Ion Martinezi (Irun, Gipuzkoa, 1989) Lazkaoko Benito Deuna Ikastolako zuzendaritza hartzearekin batera iritsi zitzaion ikastolak Kilometroen lekukoa hartzea. Izan ere, bederatzi urte daramatza ikastolan lanean. Musikako, Fisikako eta Kimikako irakasle aritu ostean, Batxilergoko ikasketaburu zela iritsi zitzaien 50. aldia Lazkaon ospatzeko proposamena. «Ilusioz eta arduraz» heldu diote lekukoari, atzean komunitate sendo bat dagoen konfiantzarekin. Izan ere, 6.000 biztanle inguru ditu Lazkaok, eta ikastetxe bakarra: ikastola. 1.214 ikasle ditu ikastolak, 778 familiak eta 115 langilek osatutakoa. Bailarako beste herri batzuetako ikasleak ere hartzen dituzte, batez ere DBHtik aurrera. Ikastolako eraikinak herrigunean daude, baina ez bakarrik fisikoki. Barneko lanketek herrian isla izaten dute eragileekin egiten dituzten hamaika ekinalditan ere. Aurrera egiteko atzera begiratuta hasi da hizketaldia.
Mende erdia betetzear du ikastetxeak. Nola sortu zen?
1963an sortu zen, eskualdeko lehenengoa izan zen. Orduan eskolak gaztelaniaz baino ez ziren ematen, eta guraso, andereño eta laguntzaile talde baten ekimenez ikastola martxan jarri zuten. Hamabost ikaslerekin hasi ziren, eta helburu argia zuten: haurrak euskaraz heztea eta euskal hezkuntza bat jasotzea. Hasiera ez zen erreza izan: espazio falta zegoen, irakasleek ez zeuzkaten euskarazko tituluak, metodologia berria zen, baina zailtasun haiek gaindituta martxan jarri zen, eta gaur egunera arte heldu da.
Hezkuntza proiektuak zein bide egin du Lazkaon?
Poliki-poliki etengabe berritu eta handitu da. Hezkuntza eskaintza zabalduz joan zen. 1986an Batxilergoa eskaintzen hasi zen, eta gaur egun 0tik 18ra arteko eskaintza dauka. Eskaintza integrala egiten du gaur egun, eta, lazkaotarrez gain, bailara osoko ikasleak etortzen dira. Eusko Jaurlaritzak itundutako ikastetxea gara. Hiru lerroko ikastola handi bat gara, eta herriko eragile ere bagara; izan ere, Lazkaon ez dago beste ikastetxerik. Azken finean, hasierako helburuei eusten dien euskarazko hezkuntza proiektua gara.
Lazkaoko ikastolak zein oinarri dituen azalduko zenizkiguke?
Euskal hezkuntza eta kalitatezkoa ematea da gure helburua, eta, gure hezkuntza proiektuari begiratuz gero, oinarrian euskara dago. Baina gure helburua ez da bakarrik euskaraz erakustea, baizik eta euskara erabili, ezagutu, eta euskal kultura zabaltzea. Gaur egungo gizartea aintzat hartuta eta dagoen testuingurua kontuan izanda, oso inportantea da aipatzea elkarbizitza, inklusioa eta aniztasuna ere. Hiru ardatz horiek ere beti buruan ditugu. Edozein hezkuntza zentrotan ardatzean dauden balioak dira, eta, etorkizuneko herritarrak hezi nahi ditugunez, balio horiek ere jorratzen ditugu. Elkarbizitza egoki batekin, aniztasuna kontuan hartuta eta inklusioa aintzat hartuta, ez dago inor ezberdina: denak berdinak dira.
Bestetik, gaur egungo hezkuntza legean oinarrituta, konpetentziatan oinarritutako hezkuntza eskaintzen dugu: problemen bidez oinarritutako ikaskuntza multidiziplinarra. Gure ikasleak prestatu nahi ditugu benetako testuinguruekin lotuta egotera, etorkizunerako hobeto prestatzeko.
«Gure helburua ez da bakarrik euskaraz erakustea, baizik eta euskara erabili, ezagutu eta euskal kultura zabaltzea»
Aipatu duzu herriko ikastetxe bakarra zaretela eta eragileekin hartu-eman estua daukazuela. Zein eragilerekin aritzen zarete hartu-emanean?
Herriko ikastetxe bakarra izatea da agian gure berezitasuna, eta honek ematen dio komunitatearekiko atxikimendua, hurbiltasuna. Esan gabe doa: ikasleak daude beti ardatzean, eta familiekin ere ahalik eta hurbilen egoten saiatzen gara. Ikastola bakarra izanik, berezitasun indartsua da beste herri batzuekin alderatuta, eta ikasle eta familiekin daukagun gertutasuna lantzen eta gertutik zaintzen saiatzen gara.
Bestetik, herritik sortua eta herriarentzat da ikastola. Herriko eragileekin hartu-emana izatea funtsezkoa da. Eta Kilometroen helburuetako bat ere bada komunitate hori sendotzea, harremanak estutzea ikasle, irakasle eta herriko eragileekin, eta haiek ere parte izatea. Urtean zehar eragile askorekin dauzkagu elkarlanak: musika eskola, zahar etxea, Maizpide euskaltegia.

Adibidez, aurten hamar urte beteko ditu kantujirak. Ostiralero egiten dugu, eta herrigintzan oinarritzen den proiektu bat da. Ostiralero, herriko plazan eragileak eta herritarrak elkartzen ditugu elkarrekin euskaraz kantatzeko. Herria eta ikastola eskutik joaten gara.
Lehen Hezkuntzatik kurtso bakoitzeko gela bat ateratzen da ostiralero, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan kurtsoka ateratzen dira. Gero, egun bereziak daude: Euskararen Eguna edo Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta halakoetan ikastola osoa ateratzen gara. Gai horrekin zerikusia duten kantak abesten ditugu, eta herriko eragileak eta herritarrak etortzen dira; zahar etxetik ere etortzen dira.
«Ostiralero, herriko plazan herriko eragileak eta herritarrak batzen ditugu elkarrekin euskaraz kantatzeko. Herria eta ikastola eskutik joaten gara»
Maizpide bada erreferentziazko euskaltegi bat. Zer-nolako elkarlana daukazue harekin?
Hainbat lan lerro dauzkagu. Batxilergoko ikasle batzuk etortzen dira Maizpidera euskara indartzera eta haiekin badugu trukaketa programa bat, gero euskara ikasleekin ere badugu elkarlana.
Gatozen kilometroetara. Nola jaso zenuten lekukoa?
Duela bi kurtso, ikasketa buru nintzen batxilergoan, eta jada mezu hori iristen hasi zitzaigun. Ilusio eta ardura handiz hartu genuen proposamen hura, 50 urteren ondoren hona itzultzea oso indartsua baita. Baiezkoa eman genuen, eta, iaz, Elgoibarko Kilometroetan lekukoa pasatu ziguten, baina aurrez hasiak ginen lanean, ekainean. Hortik dator leloa: Ibilian-ibilian buelta! 1977tik buelta asko eman ditu lekukoak, baina azkenean berriro itzuli da. Ardura sentitzen dugu, ez baita bakarrik festa bat, mami handia duen jai bat ere bai baita.
Zer helburu finkatu dituzue kilometroetarako?
Milatik gora ikasle dituen ikastetxe handi bat gara; datuak handiak dira. Baina, ikasleez eta familiez gain, herriko beste eragileak, komunitatea, gure parte inportante bat dira; azkenean, ikasle ohi, erretiratu eta hemendik pasatu diren guztiek ere ikastola osatzen dute. Herriko ikastetxe bakarra izanda, komunitatearekin konpromiso estua dugu. Hartu-eman hori estutzea izan da finkatu ditugun helburuetako bat.
Egunaren atzean urte osoko lana dago, ezta? Nola joan zaizue?
Hasieran leloa, logoa eta helburuak erabakitzen jardun ginen. Baina urte osoko lana da, bai, eta polita izan da, presente izan dugulako urte osoan. Lantaldeak sortzen dira, komunikazioa, muntaketa, gastronomia... batzorde guztiak elkarlanean egon gara, eta egitasmo eta topaketa asko egin ditugu, eta horrek ekarri du komunitatea aktibatzea eta elkarlanean aritzea.
Eguna igarota, zer utziko dio komunitateari?
Urte honetan oroitzapen on eta positibo asko geratuko dira, eta urtean zehar egon diren hartu-eman eta elkarlan horietatik uste dut komunitatea indartzea eta elkartzea lortu dela, dena euskaraz eta euskal kulturan oinarrituta. Izan ere, gure helburuetako bat izan da komunitatea elkartzea, baina ez bakarrik ikasleen artean, baita herritarrekin ere. Iruditzen zait azkenean lortuko dela erakustea komunitate bat garela, herri bat.
Lortutako diru sarrerak zertarako erabiliko dira?
Bi helburu jarri genituen. Batetik, komunitatea elkartzea, lehen aipatu dudan moduan, eta, bestetik, helburu ekonomikoa betetzea. Urte hauetan eraldaketa pedagogiko handiak izaten ari gara, metodologia berrietara egokitzen saiatzen ari gara, eta hirugarren zikloa indartzeko daukagu gure ikastetxean. Eraldaketa pedagogikorako erabiliko dugu irabazitako diru guztia.
Kilometroetara gerturatzeko dei bat egingo zenuke?
Euskararekiko eta herriarekiko konpromiso bat dutenei eta hezkuntza berritzaileen zaleak direnei gonbidapena egin nahi diet Lazkaora etortzeko, denentzako tokia egongo baita. Euskaraz bizitzeko eta euskarara gerturatzeko toki aproposa da, eta hemen elkar ikustea espero dugu.