EH Bilduk eskatu du Pasaiako portuaren eskumena Euskal Herrira ekartzeko

Egungo kudeaketa ereduak «badia osoaren garapena oztopatzen» duela salatu du. Gezurtatu egin du interes orokorreko izendapena kentzeak trafikoa galtzea ekarriko lukeela.

Aizpea Otaegi hautagaia EH Bilduko beste ordezkariekin, gaur, Pasaian. EH BILDU
Aizpea Otaegi hautagaia EH Bilduko beste ordezkariekin, gaur, Pasaian. EH BILDU
aitor biain
2026ko azaroaren 26a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasaiako portuaren titulartasunak tirabira bat baino gehiago sortu ditu legealdi honetan Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Gernikako Estatutuan jasota dago Jaurlaritzarena dela haren eskumena, baina Madrilek ezinezkotzat jo du transferentzia, argudiatuta azpiegiturak interes orokorreko izaera duela. Bada, portuari izendapen hori kentzeko eta hura kudeatzeko eskumena euskal erakundeei emateko eskatu du EH Bilduk gaur.

Izan ere, Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagai Aizpea Otaegik salatu du egungo kudeaketa ereduak erabakiak «blokeatzen» dituela, eta horrek «badia osoaren garapena oztopatzen» duela. «Efizientzia eta eredu kontu bat da hau», azaldu du badiako hainbat herritako alkateekin batera egindako agerraldian. Bertan izan dira Teo Alberro eta Mikel Arruti, Pasaiako eta Lezoko alkateak, baita Gipuzkoako ahaldungai nagusi Maddalen Iriarte ere.

Otaegik adierazi du portuaren jardunari eta etorkizunari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla, «azken urteotako egiturazko geldialditik ateratzeko». Gezurtatu egin du interes orokorreko izendapena kentzeak trafikoa galtzea ekarriko lukeela; izan ere, gogora ekarri du aurrekariak badaudela Espainian, eta azpimarratu du kalte baino on egin diela.

«Hurbiltasunak kudeaketa hobetuko du», azaldu du. Eta berretsi du EH Bilduk proposamen bat duela badiarentzat, zeinak defendatzen duen bertako udalak portuaren erabakiguneetan egotea, eta portua autoen eta produktu siderurgikoen garraioan espezializatzea. «EH Bilduk ez du onartuko Pasaia beste hamarkada batez geldialdian egotea, Madrilen zain», ohartarazi du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA