Tximino baztanga zuen 61 urteko gizonezko bat, paziente onkologikoa, astearte iluntzean hil zen Donostia ospitalean. Ospitalean infekzio hori zuen beste gizon baten gela berean zegoen pazientea. Orduan ez zekiten ondoko pazienteak tximino baztanga zuenik. 61 urteko gizona Euskal Herrian tximino baztangaz hiltzen den lehen pazientea izango litzateke.
Heriotzaren berri hedabideetan zabaldu eta gutxira, Miguel Angel Goenaga Donostia Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen zerbitzuburuak eta Sara Arevalo ospitaleko zuzendari medikuak azalpenak eman dituzte kazetarien aurrean. Goenagak lasaitasun mezua zabaldu du, eta gogorarazi du tximino baztangaren inguruko hilgarritasun tasa «oso baxua» dela —%5etik beherakoa—. Erantsi duenez, beste leku batzuetan gaitz horrek jota gaixoak hil badira ere, «beti izan dira defentsa oso baxuak zituzten pazienteak».
Osakidetzak, hortaz, baietsi du hildako gizona tximino baztangaz kutsatuta zegoela, baina ezin dute zehaztu gaitz horren eraginez hil den. «Paziente immunodeprimitu batek hartzen duen edozein infekziok okertu dezake bere egoera», adierazi du Goenagak. «Litekeena da pazienteak aurretik zuen bakterio infekzio baten eraginez hil izana», zehaztu du.
Hildakoaren gelakidea —gaitza kutsatu ziona— eztarriko gaitz bat dela medio ospitaleratu zuten. Nabarmendu dute, baina, ez zuela tximino baztangak azalean sortzen dituen ohiko zauririk. Ospitalean egon zen bitartean, proba diagnostiko ugari egin zizkioten, eta tximino baztangaren proban positibo eman zuen. Hori jakin eta gero, gaixoa bakartzeko neurriak hartu zituzten, eta, pazientearen osasun egoera larria ez zenez, sendagiria eman zioten. Tximino baztangaren sintomak arinak direnean «bakartze aldia etxean egin ohi da», gogorarazi du Goenagak.
Kutsatzeari dagokionez, ospitaleko arduradunen esanetan, ez dakite zehatz-mehatz nola gertatu zen, baina, azaldu dutenez, kutsatze horietan kontaktu oso gertukoa behar izaten da, eta, beraz, oso ezohikoa da ospitaleetan horrelakoak gertatzea.
Osakidetzak pazienteekin harreman zuzena izandako 30 bat pertsona aurkitu ditu, eta batzuek dagoeneko jaso dute txertoa. Hildako gizonak ere txertoa jaso zuela jakinarazi dute. Beste kontaktu batzuk, ordea, ez dituzte txertatu, eta jarraipena egiten ari zaie. Tximino baztangaren 35 kasu antzeman dituzte aurten.
EH Bildu, argibide eske legebiltzarrean
EH Bilduk ez du nahikotzat jo Osakidetzak emandako argibideak, eta koalizioaren talde parlamentarioak azalpenak idatziz emateko eskatu dio Alberto Martinez Osasun sailburuari. Pazienteei buruzko informazioaz gain, halako kasuetarako Osakidetzak duen protokoloari buruzko galderak ere egin dizkiote sailburuari.
Tximino baztangaren birusak sukarra, larruazaleko lesioak eta gongoil handituak eragin ditzake. Infekzioa larriagoa izan daiteke osasun baldintza jakin batzuk dituztenentzat, bereziki immunitate sistema erasana dutenentzat.