Kanta auzolanean kiribildua

Aiora Renteriak jarri dizkio hitzak aurtengo kantari, eta, doinua sortzeko, harekin elkarlanean aritu dira Ezezez eta Txopet taldeko kideak.

Ibilaldiko kantaren aurkezpena Arriaga antzokian. IBILALDIA
Ibilaldiko kantaren aurkezpena Arriaga antzokian. IBILALDIA
gurutze izagirre intxauspe
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirikiño ikastolako komunitatea eta artista sorta elkartu dira aurtengo Ibilaldiaren kanta ontzeko. Zea Mays taldeko Aiora Renteriak jarri dizkio Hiri Kiribil Bil kantari hitzak, aurtengo leloarekin bat eginda. Hitzak jartzeaz gain, abestu ere egiten du, eta, harekin batera, Ezezez taldeko Unai Madariaga eta Txopet taldeko Jon Fernandez, Andoni Barinaga Rementeria eta Iñigo Guemes aritu dira doinua osatzen eta ahotsa jartzen aurtengo kantari. Ikastolako langileak eta ikasleak ere batu dira haiekin batera abesteko, ahots polifonikoz betetako kanta alaia osatzeko.

Kantak erreferentzia egiten dio Ibilaldia hiri batera eramateari; Bilbora, hain zuzen. Egiten dio erreferentzia transmisioari, iragana, oraina eta geroa lotzeari. Eta euskararen arnasgunea eskatzen du hirian ere, «hau da gure mantra». Euskara erdigunean jartzeko aldarrikatzen du.

Lantalde zabala elkartu da kanta eta bideoklipa ontzeko. Hain zuzen, ikastolaren proiektu komunitarioa indartzen du bideoklipak ere. Imanol Muro ikasle ohiak zuzendu du bideoklipa. Koreografia bat ere sortu dute kantarako. Galako jantzita egin zuten haren aurkezpena Arriaga antzokian. Ibilaldiaren egunean bertan ikusi ahal izango da berriz ere.

Ehunka euskaltzale batu ziren Arriagan kantaren aurkezpenera. Ekitaldiaren ardatz nagusia belaunaldien arteko lotura islatzea izan zen. Ikasleak izan ziren protagonista, eta Hiri kiribil bil kantaz gain, euskal kulturan erreferente diren zenbait kanta abestu zituzten, koreografiaz lagunduta. Baina azpimarratu nahi izan zuten Ibilaldia ez dela egun bateko festa, komunitate oso batek elkarlanean egiten duen urte osoko jaialdi bat baizik. Ekitaldian eskatu zuten euskararen aldeko txinparta bizirik mantentzea denen eginbeharra zela, eta komunitateari eskatu zioten euskararen susperraldian parte aktibo izateko, euskara erabiltzeko eta transmititzeko. Mezu horiek biltzen ditu, hain zuzen, Hiri kiribil bil kantak ere.

HIRI KIRIBILI BIL! 

Badator berriz Bilbora Ibilaldia 

Oraingoan gurera, komunitatera 

Zaharretik berrira, Zuhatzutik Euskal Herrira 

Iragana, oraina eta geroa 

Hazi, hezi ta bizi, lagunen artean 

Nortasuna eraikiz, familia gara 

Denok izan dezagun arnasgunea

Hau da gure mantra, hau da gure leloa 

Hiri kiribili bil 

Bidaia, bidea, bihotza ikastolan 

Ta gure harri bitxia beti ahoan 

Euskara erdian bihurtu dezagun egia 

Hau da gure mantra, hau da gure leloa 

Hiri kiribili bil 

Kirik Bilbo bildu du Ibilaldia 

Hitzen egilea: Aiora Renteria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA