperientzia positiboak eskaintzea. Eta hori Bilbon egiten dugunean, Euskal Herri osoari ere ekarpena egiten ari gara.

Ibilaldian jasotako dirua zertarako erabiltzeko asmoa duzue?

Ibilaldia gure hezkuntza proiektua indartzeko aukera ere bada. Jasotako baliabideak ikastolaren etorkizuna sendotzeko erabiliko dira: azpiegiturak, proiektu pedagogikoak, komunitateari eskaintzen diogun zerbitzua, euskararen aldeko egitasmoak, etorkizuneko erronkak...

Ibilaldiaren egunera etorrita, zer aholku emango zenuke? Nola gerturatu liteke jendea?

Lehenik eta behin, garraio publikoa erabiltzea gomendatuko nuke. Bilbo eta Txurdinaga primeran lotuta daude, Bilboko metroko eta Euskotreneko geltokiak oso hurbil ditugu, baita Bilbobus eta Bizkaibusekoak ere. Halaber, Erronka Garbia ziurtagiria atera dugu, eta festa arduratsua egitea bada erronka. Zaindu dezagun parkea, auzoa eta hiria. Eta gero, noski, herritar guztiak etortzera animatu nahi ditugu: parte hartzera, gozatzera eta komunitatearen parte sentitzera. Aldi berean, errespetua, berdintasuna eta askatasuna izango dira jaiaren oinarriak. Denok aske eta seguru sentitzeko lekua izan behar du.

Zer mezu bidaliko zenuke Ibilaldian parte hartzera gonbidatzeko?

Bihotzez gonbidatu nahi dugu jende guztia. Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko euskaltzaleei esan nahi diegu: zatozte, bizi ezazue eta egin dezagun elkarrekin Ibilaldia. Gure kantak dioen moduan: «Badator berriz Bilbora Ibilaldia, oraingoan gurera, komunitatera». Eta hori da benetan eraiki nahi duguna: auzolanean, pausoz pauso, guztion artean osatutako kiribila. Hiri Kiribili Bil.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA