Mugarri baten kudeaketa

50. aldia izateak «markatu du aurtengo egitekoa», Xeber Maiza aurtengo Kilometroetako koordinatzaileak adierazi duenez, baina pozarren da herriarekin egindako elkarlanarengatik.

Xeber Maiza kilometrotako koordinatzailea
Xeber Maiza Lazkaoko Kilometroak jaiko koordinatzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun bateko jai molde hartatik urte osoko plangintza batetara igaro ziren ikastolen aldeko jaiak. Lantaldea zailduago dago, hein batean, eta profesionalizatuago ere bai, baina halako egun batek ez luke aurrera egingo boluntarioen ekarpenik gabe. Ezin eskertuago dago horregatik Xeber Maiza (Lazkao, 1988) Lazkaoko kilometroetako koordinatzailea, hasieratik jaso baitu herritarren beroa, eta norbanako eta eragileek eskua luzatu baitiote aurtengo Kilometroak aurrera ateratzeko. «Txalotzekoa da hori. Gure gizarte honetan, ematen du boluntariotza garairik eskasenetako batean dagoela, eta, hori kontuan izanda, Lazkao irla bat kontsidera dezakegula uste dut. Hortik zehar izaten ditudan elkarrizketetan jasotzen dudana da herriko eragileak eta kultur eragileak gain behera daudela, eta jokaleku horretan Lazkaok emandako erantzuna txalotzekoa da».

Maizak azpimarra egin du jasotako erantzunean, arlo guztietan. Gazteak ere izan ditu hizpide: «Asko entzuten da gazteak ez daudela prest inplikatzeko, baina Lazkaon badago Zagupe izeneko aisialdi talde bat musu truk antolatzen dituena haur jolasak, irteerak eta beste. Beraiek etorri dira zertan lagun dezaketen galdetzera, eta gazteak ekimen horrekin ikustea ere oso polita da».

Ez baitzaie edozein urtemuga egokitu Kilometroak antolatzeko. «50. aldia mugarri bat da, eta nondik gatozen horrek pisu handia izan du aurten. Zein zen garai hartako egoera, nola sortu zen. Lehena izan zen Kilometroak, ondoren etorri dira ikastolen elkarteko beste lau festak, eta denak bizirik daude gaur egun. Ardura bat ematen du horrek, eta horrek markatu du aurtengo egitekoa». Orduko hartan Beasainek egin zuen trakzio lana, Lazkao alboan izan bazuen ere; 50. aldirako, Lazkaoko ikastolak hartu du antolaketaren ardura.

Kilometroek badute helburu ekonomiko bat, baina, horretaz gain, ikastolen oinarriak azaltzeko mezuak zabaltzea ere izan dute helburu. «Guraso kooperatiba bat izanik, ikastola eta jaia haiena den mezua helarazi nahi izan dugu, eta komunitatea aktibatu». Horretarako, guztira 30 ekintzatik gora antolatu dituzte urte osoan.

«Nabarmentzekoa da ikastolako gazteen euskara taldeak hartutako ekimena. Izan ere, euskararen erabilera kalean apaltzen ari da Lazkaon ere. Kezka hori zabalduta dago, baita gazteen artean ere. Haiek eskaini zuten beren burua elkarlanerako»

XEBER MAIZA Kilometroen koordinatzailea

Euskararen gaineko kezka

Urtearen eta urriaren 4ko jaiaren inguruko antolaketaz jardutean, berriro gazteak ekarri ditu hizpidera: «Nabarmentzekoa da ikastolako gazteen euskara taldeak hartutako ekimena. Izan ere, euskararen erabilera kalean apaltzen ari da Lazkaon ere. Kezka hori zabalduta dago, baita gazteen artean ere. Haiek eskaini zuten beren burua elkarlanerako, eta, erakusketa baten ideia proposatu genienean, denboraren tunela garatzen hasi ziren haiek, euskararen bost hamarkadako historia jasotzen duen erakusketa. Ibilbidean egongo da ikusgai».

Bestetik, ahalegina egin dute herritar guztiek Kilometroak jaia bere senti dezaten. Lazkao Anitza izeneko taldearekin aritu dira elkarlanean, etorkinen integrazioa sustatzeko lana egiten duen talde batekin. Saiatu dira guraso atzerritarrei jai horren zergatia esplikatzen, azalpenak ematen, eta mezu argi bat helarazi nahi izan diete: «Euskara izan dadila guztien topaleku. Bi hitz baldin badakizkite euskaraz, haiek erabili eta hirugarrena erakusteko prest egongo gara».

Izan ere, ikastetxe bakarra dago Lazkaon: ikastola. «Lazkaotar denak hona etortzen dira. Errealitate oso ezberdinak daude herrian: familia erabat euskaldunetakoak, eta beste kultura batetik etorritakoak ere bai. Komunitate baten parte garela helarazi nahi izan diegu denei. Eta zerbait lortu dugu: atzerritik etorritako hainbat familiatako kideak ere lantaldeetan izena emanda daude eguna aurrera ateratzeko».

Urte osoko lana borobilduko dute horrenbestez bihar, elkarlanean. Hamaika ikuskizun prestatu dituzte, guztien gustuak asetzeko adinakoak. Mugarria izan zen Kilometroak hari beste mugarri bat jarri nahi diote bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA