EH Bilduk salatu du La Cumbreren lagapena ez dela gauzatu lau urteren ostean, Donostiako Udalaren «borondaterik ezagatik»

Koalizio subiranistak dio lagapena ez dela gertatu EAJ «ez dagoelako prest» EH Bilduk 2022an bultzatu zuen akordio bat onartzeko. Donostiako Udalaren proposamena hizpide hartuta, esan dute ez duela «sinesgarritasunik».

La Cumbre jauregia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
La Cumbre jauregia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko urriaren 13a
14:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

2022ko urrian argitaratu zuten Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea, eta lege horretan, besteak beste, irakur daiteke Donostiako La Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagatzeko hitzarmen bat sustatuko zela «legea indarrean sartu eta urtebeteko epean». GALen lehen biktimak, hau da, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko baliatu zuten  La Cumbre eraikina, hain zuzen. Oraindik, baina, eskualdatzerik ez da izan, eta EH Bilduk gogora ekarri du berriki. Horren harira, koalizio subiranistak salatu du Donostiako alkate Jon Insaustiren gobernuak «borondaterik» ez duela, eta adierazi du lehenik Donostiako alkate ohi Eneko Goia eta orain Insausti lagapenaren tramitazioa «oztopatzen» aritu direla 2022tik hona. EH Bilduren arabera, lau urteren ostean lagapena ez da gertatu «EAJ ez dagoelako prest hiriarentzat ona den eta EH Bilduk 2022an bultzatu zuen akordio bat onartzeko».

Jauregiaren inguruan atzo argitaratu zen proposamenari buruz ere hitz egin du EH Bilduk; izan ere, El Diario Vasco egunkariak atzo aurreratu zuen Insaustik proposamen bat egingo duela La Cumbre «motibazio politikoko indarkeriari buruzko artxibo, ikerketa eta dibulgazio zentro» bihurtzeko. EH Bilduk dio alkatearen proposamenak ez duela «sinesgarritasunik», eta salatu du «larria» dela alkateak «esku artean» darabilen eta komunikabideen bidez «saltzen» duen «ustezko proposamena» elkarte memorialistei helarazi ez izana. Horrez gain, udal gobernuaren «opakutasuna» salatu dute: «Espainiako Gobernuak helarazitako eskaerak ezkutatu dituzte, eta, beraz, bere funtzioak alde batera utzi». 

Irailaren amaieran, La Cumbre eskualdatzeko prozesuaren «blokeo» instituzionala salatu zuten eragile memorialistek, eta Donostiako Udalari eta Espainiako Gobernuari «gardentasuna» eta «bizkortasuna» exijitu. Ostegunean, berriz, Donostiako EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek La Cumbreren lagapenari buruzko interpelazio bat aurkeztu zion alkateari. EH Bilduk beharrezkotzat jo du eraikina berreskuratzea, «La Cumbrek memoria historikoa berreskuratzen lagundu dezan eta estatu indarkeriaren biktimak oroitu daitezen». 

Insaustiren erantzuna

Donostiako alkateak prentsaurreko bat egin du gaur goizean, eta La Cumbre eraikinaren inguruan galdetu diote. Insaustik esan du jauregiak etorkizun «esperantzazkoa, zoragarria eta ilusionagarria» duela, eta Donostiako Udala azken hilabeteetan lanean aritu dela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gogora institutuarekin «proiektu konkretu bat» mamitzeko. Insaustik esan du lagapenean lanean ari direla, eta, nabarmendu denez, adituek diote La Cumbrerako proposatzen dutena «aitzindaria» dela.

EH Bilduren kritiken harira, alkateak esan du ez duela ulertzen zergatik «lokazten» den «edozein» lan proposamen. «Proiektuaren edo proposamenaren berri izan gabe, ezezkoarekin hasi dira», adierazi du. Horrez gain, Insaustik aipatu du oraingoz mahai gainean jarriko den proposamen bakarra udal gobernuarena dela, haren arabera gainerako alderdi politikoek ez baitiete proposamenik aurkeztu La Cumbre eraikinaren inguruan. «Proposamen adostu bat landuko dugu, baina nik uste dut udalaren proposamena zehatza, profesionala eta biktima guztiak barne hartzeko asmoz egina dela», adierazi du alkateak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA