Bihar irekiko dute Morlansko tunela, oinezkoentzako ere atonduta

Orain arte soilik bizikletaz igaro zitekeen Donostiako Lugaritz eta Morlans auzoak lotzen dituen korridoretik, baina amaitu dituzte korridorea oinezkoentzat ere egokitzeko lanak. 35 kamera jarri dituzte tunelean, eta 20 bozgorailu.

Morlansko tunela obraren aurretik, iazko abuztuan. GORKA RUBIO / FOKU
Morlansko tunela obraren aurretik, iazko abuztuan. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 15a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenetik aurrera, irekita egongo da Donostiako Lugaritz eta Morlans auzoak lotzen dituen tunela. Orain arte, bizikletaz soilik igaro zitekeen korridore hori, baina hori aldatzeko lanak amaitu dituzte jada, eta oinezkoak ere igaro ahalko dira bertatik bihartik aurrera. Bost hilabetez egon da itxita.

Duela hamazazpi urte ireki zen tunel hori, eta Juantxo Marrero Donostiako Proiektu eta Obretako zinegotziaren arabera, egin berri den obrak, «ireki zenetik izan den eskaera historikoari» erantzun dio. «Bere garaian, pasabidearen estutasunak, bidearen segurtasun arazoek eta drainatze sistema egoki bat mantentzeko beharrak txirrindulariei erabilera mugatzera behartu zuten. Hala ere, istripurik egon ez izanak eta hormigoizko ertzak tunelaren hormaraino zabaldu ahal izanak lan hauek ahalbidetu dituzte, drainatze funtzioa arriskuan jarri gabe», adierazi du ohar batean.

Horrela, tunelak 1,4 kilometroko luzera eta 4,20 metroko zabalera izango du guztira. 2,2 metroko bidegorria mantenduko da, eta metro bateko zabalerako bi espaloi izango dira alboetan. Donostiako Udalak dio seinaleek «argi eta garbi» irudikatzen dutela erabiltzaile bakoitzarentzako espazioak zeintzuk diren. Erantsi du 35 kamera jarri dituztela tunelean, eta 20 bozgorailu, Udaltzaingoak kontrolatuko dituenak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA