Asteazkenetik aurrera, irekita egongo da Donostiako Lugaritz eta Morlans auzoak lotzen dituen tunela. Orain arte, bizikletaz soilik igaro zitekeen korridore hori, baina hori aldatzeko lanak amaitu dituzte jada, eta oinezkoak ere igaro ahalko dira bertatik bihartik aurrera. Bost hilabetez egon da itxita.
Duela hamazazpi urte ireki zuten tunel hori, eta, Juantxo Marrero Donostiako Proiektu eta Obretako zinegotziaren arabera, egin berri den obrak «ireki zenetik izan den eskaera historikoari» erantzun dio. Ohar batean, azaldu dute pasabidearen ezaugarriak direla-eta bere garaian erabilera mugatu behar izan zutela, eta txirrindulariek baino ezin zutela erabili. Izan ere, pasabidea estua da, eta bidearen segurtasun arazoengatik eta drainatze sistema egoki bat mantentzeko beharrengatik ez zuten oinezkoentzat ireki. Dena den, istripurik egon ez denez eta hormigoizko ertzak tunelaren hormaraino zabaldu ahal izan direnez, modua egon da lan horiek egiteko drainatze funtzioa arriskuan jarri gabe, eta, hala, orain oinezkoak ere igaro ahal izango dira bertatik.
Tunela, guztira, 1,4 kilometro luze eta 4,20 metroko zabal da. 2,2 metroko bidegorria mantenduko da, eta metro bateko zabalerako bi espaloi izango dira alboetan. Donostiako Udalak dio seinaleek «argi eta garbi» irudikatzen dutela erabiltzaile bakoitzarentzako eremuak zeintzuk diren. Erantsi du 35 kamera jarri dituztela tunelean, eta 20 bozgorailu, eta Udaltzaingoak kontrolatuko dituela.